«EHZ. Hizki bakoitzak hamarkada bat garraiatzen du». Festibalaren 30 urteko ibilbidea eta kontakizuna xehatu zituzten atzo Donapaleuko Bideak gunean (Nafarroa Beherea) Ainize Madariaga kazetariak eta Martta Irigoien kulturgileak EHZko kide frankorekin batera. Auzolanaren lurretan: 30 urtez zuzenean liburua presentatu dute liburuaren egileekin eta festibaleko laguntzaile ohiekin.
Atzo jende franko zen Bideak gunean. Festibaleko antolatzaile ohiak, bertsolariak eta liburuaren egileak batu ziren oren bat inguruko aurkezpen ekitaldian. Hala, liburua presentatzeaz gain, festibalaren 30 urteen ibilbidea kontatu zuten belaunaldi frankotako laguntzaileek solasaldi batean. Piztu elkarteko kontakizunetik gaurdainoko ibilbidea trazatu zuten, herrigintzatik sortu festibal kolektibo eta autogestionatuaren hiru hamarkadako gertaerak kontatuz.
Ikusi gehiago
Auzolanari buruzko historia bat, auzolanean bildua, eta auzolanean idatzia. Horixe da atzo karrikaraturiko liburuaren funtsa. EHZko kide eta liburuaren idazle Aitor Servierren erranetan, esperientzia kolektibo eta humano bat kontatzen du liburuak. Gainera, festibala kontatuz Ipar Euskal Herriko testuinguruari behatzea izan da helburua. «Komunitate baten bizipenen erretratu bat da liburua. EHZ festibalaz gain, Ipar Euskal Herriaren bilakaera sozial, kultural eta politikoa kontatzen du».

Lantalde bat sortu, artxiboak miatu, eta kontakizun kolektiboa osatu dute EHZko kideek. Festibaleko talde motorreko kide Andoni Azkuek erran duenez, festibala eraiki dutenei esker egin da liburua. «Gure belaunaldiak aitzinera eraman duen proiektua baldin bada ere, festibala egiten duten jende guziei esker da liburua hemen. Esker liburu bat dela erran dezakegu».
«Transmisiorako» tresna
Elkar argitaletxeko editore Matilda Legardinierren arabera, berriz, liburua egiteko prozesua naturalki egin da. Haren erranetan, festibala norbanako anitzen batuketaren emaitza da, eta hori ageri da liburuan. Editore izateaz gain EHZko kidea da Legardiener, eta prozesuan barna editore eta laguntzaile txapelak trukatu dituela erran du. Bertzalde, erantsi du festibala alternatiba anitzen zubia dela. «EHZ hainbat alternatibaren laborategi eta erakusleiho izan da hamarkada hauetan, eta hori guzia dakar liburuak», gaineratu du.
Maiena Uharte EHZko laguntzaile eta liburuaren diseinatzaileak ere hitza hartu du, eta kontatu du liburua diseinatuz izan trukaketek «ikaragarri» aberastu dutela, eta xantza «handia» izan duela EHZk utzi arrastoak ezagutzeko eta jorratzeko. Are gehiago, liburua transmisio tresna bat da haren ustez. «Tresna honek indar bat ematen digu ondoko belaunaldiekin are transmisio hobea gauzatzeko, eta EHZren orrialde berriak, hots, historiaren orrialde berriak idazteko».
«Tresna honek indar bat ematen digu ondoko belaunaldiekin are transmisio hobea gauzatzeko, eta EHZren orrialde berriak, hots, historiaren orrialde berriak idazteko»
MAIENA UHARTE Festibaleko laguntzailea eta idazlea
Azkenik, festibala barnetik ezagutzen ez zuen gomita bakarra Unai Iturriaga zen. Uharterekin batera parte hartu du diseinu lanean, eta festibalaren kontakizunaren muina borobildu du. «Pirritx, Porrotx eta Marimototsen leloa sentitu, pentsatu eta ekin da. EHZn ikusten dut sentitu eta pentsatu egiten dela, eta Euskal Herriarentzat premiazkoa da».
Liburua Ziburuko disko eta liburu azokan, ohiko liburu dendetan eta festibalean berean salgai izanen da, 25 euroan.