Doluari erreparatuko diote aurtengo Irailekoak poesia jaialdian

Itsasun egingo dute jaialdiaren laugarren aldia. Besteak beste, Lierni Azkargorta, Joseba Sarrionandia eta Antton Kazabon izango dira gonbidatuen artean, baita Abdul Hadi Sadun idazle irakiarra ere.

Irailekoak jaialdiaren aurkezpena, gaur, Baionan. EUSKALTZAINDIA
Irailekoak jaialdiaren aurkezpena, gaur, Baionan. EUSKALTZAINDIA
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko irailaren 16a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Beti pentsatzen da poesia beste mundu bat dela, eta asteburuan ikusiko da gure mundua ere badela». Itxaro Borda idazle eta euskaltzainburuordeak uste du aurtengo Irailekoak poesia jaialdira bertaratzen direnek poesia beste modu batera bizitzeko aukera izango dutela. Irailaren 26an eta 27an egingo dute jaialdiaren laugarren aldia, Itsasun (Lapurdi). Euskaltzaindiak Itsasuko Herriko Etxearekin batera antolatutako egitasmoa da, eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesa du. Dolua izango du ardatz aurten, eta, Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, egitasmo «nazionala» da: «Euskal poeten lana sustatu nahi dugu, sortzaileei plaza bizi eta erakargarri bat eskainiz, beren lanak erakutsi ditzaten».

Iaz Lekeition (Bizkaia) egin zuten Irailekoak, eta aurten Itsasura eraman dute; ez da bertan egiten den lehen aldia, duela bi urte ere han izan baitzen. Mizel Hiribarren Itsasuko auzapeza pozik agertu da jaialdia berriro herrian izateaz, baita Lekeitioren lekukoa jasotzeaz ere. «Duela bi urte, kulturari dagokionez, herri sutsu eta kartsu baten begirada eskaini genuen». Bordak ere oroitzapen onak ditu: «Lehen aldi hartan harrera biziki ona egin ziguten bai herriak, baita herritarrek ere».

Idazleak gaineratu duenez, poesiaz betetako asteburua prestatu dute, baina ez poesiaren fanatikoentzat bakarrik; «asteburu dinamiko bat antolatu nahi izan dugu, jendea erakartzeko». Hilaren 26an Karine Etxeberri irakasle eta soziolinguistaren hitzaldiak irekiko du jaialdia. Festibalaren gaia ardatz hartuta, heriotzaren inguruko kanten bilakaera aztertuko du. Nabarmendu dutenez, gainera, poemak oinarri hartuta sortutakoak dira abesti horietako asko eta asko. 10:00etan izango da saioa, Sanoki gelan. Ondoren, Peio Ospitalek eta Mixel Ducauk kantaldia eskainiko dute.

Ohiko irakurraldia

Urtero lez, poesia irakurraldia egingo dute. Gaineko plazan izango da saio hori. Bordaren esanetan, urtean zehar poesia libururen bat argitaratu edo ekintza poetikoren batean parte hartu duten idazleak gonbidatzen saiatzen dira, eta hauek dira aurtengo parte hartzaileak: Marikita Tambourin, Joseba Sarrionandia eta Lierni Azkargorta —Anatomia bertikalak poema liburua kaleratu zuen—. Xabi Etxeberrik musikatuko du saioa.

Jaialdira bertaratzen direnek herria ezagut dezaten, ibilaldi poetikoa prestatu dute Itsasun barna. 16:30ean izango da, Gaineko plazatik hasita. Jarduera horretarako, Hatsa elkarteko kideen laguntza izan dute antolatzaileek. Hain zuzen, elkarte horretako zenbait kidek euren olerkiak irakurriko dituzte: Auxtin Zamorak, Juankar Lopez-Mugartzak, Matxalen Bezosek, Antton Kazabonek eta Ainara Maiak. Musika ere egongo da, Beñat Axiariren eskutik. Eguna amaitzeko, Ekhi Lambertek eta Odei Barrosok kontzertua eskainiko dute gaztetxean.

Irailekoak festibalak euskal poeten lanak sustatzeko xedea du, baina nazioarteko poetenak atzean utzi gabe. Hori dela eta, Abdul Hadi Sadun idazle eta itzultzailea gonbidatu dute. Irakekoa da jaiotzez, baina Madrilen bizi da aspalditik. «Aspalditik genuen gogoa arabiar poeta bat ekartzeko», kontatu du Bordak. Luzien Etxezaharretak elkarrizketatuko du Hadi Sadun, hilaren 27an, gaztetxean. Aldibereko itzulpena egongo da saioan, gaztelaniatik euskarara. Ondoren, 12:00etan, poesia irakurraldia eskainiko du Eider Beobidek; gonbidatuaren olerkiak irakurriko ditu bertan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA