Egiazko irriz, Nerea Ibarzabal barrura berriz

Nerea Ibarzabal gailendu da Gasteizen, 760,5 punturekin, eta sailkapen orokorreko lehen postuan paratu. Gibeletik sailkatu dira Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Aitor Bizkarra eta Maddi Ane Txoperena.

Nerea Ibarzabal, gaur, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Nerea Ibarzabal, gaur, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iratxe Muxika
Gasteiz
2026ko azaroaren 28a
22:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denek nahiago lukete bertsoa ez balitz lehia kontua, bertsoa gozamenerako eta jolaserako tresna balitz soilik. Baina galbahea estutuz eta txikituz doan heinean, ezinezkoa da lehian ez erortzea. Edonola ere, lehiaz gaindiko maitasuna eta poza nabaritu da gaur Gasteizen, eta bertsoa, txapelketarako oinarri bainoago, ospakizun bat izan da. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako azken-aitzineko finalaurrekoa jokatu da, eta, puntu bezainbertze txalo jasota, Nerea Ibarzabal Salegi izan da garaile, 760,5 puntu bilduta.

Haren gibeletik, eta saio txukuna eginda, ordena honetan sailkatu dira gainerakoak: Sustrai Colina Akordarrementeria (735,5 puntu), Beñat Gaztelumendi Arandia (734 puntu), Ane Labaka Maioz (714,5 puntu), Aitor Bizkarra Ruiz (714 puntu) eta Maddi Ane Txoperena Iribarren (702,5 puntu).

Hamarreko txikiarekin hasi dira bertsotan, Lierni Altunak hala aginduta, eta fin aritu da, erraterako, lehendabiziko bikotea. Nutrizionistak izan dira Ibarzabal eta Bizkarra, eta kezkatuta zeuden geroz eta gazte gehiago joaten zitzaizkielako argaltzeko laguntza eske. Hitz joko batekin hasi da Ibarzabal lanean: «Kontsultatik nahi dute/ iharrik atera/ osasuna beti da/ bigarren platera», eta bigarren bertsoan bota du bukaerarik indartsuena: «Beti restrikziotik/ ta kate motzetik/ ta pilula ez bada/ bestela ozempic/ zenbat jende bizi da/ besteen gosetik». Bizkarrak erran du barrenak jatea ez dela irtenbide bat, eta hala itxi du elkarrizketa: «Nik aginduko diet/ oso delikatu/ autoestima behar/ dela elikatu».

Gaztelumendik eta Txoperenak ere bertsoaldi polita osatu dute elkarlanean, institutuan jarrera xenofoboa duen semearen gurasoen rolean jarrita. Gaztelumendik ez zuen ulertzen nola zitekeen: «Ideia hoiek nondik/ zaizkio ba hazi/ halakorik etxean/ ez badu ikasi», eta erantzun bikaina eman dio bikotekideak: «Razista ez garela/ uste duzu, halare/ baina igual bagara/ konturatu gabe». Kezkati segitu du Txoperenak solasean: «Kontra egitea da/ nerabeen zientzia/ baina hau ez da soilik/ desobedientzia». Eta zer egin erabaki gabe bukatu du solasaldia Gaztelumendik: «Zer egin hemen nago/ zalantza jario/ guk esandako ezerk/ ez badu balio».

Zortziko handia zen egin beharreko bigarren ariketa, eta, fase honetako bideari segituz, fikziozko gaiekin aritu dira bertsotan. Haurdunaldi testak izan dira Gaztelumendi eta Bizkarra, negatiboa lehena eta positiboa bigarrena. Tristuraz ari zitzaizkien jabeak begira, eta hala hasi da Bizkarra: «Gure jabeen tristurak, aizu/ nola diren korapila/ zurea dabil haur nahiean eta/ nirea errudun bila». Eta erantzun negatiboak: «Zuk esan duzun bezela, aizu/ nik ere esan dezaket/ bizitza oso bat baldintzatzen du/ plastiko puxkatxo batek». Labaka eta Ibarzabal Gasteizen elkarren ondoan dauden bi eraikin izan dira, eta Txoperena eta Colina, berriz, pertsona trans baten komuneko bi objektu: ezpainetakoa Colina eta bizarra mozteko makina Txoperena. Ongi-ongi aritu dira biak, eta horrelaxe hasi da, erraterako, makina solasean: «Ezpainetako, inbidi pixkat/ dizut nik oraintxe berez/ niri amorruz begiratzen dit/ zuri ordea plazerez». Erantzun borobila eman dio lagunak: «Bizitza ere zer da ez bada/ kolorea ta labana».

Zortziko txikian, Ibarzabal eta Gaztelumendi aritu dira umorez finen eta bixien, izeba-iloba roletan. Unibertsitatera joan berria zen Gaztelumendi, eta izebaren etxean ari zen bizitzen. Kontent legoke izeba, ilobak ortzegunero lagun berri bat ekarriko ez balu. «Izenak ikasteko/ neure arabera/ behintzat ekarri zazu/ beti lagun bera», hasi zaio zirikan Ibarzabal, eta tonura egokitu Gaztelumendi: «Lehenik Ane ta Leire/ gero Emilia/ ugaritzen ari naiz/ gure familia». Goiti eta goiti aritu da Ibarzabal: «Kobratu beharko ditut/ diruz emariak/ ordaintzeko guztion/ galleta Mariak», eta istantean erantzuteko gaitasuna erakutsi du ilobak: «Gosaria ez zaizu/ irtengo garesti/ beti etortzen gara/ croissant eta guzti».

Alaba, ama, kuadrilla

Puntu-erantzunetan egoki aritu dira bertsolariak, goirik jo gabe, eta berehala egin dute ganbarara salto. Egin zuen Eibarren (Gipuzkoa), eta egin du Gasteizen: Nerea Ibarzabalek bertsoaldi gogoangarria osatu du bakarka. Halaxe zioen gaiak: «Benetakoa ez den irribarrez erantzun duzu». Lehendabiziko bertsoan bertan esplikatu du zer zen gezurrezko irria eragin diona: «Hemen dator bikotea/ irribarre zabalduna/ ta nik nire irrifarra/ forzatzeko ze jarduna/ ez zait askorik gustatu/ nire alabaren laguna». Amaren ustez alabaren mutil lagunak nabaritu du amaren deserosotasuna, eta senari jarraitzea erabaki du, alaba ohartzen ez zela jakinagatik ere. Bertso borobila atera zaio hirugarrena ere: «Azkar igartzen da txispa/ noiz bihurtzera doan su/ gero bihurtzen da kontrol/ eta gero amenazu/ jan dugu ta esan diot:/ ‘Harantza lagunduidazu’/ ta astiro dator bera/ ai ze dardaradun pausu/ ‘bideko zapoen eran/ aplastatuko zaitut zu/ nire alabari negarrik/ eragiten badiozu’».

Bizkarra bere ohiko doinuan aritu da kantari, dotore, eta amari egin dio irri faltsua: «Zoriontsua al zara laztan/ pozez al zaude oparo/ parerik pare geundela biok/ nik horrelaxe erantzun diot/ irrifar faltsuz zeharo/ oso zoriontsu nago». 30 urteren bueltan eta haur baten aita zenez derrigor behar zuen kontent, baina irri faltsua kentzea eta benetako hitzak ahoskatzea erabaki du. Hala erran dio amari: «Gizon bat nola ez asaldatu/ haurrei pardela nola aldatu/ ta sehaskan nola utzi/ ez zenidan erakutsi». Poto egin du bertso horretan, baina aitzinera segitu du, eta modu goxoan bukatu lana, haurrari mintzatuta: «Baina ama falta ta hi negarrez/ ta ni egiten nauk bi puska/ oro haiz lerden negar ta lerde/ oi loa loa txuntxurun berde/ oi loa loa masusta/ arren egin lo kuluxka».

Gaztelumendik kuadrilla baten bueltan girotu du istorioa, eta ongi erantzun dio gaiari, behar bertze xehetasun emanez. Hauxe izan da kontua: «Hizketan hor ari gara/ ta ustez grazia handiz/ ta txiste matxista bera/ aditu dut mila aldiz/ irrifar egingo nuke/ negargarria ez balitz». Bigarren bertsoa josteko, metafora zoragarri bat egin du: «Armiarma ikusi dut/ sabaian hona sartuta/ amarauna josi digu/ horretan ohi du disfruta/ euli bat halaxe dauka/ bere besotan hartuta/ ta ni ere hala nago/ sarean harrapatuta». Eta, azkenerako, hark ere hautsi du isiltasuna, eta irri faltsua kendu: «Kolpetik hala esan diet/ hala zaidalako irten/ jadanik ez didatela/ bate grazirik egiten».

Txoperena izan da laugarrena kantuan, eta hark ere kuadrillari kantatu dio. Baina bertze ikuspuntu batetik: «‘Haurdun gelditzeko izan dut/ azkenerako ahalmena’/ eta silaba bakoitzak/ nahastu egin dit barrena/ ‘Zorionak’, erran diot/ eta barrutik: ‘ze pena’». Bigarren bertsoan eman ditu azalpen xeheagoak, dotore, eta esplikatu lagun taldeko bakarra dela ama izanen ez dena. Pena hartuagatik, egoerari buelta ematea erabaki du: «Eta badakit zer egin/ irteteko borobila/ bere aldera begira/ baldin badago kuadrilla/ lasai, ni joanen naiz eta/ gazte feministen bila».

Colinak ongi hasi du saioa, baina, zalantzarik gabe, ganbaran jo du goia, sabaia lehertzeraino. Bertsoaldi bikaina egin du, lehen bertsotik hirugarreneraino; Izarren hautsa doinuan, gainera. «Hurbiltzen banaiz urruntzen naiz ta/ urruntzen banaiz hurbiltzen/ erantzun diot irrifar faltsuz/ nekatu bainaiz sentipen antzuz/ jada ez baitut konprenitzen/ nola maitemindu nintzen». Alegia, bikotekideak erran dio urruntzen ari direla, jada ez dutela deus egiten elkarrekin, eta irri faltsu bat egin ondotik hausnarrean hasi da Colina bere buruarekin: «Dagoeneko ez badiogu/ irribarreari eusten/ alfer-alferrik ez al naiz ari/ gurpil zulatu bat puzten/ nahiz bikote bat ispilu bat den/ ta elkar islatzen saiatzen garen/ zerbaitek ez digu uzten/ elkarren minak ikusten». Baina ez du gorrotorik erakutsi, eta bidaia ona opaz solastatu zaio bikotekideari: «Merezi dugu maitasun sano/ bat eta libertatea/ zorte on zure bizitzarekin/ bakarrik edo beste batekin/ desio dizut maitea/ zoriontsu izatea».

Fisikoki oholtzan izan da Labaka, baina ez fisikoki bakarrik, ganbarako lana ere oholtzan bertan kokatu baitu. Zehazkiago, bertsokide baten ondoan. Kantukideari irri faltsu bat egin dio, baina kontatu du jaso ere irri faltsu bat jaso duela berak erantzun gisa: «Oholtzan sarritan diozu/ antzerkiari ekiten/ gero oholtzatik behera/ ez didazu hitz egiten». Eta hirugarren bertsoan jarri dio puntua istorioari, txukun eta fin: «Sarritan kostatzen zaigu/ emakumeoi arnasten/ ta egia ez den hori/ batzutan zail da zehazten/ai, baina nola txaloak/ maiz gugana dijoazten/ segi zazu irribarrez/ hitz neurtuekin jolasten/ Kontrako eztarritik-i/ epilogoak idazten».

Ibarzabalek hilabete baino gutxiago du atsedenerako, hura baita, gaurko saiotik, finalera pasatzea bermatuta daukan bakarra. Egin daitezke aurreikuspen batzuk, baina oraindik goizegi da apustuak egiten hasteko. Gasteizen lortutako puntuak eta Eibarkoak batuta, sailkapen orokorreko lehendabiziko postuan da Ibarzabal.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA