Literatura

Enigma eta karisma

Europako nobela beltzaren gaur egungo «erreginatzat» hartua da Fred Vargas idazlea. Istorioetako enigmek ez ezik, begirada historiko eta sozialek ardaztu ohi dituzte haren lanak. Lehenbiziko aldiz euskaratu dute berriki.

Fred Vargas 2009ko irudi batean, Brasilian.
Fred Vargas 2009ko irudi batean, Brasilian.
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko otsailaren 18a
05:30
Entzun

Literatur lanak generoetan sailkatzearekin kritikoa da Fred Vargas idazlea. «Etiketa batzuk dira, liburuak komertzioetako apaletan ordenatzeko balio dutenak». Batera edo bestera izendatuagatik, elementu antzekoak ikusten ditu lan gehienetan: problema baten planteamendua eta konponbidearen bilaketa, funtsean. Eta akaso horregatik, bere eleberriei ere nahiago lieke «beltz» adjektiboa erantzi. Ordea, ez zaio erraza, batere. Aspaldi baitu belztasunari loturiko titulu bat soinean jarria. «Europako nobela beltzaren erregina» da gaur egun, aditu askoren irudiko.

Parisen jaioa da Vargas, 1957an sortua. Historialaria da ikasketaz, arkeozoologian espezializatua, zehazki. Kimika ingeniaria zuen ama —haren izena ez da zabaldu publikoki—, eta idazle surrealista aita: Philippe Audoin-Rouzeau. Izatez, Fred Vargasek Frederique Audoin-Rouzeau du izena egiazki, nobelak bestela sinatuagatik ere. Ahizpa biki Joelleren urratsei segitu zien horretan: hura margolaria da, eta Jo Vargas izenordearekin sinatzen zituen lanak ordurako. Biek ala biek aitortu dutenez, The Barefoot Contessa filmeko (1954) Maria Vargas pertsonaiaren omenez hartu zuten deitura hori.

Anaia bat ere badu: Stephane Audoin-Rouzeau historialaria, Lehen Mundu Gerran espezializatua. Eta, hain zuzen, harengan inspiratua dago Fred Vargasen eleberri gehien-gehienen protagonista Jean-Baptiste Adamsberg. Komisario bat da, batik bat intuizioari segika saiatzen dena kasuak argitzen. Vargasek haren bitartez harilkatu ditu dozena bat «enigma eleberri» —izatekotan, «enigma» kategorian sartzen baititu Vargasek bere obrak—. Sei urteko etenaldiaren ondotik, idazleak 2023ko udaberrian eman zuen azkena: Sur la dalle.

Nievreko indusketa gunean arkeologo ari zela idatzi zuen lehenbiziko eleberria, Les jeux de l’amour et de la mort (1986), eta Cognac Festibaleko sari nagusia irabazi zuen harekin. Hala eta guztiz, orain gutxi erdietsi da lehenbiziko aldiz haren eleberri bat euskaraz plazaratzea: Altxa, hildakoak eman du Txalaparta argitaletxeak. Beñat Irastortza itzultzaileak ekarri du euskarara, VI. (H)ilbeltza bekarekin. Les évangélistes eleberri seriearen lehenbiziko alea da —jatorrizkoa 1995ekoa da; Debout les morts—, 1996an Frantziako Mystere de la Critique saria jasotakoa. 

Itzultzailearen esanetan, berriki euskaratutako nobelan ederki ispilatzen dira Vargasen obraren «bereizgarrietako» batzuk. «Pertsonaien eraikuntzan jarritako arreta» aipatu du Irastorzak, adibidez, eta honela zehaztu: «Pertsonaia bitxiak eraiki ohi ditu, izaera nabarrekoak, karikaturizatuak batzuetan, baina enpatia handiz idatziak den-denak». Pertsonaien barne gogoetan azpimarra eginez trazatzen ditu izaerak, eta umore zertzeladak ere sarri eransten ditu. Izatez, Vargasek bere idaztankeran bistaratzen duen umorea goraipatu du itzultzaileak. Baita beste hauek ere: «Karisma», «poetika» eta «elkarrizketen bizitasuna», argotean idatzia zenbaitetan. 

«Pertsonaia bitxiak eraiki ohi ditu [Vargasek], izaera nabarrekoak, karikaturizatuak batzuetan, baina enpatia handiz idatziak den-denak».BEÑAT IRASTORZAItzultzailea

Gainera, Vargasi nobela beltzen konbentzioetatik urruntzeko balio dion ezaugarri bat ere nabarmendu du Irastorzak: Les évangélistes serieko hiru protagonistak ez dira ez komisarioak ez detektibeak, historialari gazteak baizik. Bestalde, Altxa, hildakoak nobelaren hasieran ez dago ez hilotzik ez eta desagerpenik ere, ezpada «zuhaitz baten ustekabeko agerpena». Sophia Simeonidis kantariaren lorategian azaltzen da arbola hori, eta egun batzuen buruan desagertzen da hura gero.

Bera ere enigmatiko

Vargasek ez du autograforik sinatzen, apenas eskaintzen duen elkarrizketarik, eta uzkur azaldu ohi da jendaurrean adierazpenak egiteko, okasioa zernahi izanik ere. Tantaka eman ditu, adibidez, literaturarekin duen harremanari buruzko azalpenak. Edonola ere, 2009ko Gijongo (Espainia) Aste Beltzean aitortu zuen literatura «angustiaren kontrako sendagaia» duela. Bestalde, idazleak inoiz adierazi du «beltz» gisara sailkatutako literaturak balio duela errealitatea erakusteko, baina berak haratago nahi duela iritsi: «Errealitatea erakutsi, baina amestuko genukeen bezala». Surrealismo ukituak antzematen dituzte batzuek haren nobeletan. 

Nobelagintzatik kanpo eginak ere badira Vargasen bidean azpimarratzekoak. Politikan, ezkerreko militantea da, eta alderdi ekologisten alde azaldu da jendaurrean. Gainera, zenbait saiakera idatzi ditu, hala nola Petit traité de toutes vérités sur l’existence (2001), baita zientzia argitalpen batzuk ere, izurri beltzari buruzko Les chemins de la peste, le rat, la puce et l’homme (2003) kasurako. Zientziari loturikoak benetako izenez sinatzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.