Leire Vargas 2

Entzulearen neurrira

2026ko azaroaren 24a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Besteak beste, erritua da bertsoa. Gutxi-asko ezaguna zaigu denoi protokoloa: saio batean non jarriko diren bertsolariak, non gai-jartzailea (halakorik balego), non entzuleak... Behin tokiak hartuta, gai-jartzailea altxatuko da lehenengo, seguruenik, eta haren agindutara egongo da bertsolaria. Bertsoan zehar eta, batez ere, amaieran, publikoak erantzun egingo du: txaloz, barrez edo bestelako keinuz.

Hala, bertsolariaren buruan gertatzen denaz harago, hamaika faktorek baldintzatzen dute bertso bakoitza den testu edo artefaktua. Gaia da eragile agerikoena, baina, bertsolariak librean ari direnean ere, adibidez, inguruan ikusten dutenari edo aktualitateari abesteko ohitura dago. Eta konbentzio hori bertsoaren parte den hirugarren faktore garrantzitsuari lotzen zaio: entzuleari. Izan ere, zergatik abesten dio bertsolariak espazioari, egunkariko titularrei edo, are, saioan zehar lehenago gertatu den horri? Bada, oro har, entzulearekiko konexioan ulertzen dugulako bertsoa. Entzulearenganako zubiak eraikitzeko aukera emango dioten kode konpartituen bila ari da bertsolaria etengabe. Horregatik baliatzen ditu denoi ezagunak zaizkigun zoru komun horiek, eta horregatik, besteak beste, alda daiteke hainbeste bertsolari baten ekoizpena sagardotegi batean kantatu, jai transfeminista batean, edo txapelketan, adibidez. Logikoa da: irudikatzen duzue, bestela, bertsolari bat bere-beretzako soilik abesten, parean inor ez balego bezala?

Ageriko gauzak esaten ari naiz, noski, baina aipatutako guztiak ahazteko joera dugun kontu bat dakar mahai-gainera: entzulearen agentziarena. Jendaurrerako ari diren sortzaile gehienei eragingo die, neurri txikian bada ere, besteek haren lana jasoko duten moduaz pentsatzeak, baina, beren gelan edo estudioan lanean ari direnean, distantzia hartu ahalko dute balizko hartzaileengandik. Bertsotan, ordea, fisikoki ezinezkoa da hori: salbuespenak salbuespen, jendaurrean jaio eta hiltzen da bat-bateko bertso bakoitza. Ondorioz, eta bertsoaren helburua, historikoki, nolabaiteko elkarrizketa, hartu-emana sortzea izan denez, gaiaz eta bertso-kideez gain, entzuleak eskatzen dionari adi egon behar du bertsolariak. Eta, hala, sorkuntzaren parte da entzulea ere.

Originaltasuna baloratzen bada, ordea, ez al da harrigarria bertsolariek, gaiak irekiak direnean ere, pertsonaia ezaguterraz eta sozialki onartuak ordezkatzearen alde egitea gehienetan? Inor gutxik abesten du publikoari guztiz arrotza zaion errealitate batetik

Eta zer da, ba, publikoak bertsolariarengandik espero duena? Plazaz plaza aldatuko dira espektatibak, baina uste dut zehar-lerroren bat topa daitekeela. Azken finean, bozgorailuak emandako pribilegiozko posizioan kokatzen ditugu bertsolariak—bestela esanda, esateko dutena entzun nahi dugu (begiratu, bestela, egunkari honetako zutabegile zerrendan zenbat garen bertso plaza zapaldutakoak). Jakin nahi dugu zer pentsatzen duten azken eztabaida soziopolitikoez, edo zelan erantzungo lieketen eguneroko egoera gatazkatsu edo absurdoei. Eta, batez ere, beharbada, guri bururatuko ez litzaigukeen ertz berri bat topatzea espero dugu: ezaguna zaigun horri irtenbide berri eta sortzailea eman diezaioten. Harri gaitzaten. Espero dugu, hitz bakarrean, originaltasuna.

Originaltasuna baloratzen bada, ordea, ez al da harrigarria bertsolariek, gaiak irekiak direnean ere, pertsonaia ezaguterraz eta sozialki onartuak ordezkatzearen alde egitea gehienetan? Inor gutxik abesten du publikoari guztiz arrotza zaion errealitate batetik. Maialen Lujanbiok Moio liburuan egiten zaion elkarrizketan azaltzen duena dakarkit burura gatazka horrek: «Txapelketa bezalako plaza estandar eta orotariko batean [gai jakin batez] kantatu dezakezu, bueno, kantatu ahal denean, edo kantatu ahal izan baino pixka bat lehenago, asko jota. Eta jendeak, jaso ere, jasotzen du, jaso ahal duenean, dekodifikatu dezakeenean eta zertan zabiltzan badakienean». 2017ko Txapelketa Nagusian pertsona trans baten ahotsetik abestu zuenekoaz ari da Lujanbio. Eta erantzun biribila ematen dio azken galdera horri: bertsolariek jaso ditzaketen mundu-ikuskerez harago, publikoak, guk geuk mugatzen dugu bertso plazan tokia daukaten gaien espektroa. Guk, gure txaloek, gure karkaila, oihu eta txutxu-mutxuek. Eta, harago joanda, saioa amaitu eta gero entzundakoak uztea nahiko genukeen arrastoak.

Originaltasuna eta berrikuntza txalotzen ei ditu bertso plazak, baina berrikuntza horrek badu mugarik, hortaz. Aldi berean, jakina da badaudela gai eta dinamika batzuk, betikoak izan arren, funtzionatzen dutenak, aldiro pizten dutenak publikoa. Zelako originaltasuna nahi dugu, orduan? Zer zoru komun ahituren erabilera txalotzen dugu, eta zer ertz berrik jartzen gaitu deseroso? Zein ahots eta gorputzek? Eta, hori kontuan izanda, harri gaitzaten nahi dugu benetan, edo dagoeneko gustuko duguna itzul diezaguten baino ez dugu nahi, bilgarria apur bat aldatuta?

Publikoarekiko kode konpartituak lotuko du bertsolaria beti. Entzuleok, bestalde, noraino utziko dugu eraman gaitzan bertsolariak?

Hainbat entzule Eibarko saioan. GORKA RUBIO / FOKU
Hainbat entzule Eibarko saioan, iragan urriaren 31n. GORKA RUBIO / FOKU
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA