Bi asteko epean hankaz goiti jarri da 28 urteko ibilbidea. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatu dute Igartza beka ia 30 urtez, baina orain bertan beheiti uztea erabaki dute. Ohar labur baten bidez eman du albistea argitaletxeak berak, eta Palestinako gatazkarekin lotu du zuzenean erabakia. «Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren testuinguruan, Elkar argitaletxeak erabaki du Beasaingo Udalak, CAFek eta argitaletxeak berak antolatzen duten Igartza bekarekin ez jarraitzea, eta beka bertan behera geratuko da».
Ikusi gehiago
Saioa Alkaiza Guallar izan zen azken sariketako irabazlea, eta Katu ileak txandaletan eleberria idazteko 10.000 euroko diru laguntza bat eskuratzekoa zen. Irabazle izendatu eta egun gutxira, baina, idazleak uko egin zion beka jasotzeari, eta argudiatu zuen hark ez zuela genozidioaren «konplize» izan nahi. Hala erran zuen Alkaizak berria iragartzeko komunikatuan: «Palestinar herriaren kontra gauzatzen ari diren genozidioan CAFek duen inplikazioa salatzeko, uko egiten diot Igartza sariari». Irailaren 13an izan zen hori, eta ordutik adierazpenik egin gabekoa zen Elkar. Alta, BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak nazioarteko taldeak erantzunen bat eman zezala eskatu zion.
BDSk «txalotu eta eskertu» egin zuen Alkaizaren erabakia, eta balorazioa egiteko momentua probestu zuen argitaletxeari azalpenak eskatzeko. Edo, behintzat, hausnartu zezan erregutzeko. Taldearen irudiko, «erabaki ausartak» hartu behar dira «genozidekin» kolaboraziorik onartuko ez duen kultur mundu bat eraikitzeko. Gaur eman du Elkarrek azken erabakiaren berri.
Prentsara bidalitako azalpenean ez dute erabat zehaztu erabakia behin betikoa izanen den, halere.