Joan den abenduaren 23an, Jon Hernandez Sumar alderdiko Eusko Legebiltzarreko kideak Eusko Jaurlaritzari idatziz galdegin zion ea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako museoetan badauden kolonialismoari loturiko obrak eta ba ote den horri buruzko lanketarik martxan emateko asmorik. Aurtengo urtarrilean ezezkoa erantzun zion Kultura sailburu eta lehendakariorde Ibone Bengoetxeak. «Euskal museoetako funtsek ez dute kolonizazioari lotutako elementu esanguratsurik, ezta irakurketa kolonial nabarmenik ere, edo behintzat horiek ez dira esanguratsuak». Baina adituak ez dira halako baieztapen borobilik egitera ausartzen. Haien hitzetan, Euskal Herrian ere, behin xerkatuz gero, gauza anitz lot daitezkeelako kolonialismoari, eta euskal museoetan ere badirelako obra kolonialak.
Ikusi gehiago
Espainian piztu da debatea, eta, neurri batean, hari oihartzun eginez heldu zen Hernandezen galdera Eusko Legebiltzarrera. Espainiako Kultura Ministerioak «deskolonizazio» prozesu bat abiatu du Madrilgo bi museotan: Espainiako Antropologia Museo Nazionalean eta Amerikako Museoan. Bi museoen diskurtsoetan «eurozentrismotik haratago» doan ikuspegia txertatu nahi du Madrilek, eta, hori lortzeko, hainbat lan batzorde ere sortu ditu. Azaldu dute «herri indigenak» ere kontuan hartuko dituztela. Konkretuki, 9,2 milioi euroko aitzinkontua dute Amerikako Museoko gelak berrantolatzeko, eta 4,4 miloi euro Antropologia museoan prozesu bera egiteko. 2028rako finitu nahi dituzte lanak. Baina Espainian ez ezik, Europa osoko museoetan ere igar daiteke antzeko proiekturik.
Frantzian ere gai horixe izan dute mahai gainean hilabeteotan. 1815 eta 1972 bitarte espoliaturiko obren itzulera errazteko legea onartu zuten joan den maiatzean, eta aldaketa dakar horrek. Orain arte herrialde batek obrak galdegiten zituelarik, hura eremu publikotik ateratzeko lege bat egin behar zen, jabari publikoa besterenzina baita Frantzian. Oraingoan, berriz, ondasun kultural espoliatuen esparru legeak salbuespen orokor bat plantan ematen du obrak itzultzeko tenorean, obra bakoitzarendako lege bat sortu ordez. Eta, hortaz, itzulketa prozesua erraztea da helburua.
9,2 milioi euroko aitzinkontua dute Amerikako Museoko gelak berrantolatzeko, eta 4,4 miloi euro Antropologia museoan prozesu bera egiteko
Data hautaketa ez da debaldekoa. Frantziako bigarren inperio kolonialaren hastapenetan mugarria izan zen 1815. urtea, eta 1972. urtean, berriz, Unescok ondasun kulturalen joan-etorria arautu zuen. Eta data horiek hautatzeak berak sortu du debatea, legeak 1815. urtea baino lehen espoliaturiko obrak ez baititu kontuan hartzen. Bertzalde, legean ez da nehondik ere kolonizazio hitza jartzen, eta horrek menderatze sistema jakin baten onarpena leun dezake. Legea berriki onartua izan denez, denbora beharko du bere bidea egiteko, baina konkretuki kontseilu zientifiko misto bat eratuko lukete obra espoliatuaren jatorria ikertzeko, eta, Kultura Ministerioak oniritzia eman ondotik, Estatu Kontseiluak dekretu bidez erabakiko luke ondasun kulturalaren lekualdatzea haren jatorrizko herrialdera.
Begi onez ikusi du legea Hegoa Ibazeta kultura arloko zuzenbideko adituak. Iritzi dio eremu publikoaren desjabetzearekin gauza «asko» posible direla. Nabarmendu du obra espoliatuak jatorrizko herrialdeetara igortzeko «borondate politikoa» eskas dela anitzetan. Herrialde bakoitzak onartutako legeetan ere antzematen da hori, dioenez.
Artelanak itzultzeko legedia Europako Batasunak eta nazioarteko araudietatik dator nagusiki. Unescoren 1970eko lege batek legez kontrako inportazioak eta esportazioak kontrolatzen ditu, eta Unidroiteren 1995eko lege batek aratua du lapurturiko ondare kulturalaren itzultzea. Ibazetaren arabera, Espainiak legea berretsi zuen, baina Frantziak ez zuen hala egin.
«1893an Maria Kristina erreginari egindako oparia dela argudiatzen dute, eta horrek erakusten du legediaren muga. Espainiako Kultura Ondare Historikoaren Legeak esportazioak ongi bideratzeko markoa zehazten du, baina ez da inondik ere obren itzultzea aipatzen»
HEGOA IBAZETA Kultura arloko zuzenbideko aditua
Orain arteko kolonizazioari loturiko obra gehienak estatuen arteko kooperazioari esker entregatu dira. Adibide franko zerrendatu ditu Ibazetak. Bat, erraterako: «Bartzelonako museo etnologikoan zeuden Ekuatore Gineako zazpi garezur itzuli zituzten 1982an, eta erabaki diplomatikoa izan zen». Edota beste bat: «2000n, Botswanako Errepublikari Molawa VIII estatua entregatu zion Banyolesko Darder museoak Unesco eta Afrikako Batasunerako Erakundeak tratu bat egin ondotik». Baina badira erantzunik gabe gelditu diren eskaerak. 2024tik Kolonbiak Madrilgo Amerikako Museoan dagoen Quimbaya altxorra eskatzen du, eta, nahiz eta behin eta berriz galdegin, Madrilen dago obra oraindik. «1893an Maria Kristina erreginari egindako oparia dela argudiatzen dute, eta horrek erakusten du legediaren muga. Espainiako Kultura Ondare Historikoaren Legeak esportazioak ongi bideratzeko markoa zehazten du, baina ez da inondik ere obren itzultzea aipatzen».
Eta Euskal Herrian zer?
Euskal Herria ez da kolonizazio prozesuetarik kanpo izan, Haizea Barcenilla ikerlari eta museologia adituaren ustez. Zehaztu duenez, gai «konplexua eta orotariko ertzetakoa» da, baina bi atal handi bereizi ditu. Haren ustez, deskolonizazioaz mintzatzean, kontuan hartu behar lirateke arpilatutako edo testuinguru kolonial batean erosiriko obrak, eta azpimarratu du, pieza horien itzultzearen auziaz gain, museoek duten diskurtsoa ere egokitu behar dela.
Nahiz eta Euskal Herriko museoetan ez dagoen kolonizazioari lotu obra «nagusirik», zehatz begiratu orduko gauza «asko» topa daitezkeela kontatu du. «Zer jotzen dugu obra kolonialtzat? Niretzat, Katalina Erausoren erretratua obra kolonial bat da. Espainiako Koroarekin amerindiarrak sarraskitzen ibili zen».

Hariak ikerketa taldearekin gaia lantzen ari da Barcenilla. Hemendik urte batzuetara deskolonizazioaz erakusketa egin nahi lukete, eta Euskal Herriko ondarea aztertzen hasi dira horregatik. «Azpeitiko Soreasu elizako kapera batean, Atahualpa enperadorearen urrea lapurtzeko egin zioten tranparen eszena irudikatzen da. Azpeitiar batek parte hartu zuen horretan, eta diru horrekin eraiki zuen kapera, eta egin zuen sarraski hori irudikatzen du obrak. Hori ez ote da obra kolonial bat?».
«Zer jotzen dugu obra kolonialtzat? Niretzat, Katalina Erausoren erretratua obra kolonial bat da. Espainiako Koroarekin amerindiarrak sarraskitzen ibili zen»
HAIZEA BARCENILLA Ikerlaria
Eta ez da ikuspegi hori darabilen bakarra. Barcenillak erran duenez, haren lankide Sergio Escribanok ere balearen arrantzarekin gertatutakoa aztertzen du, eta prozesu kolonialtzat jo du, bertako populazioaren baliabideen ustiaketa bat izan zelako. Horren karietara, azpimarratu du objektu «pila bat» Euskal Herrira ekarriak izan zirela. «Balearen arrantzari dagokionez, badirudi Ternuan ez zela inor bizi, eta badago horrelako diskurtso bat, zeinak justifikatzen duen zientziaren eta deskubrimenduaren izenean egin zirela bidaia horiek».
Diskurtsoaren aldetik «asko» dago egiteko, Barcenillaren ustez, eta, Euskal Herriari dagokionez, aipatu du San Telmo museoan eta itsas museoetan dauden objektu asko balearen arrantzaren testuinguruan ekarriak izan direla. «Objektu asko berriz interpretatu behar lirateke Euskal Herrian. Eta museo anitzek lanketa hori ez dute egin».
Errate baterako, Museotik webgunean fitexko aurki daitezke testuinguru kolonial bati lotu obrak. Barcenillak lehen adibide gisa Bilboko Euskal Museoan dagoen artelan bat aipatu du: Bartolome Maura Montanerren 1892ko Amerika aurkitu izanaren laugarren mendeurrena domina. Eta badira gehiago: Donostiako San Telmo museoko Francisco Perezen Francisco Balmis jaunaren espedizioa Amerikara obra. «Objektu horiei dagokienez, zientziaren eta espedizioaren argudioa erabiltzen dute berriro, eta ez dute berriz aztertzen artelan horiek erakusteko manera».

Eta nola ari dira museoak gaia lantzen? BERRIA hainbat erakunderekin jarri da harremanetan hori jakin nahian —tartean baita Barcenillak espresuki aipatutako San Telmo museoarekin ere—, baina edo ez du erantzunik ukan, edo gaia zein zen jakitean uko egin diote erantzuteari. Bonnat Helleu museoko zuzendaria izan da salbuespena, elkarrizketa proposamena onartuta.
Galdera etiko bat pausatu du Barcenillak debatearen hondoan. «Zergatik erabaki behar dugu europarrok, mendebaldekook, objektu batek zer bizitza izan behar duen? Egiptoko momiak berez ezin dira beren hilobietatik atera, eta zergatik ez genituzke berriz hantxe lurperatu beharko? Zergatik erabaki behar dugu guk erakusleiho batean eman behar ditugula?».
Museo «post-etnografikoa»
Clementine Deliss arte kontserbatzaileak esperientzia luzea du dekolonialismoari buruzko debatean. Frankfurteko Weltkulturen museoko zuzendari izanikoa da, eta, hain zuzen ere, bertako bildumarekin izan esperientzia teorizatu zuen Metabolic museum (Museo Metabolikoa) liburuan. Pentsalari eta artista garaikideen parte hartzearen bidez, erakundea «organismo bizi» bilakatzea izan zen Delissen helburua. Etnografikoki eztabaidagai diren bildumak berrinterpretatzeko parada zabaltzen zuen horrek, bai eta obra horiei buruzko esanahi berriak sortzeko ere. Eta jarrera hori defendatu du Delissek orain ere, BERRIAri telefono bidez onartutako solasaldian. Haren hitzetan, bai, azaleratu egin behar delako Europako museoen historiaren alde «beltza» eta, bai, itzuli egin behar direlako obrak, baina, haren ustez, bien bitartean, badago lanerako beste biderik ere. «Obren itzuleraren aldeko eta kontrako argumentuak hor daude, baina uste dut Europako erreserbetan dauzkagun bildumekin lan egiteko manera aldatu behar dela».
Haren hitzetan, ordea, bestelakoa da museo frankoren jarrera. Beren iragan koloniala garbitu, eta beren marka apaindu besterik ez baitute egiten. Museoetan aldaketa sakonak egin behar direla iritzi dio. Ez du ukatzen erakustoki bat izan behar direnik, baina uste du museoa esperimentazio artistikoa, poetikoa eta intelektuala egiteko lekua ere izan behar lukeela. Hori egiten saiatu zen Weltkulturen. «Frankfurten museoak eta laborategiak espazio bera dute, eta biak dedikatuak dira ikerketari eta kontserbazioari, bildumaren alde organikoa aitzinean emateko ahalegina eginez».
«Obren itzuleraren aldeko eta kontrako argumentuak hor daude, baina uste dut Europako erreserbetan dauzkagun bildumekin lan egiteko manera aldatu behar dela»
CLEMENTINE DELISS Kontserbatzailea
Europako museoek erakusteko eta kontserbatzeko dituzten manerak auzitan ematen ditu Delissek, eta egungo erakustokiak kritikatzen. «Egungo museoak higienistak dira. Beren iragan kutsatua garbitzen eta desinfektatzen dute. Batez ere, esklabotzari, kolonialismoari eta Holokaustoari loturiko oroitzapenak erakutsi nahi dituzte beren jatorri legitimoa ez delarik frogatzen ahal».
Museoa «elkargune» moduan ikusten du berak. Adibide zehatzak aipatu ditu, gainera. Frankfurten egindakoak. 2013an, Perks and Mini diseinu egileei harrera egin zien beren sorkuntzaren eta Papua Ginea Berriko oihal batzuen arteko erakusketa «hibrido» bat egiteko. Bildumen hurbilpen «organikoa» deitzen dio horri, eta erreserbetan zeuden obrak berriz interpretatzen ditu artista batzuekin batera. Gainera, sorturiko obra horiek erakustokian integratu ohi ditu, neurri batean merkatuko arte obren logikari «bizkar eginez».
Deskolonizazioaren debatea Europa osoko museoetara iritsi da, eta Euskal Herrian ere oihartzuna du gaiak.
«Ezin da baieztatu Euskal Herrian ez dela obra kolonialik, ez baita ikerketa sakonik egin»

Deskolonizazioaren gaia ikertu ez ezik, menperatu ere egiten du Barthelemy Etxegoien Glamak (Donapaleu, Baxenabarre, 1992). Louvre museoko Europatik kanpoko bilduma arkeologikoak aztertu zituen tesia ontzeko, eta bortxaz, objektuen jatorria ikertzean «menderatze inperialaren» testuingurua agertu zitzaion begien aitzinera. Hurbiletik segitu du ondasun kultural espoliatuen legeak ekarri duen eztabaida Frantzian. Gaia «biziki konplexua bezain interesgarria» zaio, eta horregatik ñabardurak ekarriz mintzatu behar dela iritzi dio.
Louvre museoa izan zen zure ikerketagaia. Kolonizaziorik gabe nekez beteko zen erakustokia, ezta?
Europako museoak jarduera inperialari esker bete ziren. Testuinguru inperiala erraten dut, kolonizazioari bakarrik ez behatzeko. Horrez gain, menderatze mekanismo informalak ere plantan eman baitziren. Menderatze mekanismoek eragin zuzena ukan dute Antzinateko galeriaren osaketan, 1840an Frantziako kontsulak indusketa batzuk gauzatu zituelako Mosulen. Mekanismo horien bitartez, objektu garrantzitsu ugari ekarri zituzten Europara XVIII. eta XIX. mendeetan. Menderatze eta kolonizazio dinamika horiek gabe, Europako museoek zailtasunak izanen zituzten museo entziklopedikoak izateko bide horretan, eta horren aldetik dudarik ez da. Mundu osoko obrak dituen museo batek bertze herrialdeen baimenarekin ala onespenik gabe egin izan ditu lekualdatzeak, eta problematika hori dute Europako museoek.
Halere, objektu franko arpilatu ziren Frantziara eta Espainiara igorriak izan zitezen, ezta?
Frantziari eta Espainiari dagokienez, bai, hala izan da. Iraultza garaiko ondasun konfiskazio gisa egiten ziren bahiketak, eta horrek erran nahi du definizioz zerbait bortxaz hartzen dela bertze nonbait emateko. Iruditzen ahal zaigu legitimoa dela populuari mundu osoko jakintza erakustea, salbu aitzakia bera baliatuko duela Napoleonek ere konkistatu herrialdeetan gauza bera egiteko. Logika inperiala da hori. Louvre, esaterako, arte museo bat zen eta museo entziklopediko bilakatu zen inperioaren zabalpenaren bidez. 1793an, Erromako piezekin osatu zen Louvre, baina berantago, 1870ean, Mexikoko eta Ekialde Hurbileko objektuak agertu ziren. Inperioak interesa zuen Louvren, eta Louvrek interesa zuen inperioan.
Aljeriaren kasua aztertu zenuen?
Kasu horretan afera sinplea da. Egipto eta bertze herrialde batzuekin ere gauza bera egin zen. Aljerian, Adolphe Delamare kapitainaren misioa zera zen, tropa kolonialen segitzea, indusketak egitea, atzeman objektu guziak zerrendatzea eta Frantziara ekartzea.
«Aljerian, Adolphe Delamare kapitainaren misioa zera zen, tropa kolonialen segitzea, indusketak egitea, atzeman objektu guziak zerrendatzea eta Frantziara ekartzea»
Zehatz dakigu objektu horien jatorria, ezta?
Segipen oso-osoa badugu, objektuen migrazioaren traza guziak jaso baitzituen administrazioak. Batzuetan, oso lausoa da objektua nola heldu zen museotako apaletara: Afrikan, Saharaz hegoaldeko eta mendebaldeko herrialdeen kasua da. Adibidez, Benin hiriko espedizioa hartuko bagenu, arpilatzeak gertatu ziren eta objektuak mendebaldeko merkatura arribatu ziren bat-batean. Nola arribatu ziren Paris, New York edo Berlingo merkatu sarera? Ez dakigu. 1864an, Yuanmingyuango tenpluan [Txina] Frantziako eta Britainia Handiko tropek hainbat objektu hartu zituzten, baina objektu horien jatorria lausoa da, ez da dokumentatua.
Objektuen jatorriaren ikerketa giltzarri da ondasunak itzultzeko tenorean. Maiatzean onartu zuten legeaz zer diozu?
Aitzinamendu ederra da, legez besteraezina baita eremu publikoa Frantzian. Lege horrek errekonozitzen du, neurri batean, Frantziako ondarean sartu diren elementu batzuk legez kontra sartu zirela. Orain arte hipokrisia eta isiltasuna izan da nagusi gai horren inguruan. Bortxaz, legeak eraginen du obren inbentario zabal bat, eta, bertzetik, bizkortuko ditu 2017an Uagadugun (Burkina Faso) Emmanuel Macronek hitzeman zituen obren entregak.
Obra batzuen egiazko jatorria ikertzean sorpresak izan daitezke?
Legeak historia egitea inposatuko du. Benedicte Savoy historialariak aipatzen duen nozio zabal bati erreferentzia egin nahi nioke. Translokazio hitza aipatzen du hark. Jatorrizko testuingurutik erauzia den arte obra batek bere arribatze lekuan testuinguru berri bat sortzen duela dio berak. Galde koloniala bete-betean sartzen da horretan, baina bertze gauza anitz ere sartzen dira, eta biziki interesgarria da. Errate baterako, Gernika-ren kasua translokazio kasu bat da. Madrildik errefusatzen da lekualdatzea obra hauskorregia dela argudiaturik. Zientifikoki eztabaidagarria da, eta Gernika-ren inguruan entzuten direnak paradoxikoak dira. Jatorrizko testuinguruan obrak zentzu guzia hartzen du. Beningo brontzeak Beninen ikustean, historia berriz ikusten duzu bertan. Horiek Parisen emanik, bertze erranahi bat hartzen dute. Obren itzuleraren aferan, kontuan hartu behar da europar garen aldetik museoetan ditugun obrei nola begiratzen diegun ere.
Beraz, problematika horiek auzitan jartzen dute museoaren kontzeptua bera.
Museoek errekonozitu behar dute artelanen joan-jinen fruitu direla. Horien erosteko manera edota museora arribatzen diren bildumen jatorria ukatzeak museoak duen alde politiko guzia galdekatzea ukatzea dakar. Problematikoa da. Galde kolonialak interes handia pizten dit, eta obren entregak galde etikoak mahaigaineratzen ditu, baina ,gibelean, museoaren diskurtsoa ukitzen du horrek, bortxaz.
Europan herrialde batzuk Frantzia baino aitzinatuagoak dira diskurtsoaren lanketan.
Herbehereak, adibidez. Amsterdamgo Rijksmuseum museoan garaikako galeriak osatu zituzten. Objektuekin batera, garai bereko Herbehereetako testuinguru inperiala azaldu dute oraingoan. Obra ezin ederragoak badira, eta haien balio artistikoa ezin da ukatu. Baina obra horiek sortu baziren, testuinguru batek ahalbideturik sortu zen. Sistema inperial eta kolonialari esker egin zuten dirua anitzek, eta merkatari burges franko baziren garai hartan. Alde horretatik, ene ustez, ezin dira obra horiek beren sortze testuingurutik aldendu. Eman behar dugun gardentasuna ez da bakarrik hona ekarri zituzten objektu kolonialen kasuan gauzatu behar. Europako obrak ahalbidetu duen testuinguru kolonialaz ere gardenak izan beharko genuke.
Euskal Herria aztertuko bagenu, Ternuatik objektu anitz ekarriak izan ziren. Ikerketa batzuek diote Ternua Euskal Herriko kolonia bat izan dela. Zer diozu?
Menderatua izan denak ez du bortxaz erran nahi ez dela menderatzailea izanen eta alderantziz. Intersekzionalitatearen oinarria da, eta kontuan hartu beharrekoa da. Euskal populuaren historian traza arkeologiko zaharrenek erakusten dute Europako presentzia bat bazela Ternuan, eta euskaldunak horien artean izan ziren nagusiki; eta hala izan da.
«Horien erosteko manera edota museora arribatzen diren bildumen jatorria ukatzeak museoak duen alde politiko guzia galdekatzea ukatzea dakar»
Alta galdera delikatua da Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak erran zuen ez zela obra kolonialik hemengo museoetan, edo behintzat ez direla nabarmenak.
Euskal Herrian ez dugu Parisen edo bertze museo handietako obra kolonial handirik. Interesgarria litzateke, halere, Euskal Herriko museoek gaia bereganatu dezaten; behintzat, iturriak galdekatzeko obra nabarmenik ez izanik ere. Bonnat Helleu museoan, oraingoz dakigunez, ez da Frantziako legearen barnean sartzen den obrarik. Baina gure lurraldeko museoetako piezen jatorriaren inguruko ikerketa sakonik egin ote da obra kolonialik ez dugula errateko? Ba ez. Gai etikoa da, eta obren jatorriaren inguruko ikerketa bat egin beharko litzateke obren inguruan duda dugularik, baina ez delarik ere bai. Ezin da baieztatu Euskal Herrian ez dela obra kolonialik, ez baita ikerketa sakonik egin.
Eta duda bat baldin bada obren jatorriari buruz?
Ikertu behar da. Jatorria argitu, eta, legez kanpo eskuratu bada, gure erantzukizuna hartu beharko dugu, eta manera batez ala bertzez jendeari erran beharko diogu. Eta jatorria ez bada argi, eta ikerketek ez badute deus ematen, jendeari hori erran behar zaio gardentasun osoz. Gainera, konbentzitua naiz legez kanpoko manera batean sarturiko obra bat ez dela erreserbetan gorde behar. Erakutsi behar da, eta esplikatu duda bat badela obrari buruz. Zuzendari gisa gardentasunaren aldekoa naiz.