Esnatu naiz, zerua oraindik beltz. Bularra eman ondoren, umea lo geratu da berriz —edertasuna, zortea—, bere lo egiteko era noizbehinka ostikoak ematea eta alde batetik bestera besoekin kolpeak ematea bada ere. Altxa, komunera joan eta gosaldu egiten dut, orduan entzuten dut «aaaaa» luzeak egiten logelatik. Hurbiltzen naiz, janzten naizen bitartean hitz egiten diot, eta bera poz-pozik dago —zortea, zoriona—. Eguna hasteko bere poza kutsakorra da. Besoetan hartu, pijama kendu, fardela aldatu, eta arropa jartzen diot. Haur-kotxean jartzen dut. «AAAA». Hortzak garbitu, eta bagoaz kalera. Portaleko eskailerak jaisten ditut haur-kotxea bi eskuekin sostengatuz. Eskerrak pisu bakarra den. Bizkarra txikituta daukat dagoeneko. Nola egingo zuen nire amonak zazpi seme-alabarekin? Asko pentsatzen dut amonarengan, amarengan… Ama izatea munduaren beste alde bat ezagutzea da.
Autora noa, eguzkiaren lehenengo argiak eta urriko hotz desiratua aurpegian nabarituz. Haurra autoko aulkitxoan jartzen dut, eta haur-kotxea bitan tolesten dut. Estudiora bidean, zuhaitzak gorritzen hasi dira. Trafikoak beti bezain bortitz jarraitzen du, presaka eguneko lehenengo ordutik. Iristean, haurra besoetan hartzen dut, eta irribarre zabala jaso dut —zoriona, biguntasuna—.
Estudioan, lurreko maindirean uzten dut alaba, jostailuekin. Azkenaldian, soinu-banda bat egiten ari naiz. Gitarra hartzen dut, «aaaaa». Jolastu, besoetan hartu, bularra eman. Lo dago? Sehaskatxoan utzi. Ordenagailura noa, sintetizadorean proba bat egin nahi dut, akorde hori nola zen? «AAAA». Bularrean jartzen dut berriro, taktikaz aldatu eta idazten hasten naiz, hala moduz. Ostikoak ematen dizkit, «mmmmmm», zer izango du? Xanpaina izango balitz bezala, titipunta kortxoa kentzeko keinuz askatzen du. «Pop!». Begietara zoriontasun osoz begiratzen dit —biguntasuna, maitasuna, etsipena—. Lan egiteko gai izango naiz? Ostiralean kontzertu bat daukat. Dokumentuak entregatzeko. Abestiak…
Sehaskan uzten dut, azaltzen diot lana zer den, eta konpromiso bat daukadala. Irribarrea. «AAAAAA».