Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak arrazoia eman die Hertzainak musika taldeko kide izandako Josu Zabala, Luis Javier Saiz Txanpi eta Enrique Saenz Kike musikariei. Epaileak Elkar argitaletxea kondenatu du, hainbat urtez taldearen errepertorioa zenbait plataforma digitaletan baimen legalik gabe ustiatu izana egotzita. Hiru musikariek 2023an jarritako salaketa batek jarri zuen martxan auzibidea, eta iragan azaroaren hondarrean izan zuten auzi saioa azkenerako. Zehazki, azken 30 urteetan haien abestiekin lortutako irabaziak behar bezala ez banatzea eta eskubide digitalak kontraturik gabe kudeatzea egotzi zioten diskoetxeari, eta, epailearen aurrean deklaratu ondoan, Elkarren «etika falta» agerian gelditu zela nabarmendu zuten musikariek komunikabideetara bidalitako ohar batean.
Epaileak ere delitua ikusi du Elkarren kudeaketan, eta, ebazpenaren arabera, guztira 21.473,05 euroko kalte ordaina ordaindu beharko die salatzaileei, kalte ekonomikoengatik ez ezik, bai eta eragindako min moralagatik ere. Epaia ez da behin betikoa, halere, eta helegitea aurkezteko aukera izango du Elkarrek, egoki ikusiz gero.
Auzitegiak musikariei eman die arrazoia, baina, zehaztu duenez, denbora epeengatik, delituaren parte handiena preskribatua dagoela ere ebatzi du. Izan ere, bost urteko preskripzio epea ezarri du auzi honetarako —musikariek salaketa jarri zuten egunetik beretik bost urte atzera eginda zehaztu dute epearen muga—, eta, hortaz, 2018ko irailaren 6ra arteko kudeaketari loturik epaileak atzemandako arau hausteak sententziatik kanpo gelditu dira. Zehazki, soilik ordutik aurrera —2018ko irailaren 7tik aitzinera— eta 2025. urtera arte eginikoak hartu dituzte aintzat ebazpenerako. Hain justu, Elkarrek plataforma digitaletako kudeaketa abiatu zuenetik eta Hertzainak-eko kideek salaketa jarri duten arte pasatutako denbora tarteari dagokionez, argitaletxeak argudiatu du musikariak ez zirela «inoiz» haiekin harremanetan jarri 1993an taldeak agur esan zuenez geroztik, eta 2023an Elkarrek berak jo zuela musikariengana, salaketaren berri izan ondoan.Â
Musika taldeak 1991n argitaratutako Mundu berria daramagu bihotzean diskoa ere zuzenean gelditu da epailearen ebazpenetik kanpo, musikariek aitortu baitute lan horren ustiatze eskubideak propio eman zizkietela Komite Internazionalistei.Â
Salaketa egin duten Hertzainak taldeko kideek albistea baieztatu dute. Epaia behin-behinekoa izanik, ordea, Elkarrek helegiteak aurkezteko aukera duela nabarmendu dute, eta, BERRIAri azaldu diotenez, oraingoz ez dute bestelako adierazpenik eginen, harik eta epaia irmoa den arte. Elkarrek berak ere horixe jakinarazi dio BERRIAri: behin betiko epaia ailegatu arte, ez du adierazpenik eginen.Â
Sententzian jasoa denez, auzian berebiziko garrantzia du Hertzainak taldeko kideek 1992ko ekainaren 30ean Oihuka zigiluarekin sinatutako kontratuak. Izan ere, 1998an, Elkarrek bere gain hartu zuen Oihuka; haren katalogo osoa eskuratu zuen hala, bai eta zeuzkan eskubide legalak berenagatu ere. Musikariek argudiatu gisara, aurrez Oihukarekin adostutako kontratu horren arabera, eskubide eta onura hauek aitortu zitzaizkion aipatu diskoetxeari, besteak beste: musika errepertorioa ustiatzeko eta Hertzainak-en masterrak grabatzeko eta erreproduzitzeko eskubidea. Ordea, kontratuan euskarri fisikoei loturiko eskubideak baizik ez ziren aintzat hartu —biniloak, kaseteak eta CDak—, eta, orain, salatzaileek nabarmendu dute ez zutela «etorkizuneko balizko bestelako banaketa modalitateei» buruzko klausularik jaso horretan. Ondorioz, musikariek azpimarratu dute, Elkarrek Oihuka bere gain hartu zuenez gero, harekiko akordioan ere ez dagoela euskarri fisikoez bestekoen gaineko eskubiderik aitortuta. Hori du muina auziak: 1992an artean martxan ez ziren plataforma digitaletan —Spotify, Apple Music, Amazon Music eta Youtube daude sententzian jasota, kasurako— haien musika errepertorioa kudeatu izanarekin baitu ikustekoa Hertzainako hiru kide ohien salaketak. Haien esanetan, eta orain epaileak ere ebatzi duenez, Elkarrek ez baitzuen horretarako baimenik.Â
Albistea osatzen ari gara. Laster, informazio gehiago.Â