Musika

Deserritik egindako itzulerei keinu eginez bueltatu da Natxo de Felipe oholtzara

Zenbait isiltasun urteren ostean, musikariak bere unibertso artistikoaren mapa zabaldu du berriz ere, Kuarteto Philiperenarekin batera, Arantzazuko basilikan egindako kontzertuan. 2014an Oskorri amaitu zenetik eman duen lehen kontzertua izan da.

Natxo de Felipe musikaria, Arantzazu basilikan emandako kontzertuan, alboan Xabier de Felipe semea duela. JON URBE / FOKU
Natxo de Felipe musikaria, Arantzazu basilikan emandako kontzertuan, alboan Xabier de Felipe semea duela. JON URBE / FOKU
Inigo Astiz
Oñati
2026ko abuztuaren 21a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Abisu bat eman nahi dugu». Lehen agurra egin zuenetik ordubete inguru pasatua zelarik, haren ahotsean entzunda, ez sinistekoa dirudien ohar bat egin zuen Natxo de Felipe musikariak, Kuarteto Philiperenarekin batera atzo Arantzazuko basilikan (Oñati, Gipuzkoa) emandako kontzertuan. «Amaitutakoan, mesedez, ez beste bat eskatu: gure errepertorioa mugatua da». Ia bost hamarkadaren ondoren, 35 disko kaleratuta, milaka kontzertu eginda, eta euskal musikari ehunka abestiko kantutegia utzita, 2014ko azaroaren 22an eman zuen bere ibilbidea amaitutzat Oskorri taldeak, Bilboko Arriaga antzokian, eta, ordutik, beste musikariren batekin egindako kolaborazioren bat edo beste kenduta, zuzeneko kontzerturik eman gabea zen De Felipe. Donostiako Musika Hamabostaldiaren antolatzaileek emanaldi bat egiteko xaxatu zuten iaz, ordea, eta Elkar diskoetxearekin kaleratu berri duen Abandonatuak diskoa izan da musikariaren erantzuna. Eta, hain zuzen, lan hori osatzen duten hamabost kantu horiek jo zituzten atzo, bata bestearen ondoren, diskoko ordena berean, eta bisean lehen kantuaren hasiera bakarrik errepikatuta. De Feliperen itsaso musikalaren azken olatuak baino ez, alegia. Horregatik musikariaren kontzertu amaiera aldeko abisua, eta horregatik barretxoak aretoa leporaino betetzen zuen publikoaren artean, errepertorio mugatuari buruzko aipamena entzundakoan.

«Ja sòc aquí» (Hemen naiz jada). De Felipek publikoa agurtzeko esandako lehen-lehen hitzetik izan zuen presente azken urteetako isiltasuna, eta horregatik hartu zuen ahotan frankismoko erbestealdiaren ostean sorterrira itzulitakoan Josep Tarradellas Kataluniako Generalitateko presidente izandakoaren esaldi ezaguna, bai eta, gero, Fray Luis de Leonek bost urteko kartzelaldia igaro ostean Salamancako Unibertsitatera eskola ematera itzulitakoan ahoskatutako lehen esaldi sonatua ere: «Atzo esaten genuen bezala...».

Lehen abestiko lehen akordea jotzerako, ordea, beste isiltasun bat ere izan zuen gogoan musikariak. Kontzertua bere emazte Bego Prieto otsailean hilari eskaini nahi izan baitzion De Felipek. «Hemen egon ginen Begorekin duela urtebete, baina Bego jada ez dago, eta honelako inguruetan beti egokitzat jotzen da ‘Goian bego’ esatea, baina guretzako gehiago sentitzen dugu ‘gugan Bego’, eta, zuentzako guztientzako, baina bereziki maitea, laztana, zuretzako kontzertu hau, aita-semeek prestatua».

Izan ere, Xabier de Felipe semearekin batera osatutako hari laukote batek lagunduta osatu du diskoa De Felipek, eta atzo ere laukote hori izan zuen ondoan: Xabier de Felipe eta Prezemyslar Pujan biolinarekin, Karmele Castillo biolontxeloarekin, eta Esther Alba biolarekin. Eta De Felipek hasieratik adierazi zuen musikari horiei protagonismoa emateko asmoa. Tarteka, pieza instrumentaletan, oholtzatik apartatu ere egin zen horregatik, laukotea bakarrik utzita.

(ID_16374732) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-08-20, Oñati. Natxo De Felipe, musikaria, ABANDONATUAK izeneko proiektua jarri du martxan, Ara...
Arantzazuko basilikako kontzertuko irudi bat. JON URBE / FOKU

Oskorrirentzat sortu baina azkenean arrazoi bategatik edo besteagatik diskoetatik kanpo geratu ziren kantuak dira De Feliperen azken lanaren zutabe nagusia. Eta haietako bakoitzaren jatorri zehatza eta kanta guztien hitzak jasotzen dituen liburuxka bana jaso zuten atzoko kontzertura joandakoek. Esate baterako, 2003an, Desertore diskorako maketan geratu zen Gu bagoaz herriz herri abestia, oraingo diskoa eta kontzertua zabaltzeko aukeratutakoa; Kiskil kaskail kantu jolastia, berriz, In fraganti diskorako (1986) bidean sortutako maketan egon da orain arte, lozorroan; eta Datorrena datorrela diskorako bideko maketan galduta egon da Nausikaa pieza dotorea orain arte. Prezemyslar Pujanek biolin jotzaileak egin ditu abesti horien guztien laukoterako moldaketak.

Kanta berri bat

Baina, erreskate horietaz gainera, Oskorrirekin kaleratutako kanta batzuen bertsio instrumentalak, Paco Ibañezen Palabras para Julia abestiaren euskarazko bertsio bat eta Pablo Sorozabal musikagilearen Debako martxa konposizioaren bertsio bat ere sortu ditu De Felipek, eta, are, kanta berri bat ere ondu du hala diskorako nola atzoko kontzerturako. Arriagaren kanpaiak da kantu hori, eta hari buruzkoak izan ziren atzoko kontzertuko azalpenik luzeenak ere.

Musikariak atzo kontatu zuenez, Bilboko katedraleko kanpaiek hamabost minututik behin jotzen dute euskal konpositorearen minuet baten doinua, eta, musika ederra dela onartuta ere, eta, are, inoiz euskal kantugintzaren neurrietarako egokia izan daitekeela pentsatu izan duen arren, bera katedral horren pare-parean bizi denez gero, erabat gogaituta dauka musika horrek. «Egunean 269 kanpaikada jotzen dizkidate, eta bizitza osoan, egin dut kalkulua, eta 7.500.245 kanpaia jo behar izan dizkidate. Aski da!». Eta, horregatik, kanpai horiek isiltzeko eskaria egiten jarri du Arriaga bera kantuan. Gogoratu zuenez, gainera, Oskorri taldekoek ere kanpandorretik gertu egin izan dituzte beti entsegu eta grabazioak, eta maiz eten behar izaten zituzten saioak, kanpaiengatik. «Ordu laurdenero moztu behar izan dugu grabazioa aldiro!».

Egunotan 90 urte bete dituela-eta Federico Garcia Lorca poetaren fusilatzea gogoratzearekin batera, Euskal Herrian Estepan Urkiaga Lauaxeta Gasteizko kanposantuan tiroz hil zutela gogoratu zuen musikariak, haren maitasun poema batean oinarritutako Itauna abestiaren aurkezpenean. Pablo Sorozabal konpositorearen ekarpena laudatu zuen haren martxaren bertsioaren aurretik —«Erdi ahaztuta eta erdi mespretxatuta egon da»–. Arnaut Oihenartek euskal letrei egindako ekarpena goratu zuen Aspaldian nabila kanta eman aurrean —«Bera izan zen apaiz izan ez zen gure lehen idazlea»—, eta 1791. urtetik 1855era bizi izan zen Salvat Landerretxe idazle eta apaizaren Nahi nuke kantatu bertsoen jatorrizko musika nola berreskuratu zuten gogoratu zuen gero: «Bellocheko monasteriora joan ginen emaztea eta biok, fotokopiagailu batekin, eta hango apaizak ematen zizkigun paperen artean topatu genuen kantu honen aire originala».

Eta, halaxe, azalpenik azalpen eta erreferentziaz erreferentzia, zeharka bada ere, bere mapa artistiko, poetiko eta musikalaren luze-zabalen berri eman zuen De Felipek atzo.

Euskal kulturgileen sarea

Bapo Bapo ekoizpen etxeak eta Elkar etxeak aste honetan hedabideei bidalitako oharrei kasu egitera, atzokoa kolaborazioz betetako kontzertua izango zela uler zitekeen. Baina ez zen hala izan, eta taldea baino ez zen egon oholtzan.

Kontzertuko irudi bat. JON URBE / FOKU
Kontzertuko irudi bat. JON URBE / FOKU

Izan ere, emanaldian artista zerrenda esanguratsua izango zela iragartzen zuten hedabideetarako bidalitako ohar horiek. Xabier Amuriza eta Arkaitz Estiballes bertsolariak eta Koldo Izagirre eta Aurelia Arkotxa idazleak aipatzen ziren haien artean, hitzak jarri baitizkiote diskoetako kanta banari, eta, horrez gainera, aipatuak zeuden Oskorriko Antton Latxa, Bixente Martinez, Xabier Zeberio eta Txarli de Pablo, Jean Phocas teknikaria, eta Ruper Ordorika, Maite Larburu, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Idoia Asurmendi eta Amorante muikariak ere. Publiko artean egon ziren artista horiek guztiak, ordea, eta, hori bai, haietako bakoitzaren lana eskertu, eta haietako bakoitzarentzat txaloak eskatu zituen oholtzatik De Felipek; hala, keinu horien bidez, neurri batean, euskal kulturgile sare oso baten aldeko aitortza eta omenaldi moduko bat ere izan zen atzoko kontzertua.

De Feliperen ibilbidea eta azken urteetako isiltasuna kontuan hartuta, jakin-min handia piztua zuen kontzertuak, eta berehala saldu ziren sarrera guztiak. Atzo ere, ateak ireki baino ordubete lehenago ilarak egon ziren eliza atarian, eta goraino bete zen aretoa. Berez, atzoko kontzertu hori bakarrik ematekoak ziren musikariak, baina De Felipek berak egunotan onartu duenez, izandako harrera horrek beste saio bat ere egitera animatu ditu. Bilboko Arriaga antzokian izango da hori, urriaren 4an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA