Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak (Bilbo, 1976) barrura begirako bidaia egin du Egarria-n, zortzi kantuz osatutako disko berrian. Azken urteetako bizipen pertsonalek, minek, beldurrek eta oroitzapenek ardaztu dute lana, baina baita pozak, jakin-minak eta bizitzeko gogoak ere. «Gehienak nire ikuspegitik eta nire bizipenetatik datoz», aitortu du. Izan ere, oraingoan musika «terapia gisa» erabili du barruan zituen gauza asko husteko eta kontatzeko. Hala ere, ez da disko kontzeptual bat, abesti bakoitza bere bidetik sortua delako, naturaltasunez. Lan berria gaur emango dute argitara, eta gaur bertan, 18:00etan, zuzeneko kontzertua eskainiko dute Bilboko Isozaki plazan, doan.
Egarria izena jarri diozue disko berriari. 30 urteren ondoren, zer egarrik mugitzen du gaur egun Zea Mays?
Esango nuke hasierako egarri berak mugitzen gaituela. Musikaren egarriak, abestiak egitearen egarriak, bizitzearen egarriak, eta kontzertuak ematearen eta ikustearen egarriak. Bizirik egotearen egarri horri eusten diogu, finean. Iruditzen zaigu egarri garen adierazle dela 30 urte betetzen ditugun honetan disko bat kaleratzea, eta horrekin aldarrikatu nahi duguna da oraindik ere gauza asko egiteko gogoa badugula.
Diskoaren hitzetan ezinegon moduko bat sumatzen da. Alde batetik, egarria, jakin-mina eta bizitzeko gogoa; bestetik, mina, beldurra, hutsuneak eta bizitzaren automatismoa. Bizitzaren alde argiak eta ilunak islatu nahi izan dituzue?
Naturalki atera da; ez dugu ezer bereziki pentsatu edo planteatu. Azkenean, bizitza bera horrelakoa baita: baditu momentu onak eta txarrak, beldurrak eta pozak. Esaterako, Zuekin bada kantua beldurrei buruzkoa da, baina baita gure inguruan daukagun jendearekin, lagunekin eta familiarekin aurrera egiteko moduari buruzkoa ere. Bizitza ez delako zuria edo beltza; kolore eta ñabardura asko ditu. Uste dut disko honek modu naturalean erakusten dituela minak eta pozak.
Zuekin bada izan da diskoaren lehen aurrerapena. Erresilientziaz, beldurrez eta sendatu gabeko zauriez hitz egiten duzu. Begiak itxita kantuan ere mina, oroitzapenak eta negar egiteko beharra ageri dira. Barruko zauriak eta bizipen pertsonalak abesti bihurtzeko modu bat izan da disko hau?
Argi dago kantu horietako eta beste batzuetako hitzak oso pertsonalak direla. Gehienak nire ikuspegitik eta nire bizipenetatik datoz. Azken urteotan sentitu ditudan minak, falta izan dudan jendea, bizi izan ditudan beldurrak... horiek guztiak modu oso pertsonalean agertzen dira abestietan.
Inoiz baino gehiago erakutsi duzu zeure burua. Emozionalki biluztu zarela esango zenuke?
Bai, esango nuke musika terapia gisa erabili dudala. Oraingoan, gainera, gauza asko husteko, kantatzeko eta kontatzeko erabili dut.
Lan osoan indar emozional handia sumatzen da. Disko kontzeptual gisa planteatu duzue?
Ez, ez dugu disko kontzeptual bat egin nahi izan. Zortzi abesti egin ditugu, barru-barrutik atera zaizkigunak, eta oso ezberdinak direnak euren artean. Hiru ekoizle ezberdinekin ere lan egin dugu. Gero norbaitek diskoan hari komun bat edo kontzeptu bat aurkitzen badu, hori bakoitzaren interpretazioa izango da. Guk ez dugu intentzio horrekin egin.
«Azken urteotan sentitu ditudan minak, falta izan dudan jendea, bizi izan ditudan beldurrak... horiek guztiak modu oso pertsonalean agertzen dira abestietan»
Estudioko hamaikagarren lana duzue. Rockaren esentziari eutsi diozue, baina soinu berriak esploratzeko gogoa ere nabari da. Zenbateraino sentitu zarete libre esperimentatzeko?
Beti sentitu gara oso libre edozer gauza egiteko. Aurreko diskoan hartutako bideari jarraituz, oraingoan ere ekoizle ezberdinekin lan egitea erabaki dugu: hiru izan dira, eta horrek aukera eman digu gauzak beste modu batera egiteko. Lehenengo zatia Zuekin bada kantuarekin batera grabatu genuen Ingalaterran, gure ingeles traketsarekin [barre egiten du] eta aurretik ezagutzen ez genuen pertsona batekin. Horrek sekulako emozioa sortu zigun, ezezagunari heldu geniolako, zerbait berria egiteari.
Azken batean, kontrolatzen ditugun gauzak beste modu batera landu ditugu, irrika eta ezusteko puntu hori sentitzeko. Uste dut hori diskoan igartzen dela. Izan ere, pertsona ezberdinekin lan egiteak beste kutsu bat eman die gure ideiei, eta horrek gauza berriak bilatzera eraman gaitu. Gainera, talde berri asko entzuten ditugu gaur egun, eta horrek ere eragin eta inspirazio berriak eman dizkigu.
Rockaren oinarriari eutsita, soinu geruza berriak gehitu dituzue. Adibidez, sintetizadoreen presentzia handiagoa da beste lanekin alderatuta.
Bai, sintetizadoreak aspalditik erabiltzen ditugu, baina Harro diskotik, 2016tik gutxi gorabehera, gero eta gehiago sartu ditugu. Baina beste elementu batzuk ere badaude; esaterako, ahotsarekin gehiago jolastu dut. Ez dakit bilaketa jakin baten ondorio ote den, baina musika berria entzuten duzunean gauza ezberdinak probatzeko gogoa sortzen zaizu. Uste dut probatzea eta buruari beste buelta bat ematea beti dela ona, bai taldearentzat eta bai guretzat. Hori melodietan ere igartzen da.
1997an bidea hasi zenutenetik, hasierako lau kideek jarraitzen duzue taldean. Hori ez da oso ohikoa. Zein da hainbeste urtez elkarrekin jarraitzeko gakoa?
Ez dago gakorik, horrela atera da. Pozik gaude elkarrekin, eta iruditzen zaigu inportanteena dela denok erritmo berari eustea: hau da, norbaitek erritmoa jaitsi behar badu, talde osoak jaitsi beharko du. Batzuetan hori gogorra egiten da, beste batzuetan ez. Azken batean, lau pertsonaren arteko harreman bat da, eta, harreman guztietan bezala, batzuetan gauzak zaildu egiten dira, edo bakoitza alde batera edo bestera joaten da. Tirabirak egoten dira, noski, eta kontua da horiek ahalik eta lasaien eramatea. Ez dago beste sekreturik.
2022an, oholtza gainean 25 urte bere zenituztenean, BERRIAn esan zenuten beti sentitu izan zaretela jokoz kanpo: batzuetan rockeroegi, beste batzuetan bigunegi. Oraindik ere hala sentitzen zarete? Euskal musikaren eszenan aurkitu duzue zuen tokia?
Nik uste dut orain oso lasai gabiltzala. Garai oso onean gaude, eta gure tokia daukagula esango nuke. Uste dut momentu pribilegiatu batean gaudela: jende askok entzuten du taldea, eta gu ere oso pozik gaude egiten ari garen musikarekin.
«Pertsona ezberdinekin lan egiteak beste kutsu bat eman die gure ideiei, eta horrek gauza berriak bilatzera eraman gaitu. Gainera, talde berri asko entzuten ditugu gaur egun, eta horrek ere eragin eta inspirazio berriak eman dizkigu»
30 urte hauetan musikaren industriaren eraldaketa osoa bizi izan duzue: diskoen salmenten gainbehera, digitalizazioa, sare sozialak... Nola egokitu zarete aldaketa horietara?
Pixkanaka-pixkanaka denera moldatzen joan gara. Gu hasi ginenean, diskoen salmenten beherakada etorri zen. Gero pixka bat gora egin zuen, eta orain berriro jaitsi da, nahiz eta ematen duen berriz ere gora egiten ari dela. Musika entzuteko modua erabat aldatu da: orain singleak eta Internet bidezko entzunaldiak dira nagusi; formatu fisikoak ez dauka lehen zuen garrantzia. 2002an sortu genuen lehen webgunea, gero Myspace etorri zen, ondoren beste plataforma batzuk... Iritsi den guztira apuntatu gara. Gaur egun musika gehiena sareetan eta modu digitalean entzuten da, eta horretara egokitu gara. Sare sozialak erabiltzen ditugu ahal dugun moduan, eta beste talde batzuk eta gazteagoak nola ari diren ere begiratzen dugu, zaharkituta ez gelditzeko. Musikalki gure estiloarekin jarraitzen dugu, baina gainerako gauzetan mundua nola doan ikusi eta horretara egokitzen goaz.
Autogestioaren aldeko hautua egin zenuten hasieratik, eta horri eusten diozue oraindik. Gaur egun, zenbateraino da posible musika sortzea eta aldi berean talde baten alderdi ekonomiko eta antolakuntza guztia kudeatzea?
Diskoetxe askotatik pasatu gara, buelta asko eman ditugu eta sistema ezberdinak probatu ditugu. Baina gu erosoen gauden eredua hauxe da: kontzertuetan ateratzen dugun diruarekin grabatzen ditugu diskoak, gure erara; diskoak behar duen horretan gastatzen dugu, eta gero saiatzen gara egin ditugun diskoak saltzen, diru pixka bat berreskuratzeko eta hurrengo diskoan edo kontzertuetan inbertitzeko.
Lan handia ematen du, eta diskoa egiteko garaia iristen denean buruhaustea izaten da: hau nola egin behar den, beste hori nola antolatu... Pixka bat zoratu egiten gara, baina, azkenean, dena gurea da, eta dena egiten dugu gure gustura eta nahi dugun bezala. Horrek askatasuna ematen digu.
30 urte hauetan hainbat belaunaldi igaro dira zuen kontzertuetatik. Nabaritzen duzue entzuleen belaunaldi aldaketa? Zer harreman duzue publiko gaztearekin?
Bai, entzule asko txikitatik etorri izan dira gu entzutera, gurasoek entzuten gintuztelako. Orain haiek ere zaleak dira, eta askotan etortzen zaizkigu diskoak sinatzeko eskatuz: batzuk gurasoentzat eta beste batzuk beraientzat. Jarraitzaileen oinarri sendoa daukagu, baina badirudi etorkizuna ere badaukagula, kontzertuetan gazte asko ikusten ditugulako eta jarraitzaile berriak ere baditugulako.
«Nerabezaroan egongo bagina bezala sentitzen gara berriro, egunero sare sozialei begira: ea zenbatek ikusi duten, ea jendea etorriko ote den... Oraindik ere ilusio horrekin bizi dugu hau guztia»
Lan berriak, ospatzeko motiboa ez ezik, atzera begiratzeko aukera ere ematen dizue. Zer sentitzen duzue egindako bideaz? Harrotasuna, esker ona, oraindik egiteko dagoen guztiaren ilusioa...?
Batez ere harrotasuna. Oso pozik gaude egin dugunarekin, eta oso pozik gaude datorrenarekin ere. Uste dut zerbait oso berezia egin dugula, eta jendeak ere berdin pentsatzen badu, are hobeto. Kontzertuen prestaketak ere sekulako ilusioa sortzen digu, eta nerabezaroan egongo bagina bezala sentitzen gara berriro, egunero sare sozialei begira: ea zenbatek ikusi duten, ea jendea etorriko ote den... Oraindik ere ilusio horrekin bizi dugu hau guztia.
Egarria diskoarekin etapa berri bat abiatuko duzue. Zer eskaini nahi diezue entzuleei zuzenekoetan?
Gustatuko litzaiguke disko berriak presentzia handia izatea, batez ere aurkezpen kontzertuetan. Hala ere, hainbeste urtetan hainbeste abesti egin ondoren, badira kontzertuetan nahitaez jo behar ditugun kanta asko. Beraz, kontzertuetan disko berria entzuteko aukera izango da, baina baita gure abesti mitikoak eta jendeak hainbeste maite dituenak —eta guk ere maite ditugunak— entzuteko aukera ere. Horiek ez dira faltako.