Donostiako arte eszenikoen azokak oihala altxatu bezperan, bertan izango diren Euskal Herriko konpainiek beren lanak aurkeztu dituzte: zazpi dantza ikuskizun eta sei antzezlan. Legatua hitza du gaitzat dFeriaren 32. aldiak, eta etzitik asteazkenera bitarte ez da emanaldirik faltako Donostiako hainbat oholtzatan —ofizialki larunbatean hasiko bada ere, bihartik aurrera ikusi ahal izango dira lehen lanak—. Hauek dira gaur aurkeztutako hamahiru lanak.
'tupper'
Osa + Mujika. Martxoaren 15ean, 10:00etan, Gazteszenan.
Badago azokara lehen aldiz iritsiko den artistarik: Osa + Mujika. Izatez, egonak dira aurrez dFerian, baina lehenengoz aurkeztuko dute beraiek zuzendutako obra bat aurten: Tupper, zeina beste hiru lanekin batera osatutako emanaldian taularatuko duten. Jaiotz Osaren eta Xabier Mujikaren artean ondutako lana da, eta hiru dantzari izango dira oholtza gainean: Rafke Van Houplines, Paula Parra eta Osa bera. Perfekzioaren inguruan hausnartu dute Tupper emanaldian. «Sinetsarazi digute perfekzioa existitzen dela, eta, gainera, perfektuak izan behar dugula». Osaren hitzak dira; hark azaldu du obran, hain zuzen, ideia hori jartzen dutela auzitan: «Zer gertatzen da uste dugunean albokoa gu baino perfektuagoa dela?». Besteak beste, inbidia eta lehia jorratuko dituzte obran; hamahiru minutu irauten du.
'basandere'
Node. Martxoaren 15ean, 10:00etan, Gazteszenan.
Basajaun (Borja Bordonabe) eta Basandere (Marina Eskisabel) dira obraren protagonistak. Euskal mitologia du agertoki, eta Ion Estala zuzendariak azaldu du hartan emakumea bigarren mailan agertu izan dela: «Mari ezagutzen dugu, eta oso pertsonaia boteretsua da, baina basandere? Inor gutxik ezagutzen du; ez daude ipuin asko hari buruz». Genero ikuspuntu batetik landu dute obra, batez ere; gizonezkoa edo emakumezkoa izan, iruditegia ezberdin bat egokitu baitie gizarteak. «Basajaun naturaren boterea da, indarra eta kemena. Funtsean, basoaren zaindaria. Basandere, aldiz, izaki erromantikoa da, mendekatia eta lizuna». Pentsamendu horri buelta eman nahi izan diote zuzendariek. Hala, bi pertsonaiek bide berri bati ekingo diote.
'burnt'
Lasala. Martxoaren 15ean, 10:00etan, Gazteszenan.
Lasala konpainiaren azken sorkuntza da Burnt. «Kaleko pieza bat» dela azaldu du Judith Argomanizek, zuzendari artistikoak, eta aurretik egindako Shine lanetik sortu dela zehaztu. «Brilli-brilli ideiatik abiatuta, aurrera egin nahi izan genuen, eta galdetu: zer gertatzen da gizarteak etengabe distira egitera bultzatzen gaituenean? Ba, erre egiten garela». Distiraren atzean dagoen nekeari buruzko pieza bat da. Musika eta testua originalak dira, eta bertsio berezi bat egingo dute igandean: testua, normalean, aurretik grabatzen dute, eta gero hori erreproduzitu. Oraingoan, baina, zuzenean emango dute testua, espresuki dFeriarako prestatutakoa.
'SIN FICHERO ADJUNTO'
Erain. Martxoaren 15ean, 10:00etan, Gazteszenan.
Ioar Labatek eta Julia Razquinek zuzendu eta antzeztutako lana da. Hauxe du abiapuntua: «Gizakia askeago sentitzen da erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa duenean. Baina zenbat aldiz topatu ote du bere burua askatasunean korapilatuta?». Hori eta beste zenbait galdera ditu ardatz obrak, eta erantzunen bila arituko dira hirurogei minutuko piezan.
'hasta el Último baile'
Eva Guerrero. Martxoaren 18an, 11:00etan, Gazteszenan.
Iazko azaroan estreinatu zuten dantza ikuskizun hau, Bilbon. Eva Guerrerok eta haren lantaldeak adineko emakume mordo bat elkarrizketatu dituzte, haien bizipenen inguruan galdetzeko, eta elkarrizketa horiek ardatz hartuta osatu dute obra. Hainbat gai jorratzen ditu lanak 50 minutuan; besteak beste, denboraren iragatea, gorputzaren eraldaketa, bidean galdutako jendea eta oroitzapenak. Jemima Canok ekoiztu du, eta Guerreroren lan egiteko modua nabarmendu du: «Dantza garaikidea egiten du testuen eta zuzeneko musikaren bitartez». Gaineratu du emakumeek bakarrik osatutako konpainia bat direla, eta, agian, horrek zerikusia izan duela obra sortzeko garaian.
Asteazkenean taularatuko dute, Gazteszenan, eta azaldu dute testuak sortzeko garaian garrantzitsuak izan diren hiru emakume izango direla bertan, zera lortu nahi zutelako: «Normalean dantza egitera ohituta ez dagoen jendea dantzan jartzea».
'euforia'
Cielo Raso. Martxoaren 16an, 11:00etan, Gazteszenan.
Iazko abenduaren 13an estreinatu zuten Euforia, Gazteszenan, eta toki berera itzuliko da orain. Bost dantzari egongo dira taula gainean: Toni Aguilera, Maialen Mariaezkurrena, Jon Vernier, David Candela eta Ainhoa Usandizaga. Igor Calonge zuzendariak azaldu du ez dela soilik dantza garaikideko ikuskizun bat, baizik eta norberaren erresistentziaren ispilu bat. «Asko interesatzen zitzaidan erresistentziaren gaia. Zabaltzen den arrail hori, zoriontasunera iristea zailtzen diguna». Bi kontzepturekin jolastu nahi izan duela aitortu du: indarra eta samurtasuna.
Obran elementu aipagarri bat erabili dute: puxika bat. Airean dago, eta puztuz doa ikuskizunak irauten duen bitartean. Bukaeran, baina, lurra ukituko du, eta «bizitza bat» bilakatuko da, Calongeren esanetan.
'noces'
Led Silhoutte. Martxoaren 17an, 20:30ean, Viktoria Eugenia antzokian.
Zuzeneko ahotsa eta dantza garaikidea uztartzen ditu lanak. Jon Lopezek eta Martxel Rodriguezek Stravinskiren Les Noces obra gaurkotu dute, eta bederatzi dantzari eta Iruñeko ganbera koroa izango dira asteartean Viktoria Eugeniako oholtzan —30 ahots eta beste hainbat instrumentu—. «Duela 103 urte, koreografo batek aurkeztu zuen lehen aldiz lan hau. Bertan, auzitan jartzen zuen ezkontza, instituzio gisa. Orain, guk esan dugu: 'zer egin dezakegu honekin?'», galdetu dute. «Timelapse dramaturgiko bat» egin dute abiapuntu horri segika. «Ezkontzatik urrundu gara, eta etxeko errutinara sartu, ezkontza ondorengoa nolakoa izan den ikusteko: nork jasan duen biolentzia, zer otordu egin dituzten, nor galdu duten eta nor jaio den...».
'itzulera'
Dejabu
. Martxoaren 15ean eta 16an, 16:00etan, Lugaritzen.
Azken Donostia antzerki sariaren irabazlea. Road movie bat da, eta antzerki konpainia bateko hiru kide dira protagonistak, Dejabuko berak —Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala eta Urko Redondo—, eta konpainiak Mexikora egindako bidaia bat da istorioaren abiapuntua. Redondoren hitzetan, istorio «dibertigarria» kontatzen du antzezlanak, eta, aldi berean, uste du badela poetikoa eta sakona ere. Euskaraz egingo dute lana, baina azpitituluak jarriko dituzte gailu baten bitartez. Gurrutxaga: «Oso modu naturalean eta koherentean txertatu ditugu. Gure helburua da euskara munduan zehar zabaltzea».
'52 hertz'
Ados teatroa. Martxoaren 14an, 19:00etan (euskaraz); eta martxoaren 16an, 9:00etan (gaztelaniaz), Intxaurrondoko kultur etxean.
Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak zuzendutako obra da. Vitoriak azaldu ditu izenburuaren nondik norakoak: «Azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat tokitan grabatutako soinu bitxi baten frekuentziari egiten dio erreferentzia: balea urdinari. 10-39 hertzen artean komunikatzen dira, eta balea bakarti horren soinua espeziearen entzumen mugatik kanpo geratzen da». Obrak metafora bat kontatzen duela azaldu dute egileek, «gurutzatutako bizitzena», hain zuzen. «Bakarrik sentitzearen esperientzia hori islatzen du, ez beti tonu dramatikoan, gainera».
'arizona'
Txalo produkzioak
. Martxoaren 13an, 20:00etan (euskaraz); eta martxoaren 18an, 18:30ean (gaztelaniaz), Antzoki Zaharrean.
Georgek eta Margaretek beren mugak defendatu behar dituzte. Halako batean, baina, Margaret galdera gehiegi egiten hasiko da, eta beraien bizitza komikoa guztiz aldatzen hasiko da. Esteban Roelek eta Kepa Errastik zuzendu dute obra, eta iaz estreinatu zutenetik, oholtza ugaritan erakutsi dute Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktore protagonistek.
'desobedientes 18/98'
Ttanttaka. Martxoaren 15ean, 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian.
Desobedientzia zibilari buruzko obra bat da: neska gazte bat da protagonista, Zientzia Politikoak ikasten ari dena. Desobedientzia zibilari buruzko tesia egin berri du, eta hura defendatzeko ordua heldu zaio. Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek zuzendu dute. Gabilondo: «Protagonistaren hainbat eta hainbat lorpen ikusiko dira pantaila handi batean, non, noiz eta nola gertatu zen. 18/98 sumarioaren inguruko pasarteak ere badaude. Azaltzen dute nolakoa izan zen auzia, eta nola azkenean libre gelditu ziren».
«Kontzeptualagoak» diren pasarteak ere badaudela gehitu du Bernuesek, historiako hainbat pentsalariren testuen bitartez sortutakoak. «18/98 auziarekin gertatu zena argi ikus daiteke obran, baina ez dugu ahaztu behar fikzioa dela; beraz, noski, hainbat xehetasun aldatu egin ditugu». Euskaraz eta gazteleraz ari dira asteotan antzezlana taularatzen, baina dFerian gazteleraz soilik egingo dute.
'cantando bajo las balas'
Luna Hiena. Martxoaren 14an, 20:00etan, Antzoki Zaharrean (gaztelaniaz).
Millan-Astray pertsonaiaren bizitza kontatzen du obrak, Ane Gabarain aktorearen eskutik. «Gizon faxista eta nartzisista bat zen», adierazi du Asier Andueza zuzendariak. 1936ko urriaren 12an, Millan-Astrayek Unamunorekin izandako aurrez aurreko bat da istorioaren ardatza, eta, zuzendariaren ustez, errealitateko hainbat egoeraren ispilu da. Hori, baina, umore puntu batez jorratu dute: «Gaur egunera ekarri dugu, eta publikoak abestu eta dantzatu egingo du».
Gabarainek Antonio Alamoren testuari eman nahi izan dio garrantzia; 1936ko urriaren 12ko elkarrizketa hura hitzez hitz jaso zuelako. Pertsonaia hura «hondakin hutsa» zela gaineratu du. «Eta, hala ere, horren barruan pertsona bat dago, beraz, obran zehar pertsona hori ezagutu ahal izango da». Obrak, bestalde, galdera asko sorrarazi ditzakeela ere uste du.
'r&j'
La dramatica errante. Martxoaren 18an, 9:00etan, Intxaurrondoko kultur etxean (gaztelaniaz).
Shakespeareren Romeo eta Julieta obra klasikoaren eta gaur egungo errealitatearen arteko elkarrizketa bat du oinarrian R&J-k. «Veronako balkoia sakelako telefonoz beteta dago une oro. Beraz, guk proposatzen dugu maitasunaz hitz egitea, baina gaur egungo begiradatik», kontatu du Egoitz Sanchezek. Bi garaien arteko «ispilu bat» da lana, elkarren arteko talka ere erakusten duena. Maitatzeko forma askoren inguruan hitz egin dute piezan, eta Sanchezek azaldu du publikoarentzat «ezagunagoak» diren testuinguru batzuetara ekarri nahi izan dutela: lan esparrura, aisialdira, sare sozialetara eta ligatzeko aplikazioetara. Luix Mitxelena da aktoreetako bat, eta hark esan du Romeo eta Julieta pertsonaiak ez dituztela bi aktorek bakarrik antzezten, aldatzen doazela baizik. Modu horretan, harremanen eta pertsonaien arteko «mosaiko bat» sortu arte.