Arratsalde jendetsua Ego ibarreko zokogunean. Armagintza, josteko makinak, bizikletak eta beste mila industria ekoizpen lerro, aitzindariak denak ere bere garaian. Bestelako arreta gunerik ba omen zen Ipurua kiroldegitik ez oso urrun, baina bertsozaleak oholtzara igoko den seikote horrentzat baino ez ditu bere begi-belarriak. Egin diote keinu behin baino gehiagotan bertsolariek kokalekuaren berezitasun historiko sortari, etxeko lanak ondo eginda ekarri dituztela erakutsiz. Hasieratik bukaerara, saio gogoangarria eskaini dute denek ere.
Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin kantuan entzuteko irrikaz geundela esatea ez da gehiegikeria. Luze jo ohi du finalista izandako bertsolariak kantuan entzun arteko itxaronaldiak. Itxaroteak merezi izan du oraingoan ere, ordea.
Ikusi gehiago
Sarritan hitz egin izan dugu ustekabeko bideei segika istorioak harilkatzeko Nerea Ibarzabalek duen gaitasunaz. Ideiak bata bestearen atzetik kateatu ditu Eibarren, ordea, beste batzuetan egindako erakustaldiak koxka bat igo eta entzuleak inoiz ez bezala kateatuz. Armagintzan lan egindako erretiratuaren azaletik, adibidez, zortziko nagusiko ariketan, «gure umeak hazi ditugu/ besteen umeak hilez», alboko «armaginen» futbol partidari erreferentzia egiteko segidan, «baina armagin gehiago dauden/ futbol taldeak badira». Eta horrela saio osoan zehar (puntukakoan salbu), goia joaz bakarkakoan, berriz ere istripu baten lekuko izan den kotxe gidariaren paperean, zeinak, ordezkapenak egiten dabilen irakaslea izaki, egunero hartu behar duen kotxea lanera joateko. Finalean kantatzeko bere hautagaitza aurkeztu zuela esan genezake, baina kasu honetan motz geratzea ez ote den…Â
Alaia Martinek une oro eman du beretik. Gai guztiei atera die zukua, bertso guztietan helmugari ez ezik bideari garrantzia emanez, isiluneei, ezkutuko argi-itzalei. Valeria Castroren kanta batean oinarritutako doinu batean osatu du bakarkakoa, doinuaren ezaugarri bereziei egoki errendituz kontakizuna eta ahapaldi garrantzitsuenak. Finalean kantatzeko urrats sendoa.Â
Ondorengo sailkatuen artean, puntu tarte txikia. Ez du Miren Artetxek estreinako saio hartatik kantatu gabe egon izanaren ajerik erakutsi eta hirugarren postua lortu du foto finishean. Ideia aldetik ohi bezain fresko sumatu dugu hendaiarra: ofizio bakoitzean kantu kideari bidea errazten lan eskerga egin ostean, bakarkako bihurri bat maisuki tolestu du, lehen aldiz munduko txapelketan euskal selekzioa ordezkatu duen pilotariaren azaletik. Puntu mordoxka lortuta, amets egiteko lizentziarekin igaroko da bigarren itzulira. Eta, sailkapena majo estutu dela kontuan hartuz, amets egiteko lizentziarik ezin ukatu Oihana Iguaran eta Nerea Elustondori ere. Bakarkakoa pixka bat borobiltzea falta izan zaio amasarrari, arratsaldea perfektua izan zedin, beste ariketa gehienetan maila bikaina erakutsi baitu. Nerea Elustondok, berriz, arratsaldeko bertso borobilenetako batzuk kantatuko zituen ziurrenik, elementuz eta erreferentziaz josita, nahiz eta bosgarren postuan sailkatu. Beste aukera bat izango du legazpiarrak, eta guk bera berriro kantuan entzuteko zortea. Asier Azpirozi dagokionez, aurpegira begiratu dio une oro saioari. Ofiziotan bakarka baino hobeto aritu den arren, baina kosta egin zaio bera maisu den ariketetan bere gaitasuna erakustea.