Hain justu ere hilabete atzera iragarri zuten Donostiako 74. Zinemaldian estreinatuko zutela Fermin Muguruzaren nazioarteko azken birari buruzko dokumentala: Muguruza FM 40 Tour. Eta emanaldi harexetan egon ahal izateko sarrerei buruzko xehetasunak eman dituzte orain. Bihar 10:00etan jarriko dituzte salgai, Zinemaldiaren webgune ofizialeko leihatila digitalean.Â
Irailaren 24an eginen dute emanaldia, Belodromoan. Eta, hain zuzen ere, dokumental hori ikusteko sarrerak bakarrik ez, Belodromoan emanen diren beste lanak ikustekoak ere bihar jarriko dituzte salgai, ordu berean. Pantaila berean aurkeztekoak baitira, batetik, bai Aritz Moreno zuzendari donostiarraren Karateka, eta, bestetik, baita Go!azen telesailaren hamahirugarren denboraldiko lehenbiziko kapitulua ere. Zinemaldiak baliatzen dituen azpiegituretako handiena da Belodromoa: 2.000 pertsonarentzako tokia du.Â
Ibilbidearen «pultsua» pantailan
Muguruza FM 40 Tour filmak Fermin Muguruzak 2025ean eginiko nazioarteko biraren irudi eta bizipenak jasotzen ditu, batik bat. Muguruzak berak zuzendu du lana, Ander Merino zinemagilearekin batera, eta, Donostiako zinema jaialdiak berak plazaratutako sinopsian jasoa denez, «artistaren 40 urteko konpromisoa, erresistentzia kulturala eta nortasun kolektibo bihurtutako abestiak» erretratatzen ditu 99 minutuko ikus-entzunezkoak, bai eta «ibilbidearen pultsua» ere. Ezinbestean, Kortatu eta Negu Gorriak taldeekin urratutako bideei ere egiten baitie so dokumentalak, gaur egungo bakarkako ibilbideari begiratu ahala.Â
Emanaldia Belodromoan izateari berari buruz ere mintzatu da Muguruzaren lantaldea berriki; ez alferrik. Gogora ekarri dutenez, arrastoa utzi zuten Negu Gorriak taldeak 2001ean han bertan eginiko kontzertuek, eta, zinemagintzari begiratuta, Belodromoan izan zen Black is Beltza II: Ainhoa filmaren estreinaldia ere, 2022an. «Ospakizunaren, emozioaren eta memoria kolektiboaren sinonimo den gune batean elkarrekin idatziko dugun beste kapitulu bat», nabarmendu dute ohar batean.Â
Dokumentalaren trailer ofiziala ikusgai da sarean dagoeneko.Â
Belodromoko saioak alde batera utzita, Muguruzak beste zenbait alditan ere erakutsi du lanik Donostiako Zinemaldian. Zinemiran aurkeztu zituen Checkpoint Rock (2009), Next Music Station: Lebanon (2011), NOLA? (2016), Black is Beltza (2018) eta Bidasoa 2018-2023 (2023), eta Zuloak (2012) —azken hori Zabaltegi-Bereziak sailean eman zuen—.
Muguruzak bere dokumentala aurkeztu baino are lehenago, irailaren 21ean aurkeztuko du Aritz Morenok Karateka lana. Ibilbideko hirugarren film luzea du, eta Sandra Sanchez karateka espainiarraren egiazko istorioa du ardatz: 39 urte zituela Joko Olinpikoetako urrezko domina irabazi zuen, kata modalitatean. «Konbentzio guztiak hautsi zituen emakume baten istorioa» jaso dute hala filmean, sinopsian azaldu dutenez. Andrea Ros, Patrick Criado eta Ernesto Alterio aktoreek jokatzen dituzte filmeko pertsonaia nagusien rolak.Â

Iragan urtean bezala, Go!azen telesailak Belodromoko pantaila handian emanen du estreinakoz denboraldi berriaren lehenbiziko kapitulua. Irailaren 25ean izanen da, 18:30ean.
Zehazki, ekoizpenak hamahirugarren denboraldia izanen du aurtengoa. Itziar Gomez ari da zuzendari gaur egun. Ohi denez, Basakabi udalekuan hainbat gaztek izandako bizipenak izanen ditu ardatz telesailak oraingoan ere.Â
Belodromoko emanaldietarako sarrerak 8,75 euroan salduko ditu Zinemaldiak. Bestalde, erosketari buruzko zenbait argibide plazaratu dituzte antolatzaileek: saio bakoitzeko lau sarrera erosten ahalko ditu pertsona bakoitzak gehienez, eta erosketa bakarrean hamar sarrera edo gehiago erosten dituztenei %25eko deskontua eginen zaie.Â