Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Ernatu da munstroa

Nerea Ibarzabalek irabazi du Eibarko saioa, 740 puntu lortuta. Haren gibeletik sailkatu dira Alaia Martin (722), Miren Artetxe (713,5), Oihana Iguaran (701,5), Nerea Elustondo (696) eta Asier Azpiroz (642,5).

Nerea Ibarzabal gailendu da Euskal Herriko Txapelketaren bigarren finalaurrekoan, Eibarren, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Nerea Ibarzabal gailendu da Euskal Herriko Txapelketaren bigarren finalaurrekoan, Eibarren, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Muxika
Eibar
2026ko urriaren 31
22:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antzerkiak, ipuinak eta mozorroak egin daitezke Gau Beltza ospatzeko; edo egin daiteke bertso saio bat, beltza bainoago koloretsua izanen dena aukeran. Sei koloreetatik bakarra aukeratu behar, eta Nerea Ibarzabal Salegik eskuratu du lehen postua Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua kiroldegian, 740 punturekin, Gau Beltza ospatzetik urrun dagoen saio batean: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan. Hala, automatikoki lortu du gutxienez bertze behin kantatzeko txartela. Gasteizen izanen da, azaroaren 28an. Lehen aldia izan du gaur aurtengo txapelketan, eta halaxe agurtu ditu entzuleak: «Lagunduiguzu gaur Ipuruan/ izan nahiaren argi puruan/ gorputz osora drenatzen/ eta munstroa esnatzen».

Irabazlearen gibeletik, hurrenkera honetan sailkatu ditu epaimahaiak bertze bortz bertsolariak: Alaia Martin Etxebeste (722 puntu), Miren Artetxe Sarasola (713,5 puntu), Oihana Iguaran Barandiaran (701,5 puntu), Nerea Elustondo Plazaola (696 puntu) eta Asier Azpiroz Iztueta (642,5 puntu). Kartelak eman du lehen abisua, bertsolariek baieztatu dute gero, eta puntuazioak eman azken kolpea: maila handiko saioa izan da, borobila eta erregularra. Gozatua hartu dute entzuleek, eta bereziki bero erantzun diete bertsolariei, nola akaberak errepikatuz hala txalo joz. 

Nork bere aurkezpena eginda, Igotz Alkorta Irastorza gai emaileak zortziko handia agindu die hiru bikoteei, eta txukun abiatu dituzte lan puntuagarriak, Martinek eta Iguaranek, adibidez. Ama izan nahi ez duten bi lagunen larruan jarrita aritu dira kantuan, eta esplikatu jendeak etengabe galdetzen diela ez ote duten haurrik eduki nahi. «Hementxe gaude zutik ta harro/ nahiz baden nahiko esames/ gu emakume osoak gara/ haurrak eduki ala ez», hasi da Martin, eta egokiro erantzun Iguaranek: «Arroza pasa behar zaidala/ datozkit haur bat sustatzen/ ta ja ez dakit nola azaldu/ ez zait arroza gustatzen». Lagunen seme-alabak dituzte haiek umetzat, eta Ibarzabalek bere ezezkoa berretsi du: «Zertan ekarri ume gehiago/ mundu hautsi honetara?». Elustondo eta Azpiroz ere hagitz ongi aritu dira jardunean, eta kolpe politak utzi dituzte bidean.

Hiru bikoteek asmatu dute, jarraian, nola eragin zortziko txikiari. Eta nola jarri entzulea irriz. Martin eta Ibarzabal, kasurako, 25 urteko bi gazte izan dira, elkarrekin curriculum bana prestatzen. Daturik txikiena ere puztu egiten du Martinek, eta idatzi du Harvardeko unibertsitatean ikasi duela. Lehen kolpea bota du Ibarzabalek: «Harvardera, bai, bueno/ jarri zeure kasa/ familian jun zinen/ asteburu-pasa», eta fin erantzun Martinek: «25 dauzkat, bai/ ta argitu nahi nuke/ lanean daramatzat/ 26 urte». 

Kolpez eta umorez

Bikain aritu dira neurri berean Elustondo eta Artetxe ere, lehena bezeroa eta bigarrena medikua. Hamabortzgarren aldia du Elustondok medikuarenean, Interneten begiratzen baitu sentitzen duen sintoma bakoitza. Ez dio kasurik egiten Artetxek, eta halaxe bota dio bezeroak: «Internetek zuk baino/ gehio daki, pentsa/ uste baino okerrago/ dago Osakidetza». Internetek hori erraten dion arren, medikuak esplikatu dio haurrik eduki gabe ezin zuela mastitisik izan, eta Elustondok barrez jarri du eszenatoki azpi dena: «Beste inork hozkatzea/ ere posible da/ ta gisa hortan zerbait/ raroa atera/ Internet bihurtu zait/ egiazko aukera/ beti baitzabiltzate/ greba eta greba». Kolpe bati, bertze bat jarraian: «Ta baldin badauzkazu/ pezoiak lehertuta/ Nerea, ez da izango/ ba grebaren kulpa». Hortxe lehertu dira entzuleak eta giroa. 

Puntuka aritu dira gero, bizi, eta behin baino gehiagotan egin diote erreferentzia aitzineko ofizioetan bertsokideek errandako kontuei. Kanpin denda ezin muntatu ari diren bi lagun izan dira Azpiroz eta Martin, kultur elkarte bereko bi kide Artetxe eta Iguaran, eta bi lagun aberats Elustondo eta Ibarzabal. 

Bakarkakoen txanda. Martin izan da lehena mikrofonora hurbiltzen, eta doinu berria ekarri du diskurtsoa laguntzeko; Valeria Castro abeslariaren kantu batean oinarritutako doinua da. Hildakoak makillatzea eta prestatzea izan da bere ogibidea, eta eguneko hirugarren gorpuari aritu zaio kantuan. «Señora, ezpain gorriez/ zeinen dotore zabiltzan/ guapa-guapa egon zaitezen/ zure hurrengo bizitzan». Dotore hasi da lanean, eta bigarrenean entzuleak hunkitu ditu: «Mimoz egiten dut dena/ ta kariñoz gehienean/ baina batzutan hausten zait/ korapilo bat senean/ ta rimela korritzen zait/ ume bat heltzen denean». 

Honakoa izan du Iguaranek bakarka aritzeko gaia: «Euskaltzalea zara. Herriko plazan pintaketa bat agertu da: ‘Etorkin gehiegi euskararentzat’». 2022ko txapelketan ateratako doinua erabili ditu, ederki geratzen zaiona, eta fin hasi da lehen bertsoa josten: «Euskara hiztunok gara/ ta euskara hain haundi da/ gerturatzeko prest dauden/ guztiak kabitzen dira». Eta borobiltzen segi: «Nor den pentsatzear nintzen/ nere herrikide al den/ herri hau mugaz gaindi zen/ ta mugatu nahi duena/ ez zait herrian kabitzen». 

Ibarzabalek hiru bertso eder-eder osatu ditu, eta ileak puntan jartzeraino egin dute txalo hura aditzen ari direnek. Lanera joateko ordu erditik goiti gidatu behar izaten du, eta, maiz gertatzen zaion bezala, istripu larri bat ikusi du errepidearen bertze aldean. «Autopistak maiz hartzen nau/ ni egoera zailetik/ istripuari izkin egin/ rotonda borobiletik/ heriotzak gidatzen du/ nire ondoko karriletik», hasi da kantuan, hura ere doinu berri baten melodian. Irakasle baten gorputzean jarri da, eta esplikatu du azkenean lortu duela ikastetxera iristerik. Han ditu zain ikasleak: «Han egongo da nire zain/ hogei ikasleko gela/ beraien chromebook, liburu/ apuntea ta arbela/ ta ni oraindik dardaran/ eta ahoa umela/ esango dut historia/ aspaldian hasi zela/ gero kafea ta gero/ patioko errezela/ heren triste bat jornadan/ ta halere zorte itzela/ amari idatzi diot/ goiz guztietan bezela/ euria ari duen arren/ ondo iritsi naizela». 

Artetxeri ez zaio hain gai hunkigarria tokatu, eta, halere, ederki asmatu du bertso ederrak sortzen. Lehen aldiz munduko txapelketa batean euskal selekzioa ordezkatu duen pilotari baten ahotsetik aritu da, baina ez zegoen kontent, euskal selekzioa izanagatik euskaldunen kontra jarri baitute partidua jokatzen. Irungoa (Gipuzkoa) da bera, eta hendaiarra (Lapurdi) du pilotako laguna. «Argentinako final handia/ ez zait askorik inporta/ nahiz irabazi dudan gaurkoan/ ni berez nago lur jota/ nere herriaren alde arituz/ nire lagunaren kontra». Hemen bertsoaldia bikain bukatzeko modu bat: «Nahiz nere lagun guztiak dauden/ biba ta ujuka kasi/ ez dugu ezer ospatzeko ta/ ez dugu deus irabazi». 

Azpirozi ere gaur-gaurko gai bat egokitu zaio: denda itxi behar izan duen langilearena. Herri txiki bateko liburu denda bat aukeratu du bertsoak osatzeko, eta azaldu geroz eta irakurle gutxiago joaten dela berera. «Azken urtetan falta izan ditut/ bai diru ta bai bezero/ kalera irtenez gero/ asko hortxe datoz bero/ disgustu latza hartu dutela/ ta ez zutela espero/ jende mordoxka gerturatu zait/ baina itxi eta gero». 

Eta kantatzen azkena, Elustondo, ohiko tonu ironikoz aritu da, dotore. Parte hartzen duen mugimendu politikoan polizia infiltratu bat dagoela susmatzen hasi da: «Askatasuna denean/ herri baten gutizia/ dena izorratzeko gertu/ beti hor dago Polizia». Irri txiki gaizto batez itxi du istorioa: «Gure taldea benetan/ izan baileike emankor/ barruraino sartu bada/ bihurtu nahirikan sator/ bale, ikusiko dugu/ nork harrapatzen duen nor».

Hamarreko txikian aritzea izan da eguneko azken lana, eta hor ere ez da barealdirik egon: saio polita egin dute denek. Ibarzabal eta Azpiroz bikote bat izan dira, eta negua leku beroago batean pasatzeko proposamena egin dio lehenak bigarrenari. Hark ezetz, bilobak zaindu behar dituztela. Teidera joan nahi du Ibarzabalek, eta halaxe errematatu du hasieratik: «Gure bolkan hau ere/ zaindu beharko da». Ez du ulertzen Azpirozek:  «Zertarako Eibartik/ uhartera irten/ hemen jada ez badu/ negurik egiten». Martinen bakarkakoari keinu egin dio Ibarzabalek, eguzkia hartu nahi duela justifikatzeko: «Morena jarri nadin/ etapaz etapa/ ahal dela hil orduko/ egon nahi dut guapa». Eta bertsoaldiko bertsorik txalotuena, zalantzarik gabe, Azpirozen hauxe: «Nerea, egin nahi det/ bilobei jaramon/ bokadilloa hartuta/ aitona guai ta on/ nere seme-alabekin/ ez bainintzen egon». Irtenbide bat proposatu dio kideak: «Goazen ume ta guzti/ denak hainbestean/ zuek hotel batean/ eta ni bestean». 

Irrati erratariak izan dira Artetxe eta Martin, eta Iguaran eta Elustondo, taberna bereko bi lankide. Saio txukuna osatuta, Alkortak azken agurrei eman die bidea, eta hasi dira pixkanaka aulki denak husten. Orain, beraz, bi saio bertzerik ez dira falta finalaurrekoen lehendabiziko buelta bukatzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA