Artea

Edonor izan daiteke ‘Nor-Nai’

Irudigile profesionala zen Nor-Nai, eta haren historia biltzen duen erakusketa bat sortu dute Euskal Irudigileak elkarteak eta Donostia Kulturak: 'Ignacia Zabalo (1905-1939), Nor-Nai'. Euskal Ilustrazioaren Eguna ospatuko dute bihar.

Ignacia Zabaloren familia eta erakusketaren egileak, gaur, aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Ignacia Zabaloren familia eta erakusketaren egileak, gaur, aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2025eko azaroaren 11
16:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hutsuneak agertzen dira nonahi. Nor zen Nor-Nai? 1925ekoa du argitaratutako lehen akuarela, eta Irungo (Gipuzkoa) bestetako programan atera zen. Behean, sinadura txiki bat agertzen da: Nor-Nai. Geroago jakin zuten nor zegoen ezizen horren gibelean, eta ez zen nornahi: Ignacia Zabalo Ballarin zen, 20 urteko artista donostiar bat.

Izen-abizenez sinatu baino, nahiago izan zuen ezizenaz baliatu, horrek ezkutatu egiten baitzuen bere identitatearen parte handi bat: emakumea zela, alegia. Nolabaiteko aitortza izan beharra zen ilustrazioak, marrazkiak eta edonolako artelanak plazaratzeko, eta, orain ehun urte, emakumeek ez zuten horretarako lizentziarik. Horregatik erabaki zuen Zabalok izena gordetzea, ez baitzuen topatu sortzaile izateko bertze modurik.

Baina, kurioski, dena pentsatuta zegoen, eta, emakumea zela gordeta, ahotsa eman zien gainerako andre sortzaile denei. Eta zentzua du pentsatuz gero: edonor izan daiteke nornahi. Bada, marrazki propioak sinatzeko eskubidea aldarrikatzeagatik eta feminismoaren alde egindako lanagatik, Zabalo omentzea erabaki dute Euskal Irudigileak elkarteak eta Donostia Kulturak. Erakusketa bat egin dute, eta gaur jarri dute ikusgai, Donostiako Aiete kultur etxean. Honelaxe deitu diote lanari: Ignacia Zabalo (1905-1939), Nor-Nai. Bihar ospatuko dute lehen aldiz Euskal Ilustrazioaren Eguna, eta Nor-Nairekin estreinatu nahi izan dute egitasmoa. 

Tere, Ignacio Zabalaren iloba, erakusketan. JON URBE / FOKU
Ignacia Zabaloren iloba Tere, erakusketan. JON URBE / FOKU

Irudigile profesionalaren hainbat ilustrazio agertzen dira erakusketan, baina badauzka zenbait testu ere. Joxean Muñozek idatzi ditu denak, eta ez ausaz; izan ere, 2003an egindako Txiki erakusketaren komisarioa izan zen Muñoz, eta  Jon Zabalo Txiki Ignacia Zabaloren anaia zen. «Nornahi izate horrek orain aterkia ematen die gaur egun ilustrazioan dabiltzan emakume guztiei, eta esango nuke oso jende gutxik ezagutzen duela Nor-Nai. Horregatik egin nahi izan diogu omenaldia, egindako lana eskertzeko eta jaso ez zuen aitortza hori emateko», esplikatu du Muñozek.

Hain justu, Ignacia Zabalo anaiarekin hasi zen sortze lanetan, Txiki ere ilustratzailea baitzen. Baina, lehenak, emakumea izanik, ez zuen libreki sinatzeko zilegitasunik, eta Txikik, aldiz, bai, gizonezkoa zelako. Muñozek azaldu du Ignacia Zabalo «negoziatzen» aritu zela luzaro anaiarekin, eta «kostatu» zitzaiola sinatzen utz ziezaion. Baina saiatu zen; saiatu, eta lortu. «Sinadura horrek ‘Ni naiz’ deklaratzen du, eta ‘ni’ horrek hartzen du sinatutakoaren ardura. Baina ‘ni’ horretan jende asko sartzen da: emakume asko dago hor barruan. Oso ausarta izan zen Ignacia, eta nahi genuke jendeak jakin dezala zer egiteko gai izan zen», erran du. 

Irungo bestetako programan ilustrazioak argitaratu ondotik, Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketa iragartzeko afixaren lehiaketa irabazi zuen 1926an, eta, urte horretan bertan, Argia Egutegia-ren azala sortu zuen. 

Arrastoaren gibeletik

Ilustrazioak sortzen eta argitaratzen jarraitu zuen gerora, baina horietako anitz sinatu gabe kaleratzen zituen, eta anaiarenak zirela pentsatu izan zuen publikoak anitzetan. Dena dela, ilustrazio gutxi batzuk sinatuta agertzen dira han-hemen, eta Euskal Irudigileak elkarteari modua eman dio horrek Zabaloren urratsei jarraitzeko. 1931. urtean Bartzelonara joan zen, eta badaude han ere sorkuntza lanetan ibili zelako arrasto batzuk. 1937an, erraterako, Nor-Nairen sinadura bat agertzen da haurrei katalana irakasteko metodo baten azalerako diseinuan.

Hasia zen geroz eta lan gehiago egiten, baita geroz eta maizago sinatzen ere, baina gerra garai betean bizi izan zen Zabalo, eta gerra betean hil. 1939an, faxisten bonba batek hartu zuen, Bartzelonako bere etxeko atarian, eta hantxe hil zen, 34 urte zituela.

«Dena gorantz zihoanean, gerra etorri zen, eta emakumeak berriro kondenatu zituzten isiltasunera»

JOXEAN MUÑOZ Idazlea

«Uste dut oso garrantzitsua dela Ilustrazioaren Eguna ospatzea, ilustratzaile lana baloratu egin behar baita, eta indarra eta animoa eman. Baina nabarmendu nahi nuke ilustratzaile lana bezain garrantzitsua dela ilustratzaileen gaineko ikerketak egitea, ondare zabala galtzen baita bestela», erran du Muñozek.

Iloben memoria

Halako ikerketak egin ahal izateko, baina, badaude kanpotik jaso beharreko elementu batzuk: memoria eta transmisioa. Zabaloren erakusketan, kasurako, «ezinbestekoak» izan dira Lore, Amaia eta Tere. Ignacia Zabaloren ilobak dira hirurak, eta haiek kontatutako istorioen bidez sortu dute erakusketa. Aurkezpenean izan dira gaur, eta hunkituta eskertu dute egindako lana.

«Pentsa, nik ez nion aurpegirik ere jartzen, eta hiru ilobei esker ezagutu dut benetako Ignacia», kontatu du Muñozek. «Familia oso jantzia zuen, nahiko dirudunak ziren, eta oso emanak zeuden kulturari». Zabalo hazten ari zen garaian, Donostia «modernitate artistiko baten foku garrantzitsua» zen, eta jakin zuen hori nola probestu. Muñoz: «Emakumeak lekua hartzen hasi ziren poliki-poliki, borrokatzen, eta ordura arte iritsi ezin ziren lekuetara iristen. Dena gorantz zihoanean, gerra etorri zen, eta emakumeak berriro kondenatu zituzten isiltasunera». 

Zabalok estilo berezia zuen ilustrazioak egiteko orduan, senideek eta erakusketaren egileek baieztatu dutenez. «Sintesirako eta estilizaziorako gaitasun handia zuen, eta nonahi aurkitzen zuen apaindurak sartzeko aitzakia bat: soinekoetan, zuhaitzetan, zoruetan...». 

Bada, ilustratzailearen hainbat obra eta haren bizitzaren gaineko zenbait datu ikusgai izanen dira abenduaren 18ra arte, Aiete kultur etxeko Txoko Urdinean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.