Haizea Barcenilla
Begiz

Elkarketa ala murrizketa

2026ko urtarrilaren 27a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko abenduaren 15ean, Bilbo Arte eta Azkuna zentroa elkartzeko erabakia hartu zuen Bilboko Udalak. Abenduaren erdiko bi asteak eztabaida publikorik gabe hartutako erabakiak oihartzun gutxirekin pasatzeko erabiltzen dira: 2024ko abenduaren 12an eman zen ezagutzera Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariaren dimisio gatazkatsua, eta iazko abenduaren 16an jakinarazi zuten Guggenheim Urdaibai proiektua utzi egingo zutela. Hain zuzen, berri esanguratsu horrek estali zuen Bilbo Arteren eta Azkuna zentroaren elkarketarena, oso esanguratsua eta larritzekoa den arren.

Bi erakundeak Bilboko arte esparruko baliabide funtsezkoak dira, eta funtzio oso desberdinak betetzen dituzte. Azkuna zentroak erakusketa propio esanguratsuak ekoizten ditu, askotan Euskal Herriarekin lotura duten arren berton ezagunak ez diren artistenak —Marisa Gonzalez oraintxe, Bene Bergado, Maria Luisa Fernandez—; edo, bertakoak izanda ere, museoetan leku gutxi izan dutenena —Mabi Revuelta, Ana Laura Alaez, Ixone Sadaba, bestek beste—. Horretaz gain, literaturaren, dantzaren, zinemaren eta bestelako adierazpideen topaleku ere bada zentroa.

Bilbo Arte ezezagunagoa da jendartean, bere jarduna arte ekoizpenari zuzenduagoa dagoelako. Urazurrutia kalean kokatuta, tailer espezializatuak eskaintzen dizkie artistei euren lana egin dezaten. Badira beka eta estudioa duten egoiliarrak, baina, horietaz gain, zentroko baliabideak erabiltzeko aukera ematen dien suskripzio bat izan dezakete inguruko artistek. Metala mozteko makinak, zeramika egosteko labeak, 3Dko inprimagailuak edo grabatzeko platoak erabil ditzakete, prezio zentzuzko baten truke. Gainera, Bilbo Artek bilduma bat du, 25 urtean bertan egondako egoiliarren lanekin osatutakoa, eta 2023an erakusketa areto berria ireki zuen Uribitarte pasealekuan.

Orain gutxi arte, funtzio desberdin bakoitzak bere arduraduna zuen: Javier Riañok zuzentzen zuen Bilbo Arteko ekoizpen partea, Helena Lopez Camachok bilduma eta erakusketa aretoa, eta Javier Perezek programatzen zuen Azkuna zentroa. Erabaki berriarekin, eta Riañoren erretiroarekin, Lopez Camachok hartu beharko ditu bere gain eginkizun guztiak. Asko larritzen nau horrek. Profesional bikaina da Lopez Camacho, baina argi dago hiru pertsonak egiten zutena baten esku geratzen bada asmoa programazioa murriztea edota funtzioak kentzea dela.

Bi zentro hauek ez dira turistak erakartzeko eginak, bertako arte sistemari eta artezaleei lekua emateko baizik, eta hori salbuespen bilakatzen ari da Bilbon. Azken urteotan «Bilbo mapan jartzeko» balio ez duten ekintza kulturalak gutxiesten eta baztertzen aritu da udala; erabaki hau norabide berberean doalakoan nago. Bada garaia bi erakundeak aldarrikatzeko, beranduegi izan baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA