Literatura

Erorketa baten anatomia (I)

Frida Kahlo, Ana Mendieta eta Tracey Emin artistei erakusketa bana eskaini die Londresko Tate Modern museoak. Hiru sortzaileek literaturan izan duten eragina esanguratsua da: agerikoa da Mendietaren itzala, esaterako, Mariana Enriquezen testuetan.

Tate Modern museoak, Londresen, Ana Mendieta artistari eskainitako erakusketako irudi bat. NEIL HALL / EFE
Tate Modern museoak, Londresen, Ana Mendieta artistari eskainitako erakusketako irudi bat. NEIL HALL / EFE
2026ko urriaren 4a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten, hiru emakume artista handiren erakusketak gurutzatu dira Londresko Tate Modern museoaren egitarauan: Frida Kahlo (Coyoacan, Mexiko, 1907–1954), Ana Mendieta (Habana, Kuba, 1948–1985) eta Tracey Emin (Croydon, Erresuma Batua, 1963). Garai, jatorri eta ibilbide artistiko desberdinetako hiru sortzaile dira, baina haien lanek badute elkargune bat: gorputza, identitatea, memoria eta norbere bizipenak artearen erdigune bihurtzeko modua. Kahlo eta Mendietaren erakusketak udan hasi ziren, Eminen atzera begirako erakusketaren azken hilabeteekin batera. Erreportaje sorta honek hiru artisten figurak eta haien eragina aztertuko ditu, eta bereziki bi ikuspegi landu: artistaren egiletasunaren eraikuntza eta haien lanek literaturan izan duten isla.

Mendietaren heriotzaren kasuan, giltzarri da egiletasunaren aldarrikapena. Mendieta New Yorken hil zen, 1985ean, jazarraldi baten ondorioz. Bere senarra izan zen heriotza haren testigu bakarra, Carl Andre artista iparramerikarra (Massachusetts, AEB, 1935 – New York, 2024). Haren testigantzaren arabera, eztabaida betean zeudela, Mendieta leihotik erori zen. Testigu bakarra izanik, eta beste ebidentzia batzuk ere kontuan hartuta, haren kontakizuna zalantzan jarri zuten hasieratik. Mendietak bertigo bortitza zuen, eta leihoaren diseinuak, segurtasun-neurriak zirela eta, zaildu egiten zuen istripuak gertatzea. Familiak eta adiskideek betidanik aldarrikatu dute hilketa izan zela. Andrek larrialdietara deitu zuenean esandako hitzak ere esanguratsuak izan ziren: «Ba… zera gertatu da. Nire emaztea artista da, ni ere bai, eta eztabaida bat izan dugu, nik berak baino ikusgaitasun handiagoa dudalako. Bera logelara joan da, ni atzetik joan natzaio, eta orduan leihotik erori da».

Mendietaren erorketa edo hilketa true crime baten modura ere irakur daiteke, eta, hain zuzen, arte-historiaren eta true crime generoaren arteko hibridazio moduko bat da Death of an Artist: The Untold Story of Ana Mendieta and Carl Andre podcasta; bestela esanda, artearen historia esamesa, eskandalu eta krimenaren kontakizun bihurtzen den unea aztertzen du. Eta literaturak ere islatu du Mendietaren bizitza eta haren heriotzaren inguruko auzia.

Nancy Morejon poeta kubatarrak poema luze bat eskaini dio Ana Mendietari, haren figura Kubako identitatearekin eta erbestearekin lotuz. Baina Xochitl Gonzalez idazle iparramerikarrak idatzitako Anita de Monte Laughs Last (2024) eleberria da Mendietaren figurari eskainitako lanik luzeenetako bat. Mendietaren bizitzako hainbat elementu hartzen ditu abiapuntutzat liburuak, baina ez da haren biografia: Gonzalezek berak azaldu du eleberria Mendietaren istorioarekiko omenaldi gisa eraiki zuela, eta fikzioak aukera ematen ziola haren esperientziari beste ahots eta agentzia bat emateko. Hala ere, beti da posible nobela kaxkar bat idaztea benetako bizitza zirraragarri bat abiapuntu hartuta. Anita de Monte Laughs Last eleberrian artista asko agertzen dira, baina arte gutxi: artearen mundua etengabe dago presente, baina Mendietaren praktika artistikoari eta haren sorkuntza-prozesuei buruz ikasten duguna nahiko mugatua da. Zentzu horretan, eleberriak artearen mundua gehiago erabiltzen du boterearen, generoaren, arrazaren eta kanonaren inguruko gatazkak artikulatzeko testuinguru gisa, Mendietaren obra bera sakon aztertzeko baino.

Horrek galdera zabalago batera garamatza: zer gertatzen da artista baten figura haren obraren bidez kontatu beharrean haren biografiaren bidez kontatzen denean? Mendietaren kasuan, arrisku berezia dago haren heriotzak haren obrari itzal egin diezaion.

True crime kontakizunak, podcastak, nobelak eta bestelako errepresentazioek lagun dezakete artistaren memoria bizirik mantentzen, baina, aldi berean, haien bidez Mendieta, beste behin ere, haren heriotzari lotutako pertsonaia huts bihurtzeko arriskua ere badago. Alegia, idatzia izan denean, maiz, Ana Mendieta ez delako Ana Mendieta, baizik eta haren egiletasuna sinplifikatzen duten ezaugarri sorta bat. Maitale/musa eta amaorde/erizain paradigmak bazter utzita, Mendietak bere bidea eraikitzen du, horretarako sormenaren lehian buru-belarri sartuz. Mendieta ez da Elektra, Prometeo baizik.

Baina pertsonaia gisa izan duen agerpena baino askoz interesgarriagoa da Mendietak literaturan izan duen eragina. Mariana Enriquezek Mendietari buruz egindako irakurketa da horren adibide. Enriquezek Silueta y cenizas (Silueta eta errautsak) artikulua kaleratu zuen 2024an, Página/12 egunkarian, eta, bertan, Argentinako desagertuei ikusgaitasuna emateko egindako interbentzio artistikoekin lotu zuen Mendietaren Silueta seriea.

Mendietaren Alma (1975) eta Arima (1976) bideo lanak ere aztertu zituen Enriquezek. Haietan artistak bere absentziari ematen dio su, eta, idazlearen aburuz, ekintza horren bidez bere etorkizuna gogoratzen ari da artista: hau da, bere heriotza. Enriquezek urtebete lehenago ikusi zituen lehendabiziko aldiz artistaren Buenos Airesko siluetak. Lehenengo arte-aktibismo ekitaldia Siluetazo izendatu zuten, eta, Mendietak suarekin egindako silueta horretan, sua, errautsak, hutsunea eta heriotza, denak kiribilduta ikusten ditu Enriquezek. Eta Mendietaren lanen ezkutuan gordetzen den hori izango da, gorputzen performatibitatearekin batera, Enriquezen narratiban eragin handiena izango duten elementuetariko bat. Ezin da Enriquezen estilo liminala ulertu Mendietaren irudirik gabe.

Garrantzitsua eta hiltzailea

Garai hartako artearen mundu instituzionalak babestu zuen Andre; Ipar Ameriketan aberatsak gailendu ohi dira justizian. Denborak aurrera egin ahala, aldarrikapen feministei esker berreskuratu da Mendietaren figura, eta, neurri handi batean, Andreren ospea itzaliz joan da, nahiz eta minimalismoan artista garrantzitsua izan. Andrek berak hala formulatu zuen kontua: «Guk egiten duguna da artea, eta kultura, berriz, guri egiten digutena». Garai bakoitzeko kulturak osatzen du bere kontakizun artistikoa, beraz, eta, hala bada, Mendietaren lanak denborarekin pisu handiagoa hartu du, nahiz eta horrek ez duen zertan esan nahi bi artisten artean erresonantziarik ez dagoenik. Artista jakin bat aldi berean izan daiteke garrantzitsua eta hiltzailea; William Burroughs ere hor dugu adibide gisa.

Tate museoan antolatutako erakusketak ezinezko oreka horretan nabigatzen du: Mendieta artista gisa erakustea, eta ez biktima gisa. Mendietaren ondarearen kudeatzaileek argi zeukaten ez ziotela ikusgaitasunik eman nahi artistaren heriotzari, eta ez zutela nahi biografia hutsak erakusketa baldintzatzerik. Eta lan bikaina egin dute. Mendietaren ibilbidea bere osotasunean da ikusgai, arte-eskolatik bukaeraraino; tartean, baita haren irakasle-praktikei eskainitako ikuspegi interesgarri batekin ere. Bere obraren osotasunari begiratuz gero, argi ikusten da formaren esplorazioak eta obsesio jakin batzuek nola gurutzatzen duten haren praktika artistikoa, eta gurutzaketa horretan datza haren artelanen misterioa. Batez ere animalia bilakatu nahi duen subjektu denean: horretan, Clarice Lispector idazle brasildarraren taupadak ditu haren arteak: antzinako bihotza, animaliarekiko afinitatea, goitik behera basatia.

Artistaren bizitza harrigarria izanik ere, Mendietaren artelanak bere jenialtasuna helarazteko nahikoa direla erakusten du Tateko erakusketak. Gazte hil zen: zer lortuko zukeen bere lana erabateko heldutasunera iritsi izan balitz? Demagun Tracey Eminek bezala, zeina Sara Ahmed pentsalari feministaren definizioari kasu egitera, beste festa-izorratzaile bat baita. Eta, hain zuzen, Emin izango da hurrengo artista orriotan, bere liburu autobiografikoa abiapuntu izanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA