Airearen eguneroko murmurioa, haren erresonantziak eta jendeak bere bizitokietan uzten dituen arrastoak. Ia erabat antzemanezina den hori entzuteko gonbidapena egin du Eric La Casa artistak Donostiako Tabakaleran. AIR. ratio 3 izeneko soinu instalazioa jarri du horretarako kultur zentroaren eskailera nagusian, eta bere Parisko apartamentuan egindako ikerketa batean dago oinarrituta. Esperientzia «intimo» hori Tabakalerako gune publikora ekarrita, espazioa eta denbora ulertzeko modu berri bat eskaini nahi du orain obrak. Scala programaren barruan aurkeztu dute.
Airea da, bada, La Casak entzunarazi nahi duen elementu nagusia; haren marmarra eta mugimendua. Baina fenomeno gisa ez ezik, bizimodu kolektiboaren isla modura ere aurkezten du airea piezak. Hala azaldu du artistak: «Airea garen horretaz eta elkarrekin egiten dugunaz eginda dago. Oroimena da, gorputza da, historia partekatua da».
«Airea garen horretaz eta elkarrekin egiten dugunaz eginda dago. Oroimena da, gorputza da, historia partekatua da»
ERIC LA CASA Artista
Tabakalerako iturriek nabarmendu dutenez, soinu-arte garaikidearen erreferentzia nagusietako bat da egun La Casa. 1990eko hamarkadaz geroztik, ingurunea entzutea xede duten lanak garatzen dihardu; gorputza entzuteko tresna gisa lantzen du, eta soinua, berriz, oroimenerako tresna gisa. Haren lanen artean, landa grabazioak, murgiltze instalazioak eta irrati piezak daude, eta hainbat artista bisual, koreografiko eta zinemagileekin egin du lan, hala nola Tarek Atoui, Luke Fowler eta Noe Soulier.
Hamahirugarren soinu paisaia
Scala proiektua 2021. urtetik du martxan Tabakalerak, eta arkitekturaren, gorputzaren eta entzutearen arteko erlazioak aztertzeko soinu laborategi gisa funtzionatzen du. Eraikineko eskailera nagusia hartzen du beti, eta bertan jarritako hamahirugarren lana da AIR. ratio 3. La Casaren lan horren aurretik, Niño de Elchek, Maialen Lujanbiok, Carlos Casasek eta, berriki, Garazi Navasek aurkeztu dituzte entzuketarako eta kontenplaziorako euren proposamenak.
Aurrekoekin egin bezala, kultur zentroa irekita dagoen ordutegi berean egongo da abian La Casaren obra ere. «Ez dago bidea egiteko modu bakarra, ezta hautemateko modu bakarra ere», oroitarazi dute erakundetik. «Urrats bakoitza eta arnasaldi bakoitza bisitariaren eta ingurunearen arteko koreografia ikusezinaren parte dira».
Abuztuaren hondarrean aurkeztu zuten, eta urtarrilaren 25era arte egongo da martxan La Casaren esperientzia kolektiborako gonbidapena.