Amets Aranguren
Lauhazka

Erabakiak

2026ko azaroaren 29a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia dena da urdin argia, zuria, berdea edo grisa hemen barruan; grisa, batez ere. Baita eraikina bera eta bertan egunero ordu asko ematen dituen jendearen jantziak ere. Kolore, forma eta usainek «Egon zaitez isilik, serio eta pixka bat triste» esaten didatela iruditzen zait. Tarteka bada beix edo okrerantz egiten duen pareta edo ate-markoren bat, despistatzeko igual.

Asteko egunak ez du kanpoan bezainbeste agintzen barru honetan: ez dira horren arabera diferenteak esnatzeko ordua, menua edo eguneko plana.

Urdin argiz jantzita doan emakumezko bat ari zaigu azalpenak ematen eta nik, buruarekin baietz esaten diodan bitartean, ezin diot bere kofiari begiratzeari utzi. Crazy hitzez josia dago, kolore bizi desberdinetako crazy-z. Ez dakit, nik ez nukeen hori hautatuko.

Jakinarazpena heldu zaigu sakelako telefonora:

7:53 Kirurgia eremuan sartu da pazientea

Eskuineko igogailuan edonor sar daiteke, ezkerrekoa hartzea debekatuta. Handia da igogailua, baina ez du ispilurik. Gauza asko dago idatzia braillez. Bueno, asko ez dakit, kanpoko igogailuetan baino gehiago bai.

Eraikinak badu kafetegi bat, Tiger dendaren antzeko funtzionamendua duena: ordaintzeko lekura heldu ahal izateko, salgai dituzten produktu guztiak ikusteko bidea egin behar da bai ala bai. Zeliakoendako ez dago ia deus. Eskudirutan pagatu nahi baduzu, makina batean sartu zure dirua. Itsulapikoa ikusiko duzu makinaren gainean: bote / gracias (botea / eskerrik asko) dauka errotuladore permanente batekin-edo idatzia. Bide batez, prezioak aireportuetakoetatik oso urruti ez.

8:28 Ebakuntza gelan sartu da pazientea

Eskatutakoa hartu eta erretiluetan eramaten du mahaietara jendeak. «Eskerrik asko erretilua hemen uzteagatik» jartzen du erretiluak pilatzeko orga bertikalean. Kafetegiko paretak, kalera ematen duten biak, kristalezkoak dira eta wifia ez dabil (edo nik ez dut konektatzea lortu, ez dugu baztertuko).

9:17 Hasi da pazientearen ebakuntza

Itxarongelako apalategi erdi-huts erdi-bete baten ondoko kartelak hala dio: «Ongi Etorri Irakurketaren Txokora». Higiene neurriak eta erabilera arauak datoz ongietorriaren ondotik, hau higiene neurrietan laugarrena: «Irakurketaren Txokoari edo liburu bati eragiten ahal dion edozein istripu izaten baduzu eta gorputzeko fluidoekin (odola eta bertze batzuk) zikintzen edo kutsatzen bazara, ez itzuli liburua, eta jakinarazi unitateko osasun langileei». Eta hau hirugarren erabilera araua: «Liburuak emateko asmoa baldin baduzu, kontuan hartu uzten dituzun unitateko pertsonak». El corazón tardío (Bihotz berantiarra), El alcohol y tu salud (Alkohola eta zure osasuna), Jesus, Nuestra Esperanza (Jesus, Gure Esperantza) eta Erria aldizkariaren ale bat daude hemen, besteak beste. Digestio-aparatuaren unitatean gaude. Orrialdearen beheko aldean, Nafarroako Gobernuaren logoaren gainean, zera jartzen du: «Nafarroako Osasun Sistema Publikoa humanizatzeko estrategia».

Apalategi horretan bertan, baina baita gelako aulki, mahaitxo eta bestelako gainazaletan sakabanatuta daude gutxi gorabehera 3x6 zentimetroko koloretako papertxoak. Juliak, Paulak, Jennik, Gabrielak, Wilsonek edo Rosak sinatutakoak dira. Eraikin barruan edo kanpoan, orduka edo egunka, lanegun zein jaiegunetan, jende heldua zein gaixo dauden pertsonak zaintzeko prest daude. Haien telefonoa dago papertxoetan, deitu nahi badiezu. Paula eta Jennirenak badu bihotz bat marraztua. Juliarenak, emakumezko bat gizon heldu bat zaintzen.

Gelako aulkiak zuriak dira, pareten kontra daude jarriak eta elkarri lotuak. Plastiko gogorrekoak dira. Pasillora ematen duten bi hormen kristalak zeharrargiak dira. Berdea da parte hori, zuhaitzez betea, basoa-edo. Basoa eta basoak omen dakarrena, pentsatzen dut: oxigeno garbiagoa, lasaitasuna, freskura, aire librea, osasuna, edertasuna, esperantza, askatasuna… Urrutiegi joan naiz agian?

12:06 AOSUn dago pazientea

Hemen negar egin daiteke, baina selfie bat igual hobe ez.

Sarreran bada Nafarroako Ospitale Guneko Erlijio Zerbitzuaren zilar koloreko plaka bat. Horario de misa (meza ordutegia) ageri da bertan, lanegun zein jai egunetakoa. Ez naiz fijatu zer zegoen salmenta-makinetan.

Galduta ikusi nau urdin ilunagoz jantzia doan gizon batek pasilloetan barna: «Galduta zabiltza, ezta? Zonalde hau, esan dezagun… hotela da, zuek hostalean egonen zarete». Berde argia zen hotela, hostala baino modernoagoa, eleganteagoa.

15:22 Amaitu da pazientearen prozesu kirurgikoa

Eta igo dute pazientea gelara. Egun batzuk eman ditu bertan; guk, txandaka, ere bai. Gauzak jaso eta etxera itzuli aurreko goizean eman dugu azken paseoa pazienteak eta biok: «Zatoz, goazen Bosgarren Etorbidera, Sorollaren erakusketa dute han», esan dit.

Nafarroako Ospitaleko korridoreetan ikusgai dagoen Joaquin Sorollaren koadro baten erreprodukzioa. AMETS ARANGUREN
Nafarroako Ospitaleko korridoreetan ikusgai dagoen Joaquin Sorollaren koadro baten erreprodukzioa. AMETS ARANGUREN
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA