Errenteriako (Gipuzkoa) Herri Arte eskolak emango ditu aurrerantzean orain arte Xenpelar bertso eskolan ematen zituzten bertsolaritza eskolak. Hala erabaki du Errenteriako Udalak, eta horrenbestez, udalak «zerbitzu publiko hori zeharka eman beharrean, zuzenean» emango du hemendik aurrera. Hil honetako udalbatzara eramango dute proposamena, eta orduan jarriko dituzte martxan eskolak antolatzeko lehen urratsak. Ondorioz, ikasleek aurtengo bertsolaritza eskolak ohi baino beranduago hasiko dituzte.
Udalak adierazi duenez, Herri Arte eskolak azaroan emango du bertsolaritza ikasteko eskaintzaren berri; abenduan ate irekiak antolatuko dituzte Niessenen, Herri Arte eskolaren egoitzan, baita izen ematea zabaldu ere; eta, azkenerako, urtarrilean hasiko dituzte eskolak, Herri Arte eskolaren ikasturteko bigarren hiruhilekoa hastearekin batera. Hori dela eta, eskolen truke ordaindu beharreko tasak «egokitu» egingo dituztela adierazi dute, «Herri Arte eskolako gainerako diziplinekin bateratzeko». Eta aurtengo ikasturtea beranduago hasiko dutenez, ikasleek dagozkien bi hiruhilekoak baino ez dituzte ordaindu beharko.
Iazko ikasturte amaieran bertsolaritza eskolak «ezustean» eten behar izan zituztelako hartu dute orain eskolen gaineko eskumena aldatzeko erabakia, baina udalak ziurtzat jo du «aurtengo ikasturteko gorabeherak eta egokitze fasea gainditu» ondoren ohiko martxa hartuko dutela.
Salaketa
Aurtengo maiatzean Xenpelar bertso eskolako irakasle batek eginiko erasoak salatu zituzten Bertsozale Elkarteak, Errenteriako mugimendu feministak eta Oiartzungo feministen asanbladak. Bertso eskolak 2018an jaso zuen lehenengoz irakasle horren aurkako salaketa bat, eta, «neurriak» hartu bazituzten ere, salaketa gehiago iritsi ziren. 2024an barne protokolo bat abiarazi zuen elkarteak, baina aurten beste hainbat sexu erasoren eta jazarpen psikologikoren berri izan dute, eta erasoak publikoki salatzea erabaki zuten, baita eraso horiek egiteko «babes izan zitzakeen konplizitateak, inpunitatea eta aliantza patriarkalak» ere.
Hori dela eta, Errenteriako Udalak Xenpelar bertso eskolaren jarduna etetea erabaki zuen, eta «bereziki» larritzat jo zituen erasook, «udalaren zerbitzu baten baitan gertaturiko erasoak izanik».