Lehenbiziko elurrak iritsi diren aste honetan ezkur bilketan ari diren katagorriak izan ditu aipagai Nerea Ibarzabalek hasierako agurrean: «Jasotzekotan ezin da egon/ emateko beldurretan». Eman du, bai, jaso bezainbeste edo gehiago. Izan ere, ukitzen duen guztia urre bilakatzen duen bertsolari baten aurrean gaude: ederrak izan dira bere hiru ofizioak eta ofizio horietan beste bertsolariei ere gorantz egin die bultza. Zetorrenaren aurrekaria izan da hamarreko txikian nutrizionistaren azalean bota dituen bertsoak, zortziko handian hunkigarri, martxoaren 3ko sarraskia gertatu zen eliza hezurmamituz, eta zortziko txikian plaza lehertu du iloba ikasle parranda zalea apopilo hartu duen Gasteizko izebaren rolean. Ganbarakoan, ohi bezala alde guztietatik besarkatzen zaituen istorio sinesgarri bezain zinematografikoa, alabak bere laguna aurkeztu eta irribarre behartua egin duen amaren ahotik, bertsoak irudi metaforiko eta arrazoi indartsuz bustiz: «Bideko zapoen eran/ aplastatuko zaitut zu/ nire alabari negarrik/ eragiten badiozu». Hurrengo geltokia… zerua.
Ikusi gehiago
Finalera iristeko lan egin beharra bai, baina ez zuen halako bide arantzatsurik esperoko Sustrai Colinak, txapelketa honetan izena eman zuen egunean. Bere zazpigarren finalean egongo da, ondo merezita. Lehenengo itzulian egindako potoarekin nahiko ez eta bigarren irristada egin du urruñarrak Gasteizen. Puntu erantzunetan aurretik gaia jartzearen berrikuntza ez dirudi inorentzat mesedegarria izaten ari denik, gehiegizko informazioak bertsolariak oro har ariketa horretatik hanka puntetan igarotzera bultzatu baititu, akatsen bat egitera ez baldin bada. Ganbarako ariketa antologiko batean hustu du barruko amorru guztia, maitasun harreman agortu bati kantatuz: «Dagoeneko ez badiogu/ irribarreari eusten/ alfer-alferrik ez al naiz ari/ gurpil zulatu bat puzten?». Bi poto baino zerbait gehiago behar da horrelako bertsolari puska finaletik kanpo gera dadin.
Beñat Gaztelumendik lehenengo itzulian lortutako puntu kopuruarekin espekulatzeko tentazioa izango zuen agian, baina garbi ikusi da finalera pasa nahi duenak bi saio oso on egin behar dituela. Halaxe egin du añorgarrak, hasi eta buka. Akatsik ez egiteaz gain ofizio guztietan bere arrastoa utzi du. Bereziki dirdiratsu aritu da zortziko txikian eta ganbarakoan, txiste matxista baten aurrean irribarre behartua egin berri duen koadrila kide baten istorioa garatuz. Egin beharrekoa eginda, finalean ariko da beste behin ere.
Aukerarik gabe geratu dira Ane Labaka, Aitor Bizkarra eta Maddi Ane Txoperena. Labakak sekulako saioa egin du, eta bere bertsio onenetik oso gertu egon dela esan daiteke. Ofizioetan oso langile eta beretik kantatzen uneoro, horren adibide ganbarako gaiari aurkitu dion heldulekua, bertso munduaren barne arantzen zuzeneko narrazioa hiru bertsotan. Aitor Bizkarrak markagailua iraultzeko asmoa agertu du hasieratik, baina berak ere bazekien ia ezinezko zeregina zela hori. Mikrofono aurrera hurbildu den aldiro hil edo bizi, goitik beherako bertso bat baino gehiago kantatu ditu saioan zehar, bere labela zeraman bakarkako eder batekin borobilduz aurtengo parte hartzea. Maddi Ane Txoperenak ere amaitu ditu aurtengoak. Pozik egoteko moduan da hendaiarra egin duen bidearekin; are gehiago, bere sabaia oraindik oso goian dagoela jakinda.