Donostiako 61. Jazzaldia egiteko hilabete falta den honetan, antolatzaileek gaur goizean eman dituzte festibalaren inguruko azken albisteak, eta tartean, nabarmenena: David Murray eta Joe Lovano saxo jotzaileek jasoko dute Donostiako Jazzaldia saria, eta baita Miguel Martinek ere, 42 urtez jaialdiaren zuzendaria izan denak, alegia. Festibala uztailaren 22tik 26ra egingo dute, eta programazio zabala prestatu dute bost egun horietarako: 77 kontzertu izango dira guztira, horietatik 47 doakoak. Â
David Murray saxofoi eta klarinete jotzaile estatubatuarrak (Oakland, 1955) mende erdia darama jazz modernoaren sustraiak lurrean errotzen, 1975ean, 20 urterekin, New Yorkera lekualdatu zenetik, hain zuzen ere. Erroak tradizioan izanda ere, jazz garaikideari lotua izan da Murray, eta musikari ezagun askorekin gurutzatu da bere ibilbidean. Besteak beste, artista hauekin kolaboratu du: Max Roach, Pharoah Sanders, McCoy Tyner, Taj Mahal, Cassandra Wilson, Macy Gray, Omara Portuondo... Gainera, World Saxophone Quartet laukote berritzailearen sortzaileetako bat da; taldea berrogei urtez aritu da birak eta grabazioak egiten.
Orain, Marta Sanchezek (pianoa), Luke Stewartek (kontrabaxua) eta Russell Carterrek (bateria) osatzen duten laukotea gidatzen du Murrayk, eta bi disko argitaratu ditu talde horrekin, Francesca (2024) eta Birdly Serenade (2025).
Murrayk uztailaren 26an joko du, Trinitate plazan, eta leku eta egun berean izango da Joe Lovano saxo jotzailea ere. Paramount Quartet taldeko buru dela ariko da Lovano Donostian.
Lovano 1952an jaio zen, Clevelanden (AEB). Tony Lovano aitarekin ikasi zuen saxoa jotzen, eta Bostongo Berklee College izenekoan osatu zituen ikasketak. Han, honoris causa doktoregoa eman zioten. 1973an hasi zuen ibilbidea, Las Vegasen, Tom Jonesekin batera. Geroago, Lonnie Smithen taldean sartu zen eta, azkenik, New Yorkera joan zen. Han, estudioko musikari aritu zen, George Bensonen disko baterako, esaterako.
Oso artista emankorra da Lovano, eta 1985etik hona disko ugari grabatu ditu bere izenpean. Gainera, 1980ko hamarkadaren hasieratik elkarlan sendoa izan zuen Paul Motianekin eta Bill Evansekin, eta 2006ra bitartean hamabostetik gora disko osatu zituzten elkarrekin.
Donostian, Julian Lage (gitarra), Santi Debriano (kontrabaxua) eta Will Calhoun (bateria) izango ditu lagun.
Zuzendaria ere, omendua
Ohiz kanpoko Donostiako Jazzaldia sari bat emango dute aurten; izan ere, lau hamarkadaz Donostiako Jazzaldiaren zuzendaria izandako Miguel Martinek berak jasoko du aitortza hori. Martin 1978an sartu zen jazzaldia antolatzeko batzordean, eta, 1984az geroztik, hura izan da jaialdiaren zuzendari nagusia —apirilean erretiratu zen, 70 urte bete zituenean—. 42 urtez izan da, beraz, Donostiako Jazzaldiaren lemazain. Hain zuzen ere, Jazzaldiak urte hauetan guztietan izan dituen aldaketen arduradun nagusia izan da Martin, eta baita jaialdia nazioarteko erreferentzia bilakatu izanaren bultzatzailea ere.
Jazzaldiaren zuzendaria izatez gain, 2007tik Donostia Kulturako Musika Unitateko zuzendaria ere izan da Martin.Â
Martinek Jazzaldian bete izan duen lekua behin-behinean betetzeko deialdia egin zuten joan den urtean erakundeek, baina prozesua gainditu zuten bi hautagaiek uko egin zioten, azkenean, kargua hartzeari. Horren ondorioz, Donostia Kulturak beste deialdi bat egin zuen orain dela bi aste, beste baldintza batzuk ezarrita. Postu finkoa izango du zuzendari izendatuko duten horrek. Aurten, nolanahi ere, zuzendaririk gabe egingo dute Donostiako Jazzaldia; izan ere, Miguel Martinek postua utzi baino askoz lehenagotik zegoen programazioa osatua.
Izen handiak
Donostiako 61. Jazzaldian izango diren artisten berri lehenago eman zuten antolatzaileek. Tartean daude, besteak beste, Pat Metheny, Diana Krall, Marcus Miller, Carmen Lundy, Cecile McLorin Salvant, Samar Joy, Azar Lawrence, Marc Ribot, Nils Petter Molvaer, Antonio Lizana eta Charles Tolliver.
Bestalde, haien mendeurrena ospatzeko helburuarekin, Miles Davisen eta John Coltraneren omenezko lau emanaldi izango dira aurten. Bi izango dira Davisi eskainiak; batetik, Marcus Millerrek uztailaren 25ean emango duen kontzertua (We Want Miles!), eta, bestetik, hala Erik Truffaz nola Antonio Lizanak emango dutena (New Sketches of Spain).
Coltraneren omenezko emanaldiak Azar Lawrence Quartetek (John Coltrane: The Impulse Era!) eta Charles Tolliverrek (Africa/Brass Celebrating Coltrane's Centennial) egingo dituzte; uztailaren 24an izango da lehena, eta 25ean bigarrena.