Martin Ciriza
Lauhazka

Disko jogailua eta biniloa

2026ko apirilaren 26a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hilabete batzuk, Villabonan, elkar ezagutu berri, kontzertua eman zuen taldeko kide batekin hitz egiten ari nintzen. Taldearen biniloa erosterik al zegoen galdetu nion, berak ezetz erantzun zuen. Jarraian, binilorik ez saltzeko arrazoiketa zein zen azaldu zidan. Biniloak garestiak direnez, haien musika fisikoki edukitzeko modu esklusibo gisa irudikatzen zuten. Beraz, garaiari moldatuz, streaming bidez, modu digitalean eta, asko jota, CDan argitaratzea erabaki dute.

Bat-batean, neure burua ikusi nuen berak botatako argudio horien atzean. Urte batzuk atzera, hori baitzen nik esango nukeena. «Biniloak garestiak dira, baita biniloak erreproduzitzeko behar diren baliabideak ere. Halatan, kulturaren demokraziaren eta irisgarritasunaren izenean streaming bidez eta CDan aterako dugu musika». Irribarrea ezin izan nuen ezkutatu, ze listilloa nintzen pentsatuz.

Gaur bertan nire bigarren binilo pintxada egingo dut. Nola aldatu diren gauzak. Lehen, Bilbon bizi den lagun min baten etxera joaten nintzen aldi oro, inbidia sentitzen nuen kafe bat eskuan biniloak jarri eta egongelan gustura egoten ginen bakoitzean. Orduan, duela pare bat urte, hilabeteko soldata batekin, disko jogailua eta bozgorailuak erostea erabaki nuen. A ze mundua hori ere, aktibo, pasibo, pre-anplifikagailua, blablabla, blablabla...

Ordutik, nik erositako, oparitu dizkidaten eta gurasoen etxetik hartu ditudan binilo batzuekin bildumatxo bat egiten hasi naiz. Esan beharra dago sekulako plazera dela etxean binilo bat jartzearena, eta ez dut nik bakarrik esaten, egun biniloak modan daudela esan daiteke, gizartearen espazio jakin batean bada ere. Ginkana maltzur bat bilakatu den mundu honetan eta adimen artifizialaren zein digitalizazioaren garaian, musika zerbait fisikoa izateak eta artista batek zuk etxean izateko sortu duen biniloaren azal polit horretaz gozatzeak beste dimentsio bat ematen dio etxean musika entzuteari.

Garestia da, gero eta garestiagoa. Jendearen aisiarekin eta zaletasunekin espekulatzea aukera ona da beti, beraz batzuentzat negozio errentagarria bilakatu da biniloa. Gero eta esklusiboagoa da, ez bakarrik entzuleentzat, baizik eta baita taldeentzat ere. Moda, ekonomia edo auskalo zer aldatu ezean, streamingera kondenatuta gaude, eta benetako pena da hori.

Lehen aipatu bezala, gaur nire bigarren binilo pintxada izango dut. Lehenengoa izan zen horretan, sekulako pila gozatu nuen biniloak jartzearekin. Biniloen bilduma mugatua denez, ezin da nahi den musika jarri, baina horrek ere zure estiloa zorroztera behartzen zaitu, eta bermatu egiten dizu gustatzen zaizun musika entzuteko gogoz etorriko den jendea izango duzula aurrean. Noski, hori gertatzeko ez duzu zertan biniloekin musika jarri. Baina nire kasuan, abesti bat gustatzen bazait, biniloa jartzen ari denari zer den galdetu eta biniloaren azala ikusi, ukitu eta hor dagoen horretaz guztiaz gozatu ahal izateak musika eta esperientzia hobetzen du.

Azken zatitxo hau asteburuko pintxada pasata idazten ari naiz. Ordu erdi iraun zuen arazo tekniko tentso batetik aurrera hasi ginen benetan gozatzen nik eta nire lagunek jarri genituen abestiekin. Plazera da hain intimoa eta etxekoa den binilo bildumatxoa jendaurrean aurkeztea eta publikoa dantzan eta kantatzen jarraraztea. Topiko bat izan arren, benetakoa da musikak duen indarra ezezagunak garen pertsonen artean sintonia bat sortu eta espazio benetan magikoak bihurtzeko, Iruǹƒeko zulo batean bada ere.

(ID_17767654158385) Martin Ciriza Jubera musikariak egindako pintxada bat, Iruñean.
Iruñean egindako emanaldi baten irudia. MARTIN CIRIZA JUBERAK UTZIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA