Hiru egunez, askotariko film laburrak izan dira ikusgai Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdian, Aretxabaletan (Gipuzkoa). MU Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateak antolatzen du jaialdia, eta atzo eman zioten amaiera 19. aldiari, Sail Ofizialeko lanen proiekzioekin eta sari banaketa ekitaldiarekin. Banan-banan jaso zituzten aurtengo sarituek beren garaikurrak. Deñe Garcia-Bravok eta Mikel Balerdik Sail Ofizialeko Huhezinema saria eta Ikusle saria irabazi zituzten Eraman zutela lanari esker.
Ikasle Sailean, berriz, Eire Maiaren Zeharkatzen gaituena lanarentzat izan zen Ikasle saria; Ainhize Landaren GR 31-rentzat Ikusle saria; eta Aner Olaizolaren Harrigorena-rentzat MUko ikasle lan onenari saria.
Bideoklipak biltzen dituen atal bat ere badu jaialdiak, eta hartan, Ximon Agirrek eta Alex Perezek ondutako Emoie filmak eraman zuen Bideoklip onenaren saria. Sail berean, Danel Ezpeletaren eta Aner Olaizolaren Saiatu lana izan zen ikusleen gogokoena.
Halaber, jaialdiaren kolaboratzaile diren eragileetako bik ere beren sariak banatu zituzten, tartean BERRIAk. Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottiren Ultramarino lanarentzat izan zen Berria saria; eta Hogei4 saria, berriz, Aitor Abioren Dicen que tu padre filmarentzat.