Duela 2.100 urteko sarraski bat

Burdin Aroko Nafarroako aztarnategi nagusietako bat da La Custodia, Viana ondoan. Sei urteko ikerketek agerian jarri dute Erromako soldaduek Sertorioren aginduetara han egin zuten sarraskia, eta erromatartzearen garaiko bizitzaren xehetasun asko.

CUSTODIAKO AZTARNATEGIA
Custodiako aztarnategira bisita gidatua, 2023ko irailean. BERRIA
mikel p ansa
Viana
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Hemen sarraski bat gertatu zen: Erromako soldaduek herri bat txikitu eta bertako herritarrak akabatu zituzten, Kinto Sertoriok hala aginduta. Hemen errukirik gabe hil zuten adin guztietako jendea; lantzaz, ezpataz eta habailaz akabatu, eta su eman zieten etxeei. Hemen, Viana eta Logroño artean, orain Nafarroa eta Errioxa arteko muga dagoen leku honetan bertan. Hemen, orain La Custodia deitzen zaion eremu honetan, non Uara baitzegoen: Ebroko ibarreko beroien herririk garrantzitsuenetako bat, Sertoriok errauts, hondakin eta gorputegi bilakatu zuena, duela 2.100 urte.

La Custodia-mapa
 

La Custodian, errauts geruza baten azpian gelditutako krimenaren arrastoak azaleratzen dihardu ikerlari talde batek 2017az geroztik, Javier Armendariz Martija Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historiaurre, Antzinako Historia eta Arkeologia irakaslearen esanetara. Aztarnategia aspaldi ezagutzen zen, baina ia mende erdi bat pasatu da behar bezala ikertzen hasi diren arte. 

Duela bi mende, Viana eta Logroño arteko errepidea zabaldu zutenean, beroien herria erditik ebaki zuten; ez ziren jabetu zer kalte eragin zuten. 1971n Juan Cruz Labeaga ikerlariak aurkitu zituen material dezente toki horretan, eta orduan jabetu ziren Burdin Aroko herri baten aztarnategi bat zegoela errepideak moztutako eremuan.

2.000 urtez labore lurrak izan dira, eta aztarnategia ez dago lur azaletik oso sakon. Urteetan «lapurreta handia» izan da inguru horretan, Armendarizen esanetan, eta material arkeologiko ugari galdu da. «La Custodian esku hartu behar zen aspaldi. Ni horregatik hasi nintzen hor lanean, nola zegoen ikusita. Gauza asko suntsitu dira, baina oraindik ere merezi du lanean jarraitzea».

2017an georradarrarekin eremua aztertu, eta 2018an hasi ziren indusketak egiten; bost kata egin dituzte harrezkero, baina herria zenaren %0,2 besterik ez dute induskatu. «Esfortzua handia da, asko kostatzen da. Baina horrela egin behar dira gauzak, poliki-poliki», azaldu du Armendarizek: «Niretzat funtsezkoa da horrela lan egitea, eta, batez ere, ondarea zaintzeko neurriak hartzea. Eremua pribatua da, gainera, eta oso zaila da hor lan egitea». Nafarroako Gobernuak azaroan iragarri zuen La Custodia aztarnategia Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko asmoa duela.

Zeltiberiarren gerren ondorioak

Erromako lehen tropak duela 2.300 urte inguru ailegatu ziren Ebroko ibarrera, eta zeltiberiarren kontrako lehen gerra hasi zen. Guda hori bukatu ostean Ebro inguruko herriak berrantolatu zituen Erromak, eta, Armendarizek azaldu duenez, horrek eragina izan zuen orain Nafarroako Erribera eta erdialdea diren horretan ere. «La Custodian, Turbilen, Arrosian… gailurrean zeuden herri indigenen oppida-k, kastroak; gerra zeltiberiarraren ondoren, mendiak utzi, eta beherago kokatu ziren herri horiek». 

Duela 2.300 urte, beraz, mendietako kastro batzuk hustu, eta biztanleak erriberetan kontzentratu ziren. Badirudi joera hori ez zela Iruñerrira iritsi lehen kolpean. «Irulegi, Sardea, Iruntxu eta Iruñerriko beste herrixka askok mendian jarraitu zuten. Turbilen, Arrosian… ikusten dira suntsiketa arrastoak, eta kalkulatzen dut kristo aurreko II. mendekoak direla. Iruñerrian ez da ikusten halakorik. Badirudi inguru hori Erromaren konkistaren lehen fasean pixka bat aparte geratu zela».

Urte gutxian garatu zen Uara, eta azkar suntsitu. Erromako inperioaren lehen soldaduak iritsi aurretik, triangelu formako herri bat bazen La Custodiako eremu horretan, Ebrotik hiru kilometro eskasera, Brontze Aroaren bukaeratik edo Burdin Aroaren hasieratik -—duela 2.600 urte inguru—. Erromak Ebroko ibarra okupatu zuenean handitu zen Uara, azkar eta asko, duela 2.300 urte inguru. Suntsitu zutenean hamabost hektarea inguruko eremua zuen —Iruñeko Ziutadelaren erdia, gutxi gorabehera—, Longar eta Perizuelas ibaien artean.

Kristo aurreko 82. urte inguruan, Sertorio altxatu egin zen Erromako Senatuaren kontra. «Hamar urte inguru iraun zuen gerrak. Eta urte horietan suak erreta bukatu zuten herri indigena guztiek edo gehienek, alde batek edo besteak suntsituta. Uaran badakigu Sertorio izan zela erasotzailea, Tito Livio historialari erromatarrak hala idatzi zuelako». Ebro aldean, Caiscata, Gracurris, Bursao eta beste herri asko suntsitu zituen Sertoriok berak; Uara ere bai, Kristo aurreko 76. urtean, Livioren arabera.

Irulegiko herrixka ere (Aranguren, Nafarroa) garai berean suntsitu zuten, Sertorio eta Erromako Senatuaren arteko gerretan. Antzekotasun gehiago ere badituzte bi herrixkek. Bietan ikusten da Mediterraneo aldeko eragina, Erromarekin zituzten erlazioen seinale. Bietan agertu dira garai hartako tokiko txanponak, bertako herriek irarriak. Biek bukatu zuten suak erreta. Eta biek errauspean bukatu zutelako bilakatu dira informazio iturri garrantzitsu, materialak hobeto kontserbatu direlako horren eraginez. Baina Irulegin baskoiak bizi ziren, eta Uaran, berriz, beroiak, zeltiberiarren taldeko herri bat.

LA hoyako kideak

La Custodiatik lerro zuzenean hamasei kilometro mendebaldera, La Hoyako herrixka zegoen (Guardia, Araba). Beroia zen herri horri ere: «Lurralde bera, kultura bera, jende bera da». Suntsitu egin zuten herri hori ere, baina erromatarrak iritsi aurretik gertatu zen, mende bat lehenago gutxienez, «seguru asko barne gatazka baten ondorioz».

Custodia-hildakoak
 

Sei urteko ikerketen emaitzak

Hirigintza

Georradarrarekin landutako irudiei esker ezagutzen dute Uararen eremua eta egitura. Irudi horietan ikusten da «hirigintza oso ordenatua» zuela herriak: gutxienez zazpi kale nagusi zituen —lau metro zabal zirenak—, iparretik hegora orientatuak, eta horiek zeharka ebakitzen zituzten kale estuago batzuk —2,5 metro zabal zirenak—, mendebaldetik ekialdera orientatuak; maldan zeuden zeharkako kale horiek, kale nagusira euri urak bideratzeko. Herri osoa harresi batek inguratzen zuen, bestalde.

CUSTODIAKO AZTARNATEGIA
2020ko indusketa lanak La Custodian. BERRIA

Kaleak eta harpausoak

Kale nagusiek harrizko lauzez estalia zuten zorua, eta espaloiak bi aldeetan. Estolderiarik ez zuten, eta kalean pilatzen zen euri ura; hortaz, espaloiak lurretik 40 zentimetro gorago zeuden —harriz itxi eta lurra prentsatuta egiten zituzten—, eta espaloitik espaloira pasatzeko, harpausoak zituzten kalearen erdian. Oinak lehor ibiltzeko balio zuten, baina gurdiak kaletik igarotzeko adinako tarteak uzten zituzten. Etxeen teilatuak ere espaloiaren pareraino iristen ziren, euri ura kalera eror zedin.

Etxeak

Etxeen ateek kale nagusietako espaloietara ematen zuten, eta estalpea zuten atarian, beraz. Etxeen oinak errektangularrak ziren, sei bat metro zabal eta hamar-hamabi bat metro luze izaten zituzten batez beste. Hortaz, 60-70 metro koadro inguruko bizilekuak ziren. Harrizko zorua zuten, eta paretak adobez altxatzen zituzten, harrizko zokaloen gainean; seguru asko, karez eta hareaz egindako mortero batekin irazgaitz bihurtzen zituzten. Egurrezko soliboak jartzen zituzten teilatuak egiteko, eta begetalez estaltzen. Etxe gehienak halakoak ziren, baina eremu batean «etxe aristokratikoagoak, handiagoak» topatu dituzte, Mediterraneo aldeko estiloa imitatzen dutenak, eta horrek adierazten du Erromaren eragina handia zela Uaran, Armendarizen hitzetan. Ez da harritzekoa, beste herri askotan ere ikusi dutelako hori; baita Irulegiko Burdin Aroko herrixkan ere.

CUSTODIAKO AZTARNATEGIA
Custodiako aztarnategira bisita gidatua, 2023ko irailean. BERRIA

Inportazioko produktuak

2023ko udako indusketan anfora bat topatu dute Irulegin, eta gogoan hartu du hori Armendarizek: «Irulegin aurkitu dituzten produktu batzuk ere oso erromatarrak dira. Normala da. Goragoko gizarte batekin topo egitean, eliteak busti egiten dira, eta ohitura horiek, edalontziak, ardoa… nahi dituzte beraientzat ere». La Custodian ere topatu dituzte inportazioko produktuak, Erromarekin lotura zutenak; zeramika campaniarra, esaterako, Italiatik ekarria.

Sarraskia

Herriaren iparraldetik sartu ziren Sertorioren soldaduak, eta parean topatu zituzten pertsona guztiak hil zituzten, baita umeak ere. «Ateratzen ari garen irudiak danteskoak dira», azaldu du Armendarizek. 2019an aurkitu zituzten lehen lau gorpuak, lehen katan. 2022ko kanpainan, berriz, 11 gorpu aurkitu zituzten; eta 2023ko kanpainan, beste bat: guztira, hamasei gorpu. Denak bortizki hil zituzten, eta gorpuak kalean bertan gelditu ziren bezala aurkitu dituzte; ezpaten edota habailen zauriak dituzte guztiek. Etxe erraustuen hondakinak erori zitzaizkien gainera. Uste dute animaliek jan zituztela gorpuak, putreek esaterako, gorpuzki asko hondatuta daudelako.

Ireki dituzten lur eremu guztietan agertu dira suntsiketaren eta errautsen arrastoak. «Berresten ari gara Sertorioren eraso militarra masiboa eta orokorra izan zela, eta herritarrak sarraskitu egin zituztela. Oso-oso bortitza izan zen. Agertu diren gorpu guztiek eraso bortitzak jasan zituzten». Arma mordoxka bat ere topatu dituzte: bai erromatarren pilum-ak, bai eta bertakoek defenditzeko erabilitako armak, lantza puntak, esaterako. Labanen ahoak eta burdinazko igitai handi bat ere aurkitu dituzte.

Custodia-harribolak
 

Habailarien jaurtigaiak

Arkeologia militarraren ikuspegitik oso garrantzitsua den aurkikuntza bat ere egin dute La Custodian. «Izugarria da horrelako zerbait aurkitzea». Erromako soldadu batek galdu zituen habailarekin jaurtitzeko dozenaka jaurtigai, berunezkoak, eta Uarako kaleetako batean agertu dira horiek. Handik metro batzuetara, halako jaurtigaiekin zauritutako gorpuak topatu dituzte, berriz. «Asko teorizatu izan da jaurtigai horiei buruz, baina ikusten da tipo eta tamaina askotako jaurtigaiak erabiltzen zituztela. Berunaren isotopoak ikertuta, ikusi dugu Salamancan, Extremaduran, Portugalen… egindakoak direla jaurtigai horiek, batzuk Aizkorrikoak ere bai, nahastuta daude. Ikerketa ildo interesgarri bat irekitzen da hor ere, Erromako armada globalizazioa izan zelako».

CUSTODIAKO AZTARNATEGIKO TESERA BAT
La Custodian 2022an aurkitutako tesera baten erdia, ahari buru baten forma duena. BERRIA

Teserak

Trepeta bereziak dira teserak. Zeltiberiarren herrietan aurkitu izan dituzte. Elkarrengana lotzen diren bi pieza izaten ditu tesera bakoitzak, eta adierazten dute bi pertsonaren edo bi herriren arteko nolabaiteko tratu, hitzarmen edo senidetzeren bat. Ez da ezagutzen haien esanahi eta erabilera zehatza, baina tesera gehienak banaka agertu izan dira. Orain arte 55 eta 60 pieza artean topatu dituzte Iberiako penintsulan, eta horietatik bederatzi agertu dira La Custodian. Esanguratsua iruditzen zaio Armendarizi, baina ez du zertan harritzekoa izan: pasabide naturala izan zen Uara.

Tesera horiek brontzezkoak dira, eta forma geometrikoak edo animalia itxura izaten dute—ahari buru bat da topatu duten azkenetakoa—, eta testu laburren bat agertzen da normalean. Uarako teserak hizkuntza zeltiberiarrean idatziak daude, eta grafia iberikoa erabilita: «Ez dago latinaren arrastorik». Ahari buru baten forma du aurkitu duten azkenekoak.

CUSTODIAKO AZTARNATEGIA
Edalontzi mordo bat pilatuta aurkitu zituzten indusketetan. BERRIA

Eguneroko tresnak

Eguneroko bizitzako tresna asko ere agertu dira indusketetan: gerriko baten belarri bat, arropak lotzeko fibulak, zeramikazko ontziak, edalontziak, jokoren baterako balio zuela uste den dama-taula gisako bat harlauza batean markatua, fitxak, eskuko errotak...

Txanponak

Burdin Aroko aztarnategietan ohikoa denez, txanponak ere agertu dira, duela 2.300 urte Uarak txanponak irarri zituelako. «Sertorioren gerrak arte, autonomia eduki zuen [herrixkak]. Izan ere, txanpona da subiranotasun eta identitate zeinu nagusietako bat», Armendarizen hitzetan. Batez ere, Erromari zergak ordaintzeko erabiltzen zituztela uste da.

CUSTODIAKO AZTARNATEGIA
Indusketetan aurkitutako zenbait pieza: joko bat izan litekeela uste dutena, gerrikoen burdinazko belarriak, txanpon batzuk, behean ezkerrean orein adar batzuk (giderrak egiteko erabiliak), eta fundizio molde bat. BERRIA

Fundizio molde bat

Herrixkaren harresitik gertu, fundizio molde bat aurkitu dute. Ez da ohikoa halako piezak agertzea, «sorpresa bat» izan da. Etxe edo biltegi batean topatu dute, eta orein adar moztu mordo bat ere topatu dituzte leku berean. «Giderrak egiteko erabiltzen zituzten orein adarrak, gogorrak direlako», labanentzat adibidez. La Hoyan ikusi zenez, babes funtzio sinboliko bat ere bazuten, ordea.

CUSTODIAKO AZTARNATEGIA
Harri landuak ere topatu dituzte, batzuk duela 800.000 edo 700.000 urte ingurukoak. BERRIA

Aztarna zaharragoak

Pasabide bat da Ebroko ibarra, eta «Atapuercako garaietatik» erabili izan da, gutxienez, Armendarizen hitzetan. Horregatik, Burdin Arokoak baino zaharragoak diren arrastoak ere agertu dira La Custodiako indusketetan. Esaterako, heidelbergensiek galdutako erremintak. Aurpegibiko harri zorroztuak, duela 700.000 edo 800.000 urtekoak, agertu dira tartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.