Duela ez asko, jarraian aipatuko ditudan hitzak irakurri nizkion Beñat Sarasolari egunkari honetan argitaratutako Ekoizlea autore gisa artikuluan:
«Artista batek duela gutxi kontatu zidanez, komisario entzutetsu batek behin bere eskultura bat hankaz gora ezarri zuen museoko bazter batean, haren erakusketarako halaxe komeni omen zitzaiolako. Mesedez, zegokion moduan ipintzeko eskatu zion artistak, eskultura modu batera zela eskultura, ez edozein modutara. Komisarioa tematu egin omen zitzaion harik eta, beste erremediorik ezean, abokatuak tartean sartu eta atzera egin zuen arte».
Urriaren 8an zabaldu zenetik buruan bueltaka daukat Bilboko Arte Ederren Museoan Ataria (bat) izeneko erakusketan dagoen Durrioren eskultura bat. Arriaga musikariaren omenez eraikitako monumentuan —Melpemone izeneko musaren irudia da— egur batzuen gainean etzanda jarri dute erakusketa aretoaren erdian. Artelan horrek izan dituen gorabeheren beste kapitulu baten gisa har daitekeela iruditu zitzaidan.
Bilboko Udalak XX. mendearen hasierako urteetan lehiaketa antolatu ondoren, artelana eztabaidagai bihurtu zen eta, horren ondorioz, gorabehera ugari izan ditu Francisco Durrio eskultoreak proiektatutako monumentuak. Atzerapenak entrega epeetan, toki aldaketak, musaren biluztasunari zentsura frankisten aldetik, eta azken kapitulu honetan erakusketaren arduradunen erabaki sasi-modernoa.
Sarasolak aipatutako kasuan, artistak lana bere onera ekartzea lortu zuen. Zoritxarrez, Durrio hilda dago, eta ezin du adierazi artelanaren kokapenarekin konforme dagoen edo bere onera bueltatzeko eskatu, abokatuak tartean sartuta. Zer gertatuko litzateke aldamenean dituen Jon Mikel Eubaren edo Dario Urzairen lanak buruz behera eta garraiatzeko erabiltzen diren kutxetan erdi ezkutatuta erakutsiko bagenitu?
Onartu behar dut Durriok zorte txarra izan duela, Arriagaren omenez pentsatu zuen iturria berriz ere tokiz aldatuko dutelako Arte Ederren Museoaren lanen ondorioz. Hobeto esanda, ez dute tokiz aldatuko, baina lanak bukatutakoan kanpoan zegoen eta kanporako pentsatu zen iturria museoaren sarreran kaiolatuta geratuko da. Diseinuzko kristalezko kaiola eder baten barruan ikusiko dugu zuhaitzez, lorez, belarrez eta txori kantez lagunduta egon behar zuen iturria. Hori izango da Durriok ordaindu beharko duen zerga berritutako museoan bere lana zutik eta duin ikusi ahal izateko.