Zinema estreinaldiak

Errepresio frankistaren zauriak

Daniel Monzonek Espainiako diktadurako erreformatorioetan giltzapetutako neska gazteen historia agertu du 'Ruega por nosotras' filmean; oroimena, errepresioa eta erresistentzia elkartzen dira bertan.

'Ruega por nosotras' filmaren irudi bat. ACADEMIA DE CINE
'Ruega por nosotras' filmaren irudi bat. ACADEMIA DE CINE
itsaso jauregi 2
2026ko azaroaren 4a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ruega por nosotras filmean, Daniel Monzon zuzendaria zineman gutxi landu den gai batean murgildu da: Espainiako diktaduran estatuak, Elizak eta familiek Emakumea Babesteko Patronatuaren bidez eragindako indarkerian. Istorioa 1974an girotua dago, eta Ana (Zoe Bonafonte) familia aberats bateko neskaren urratsei jarraitzen die. Haren aitak erreformatorio batera bidaliko du, «bidetik ateratzeko arriskuan zeuden» beste emakume batzuekin batera. Filma aurtengo Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialerako hautatu zuten, emanaldi berezien barruan eta lehiaketatik kanpo, eta 50 urteko askatasuna programazioaren barruan eman zuten.

Familia giroagatik, Ana errebeldetzat jotzen dute askok. Baina haren bizitza goitik behera aldatuko da bat-batean: gau batean, etxetik ihes egingo du kontzertu batera joateko, eta, zigor gisa, aitak Emakumea Babesteko Patronatuaren esku uztea erabakiko du. Bertan, Elizarentzat «moralik ez duten» edo «moralik ez izateko» arriskuan dauden emakumeak hartzen dituzte. Ana Madrilera eramango dute, mojek zuzendutako erreformatorio batean sartzeko, hain zuzen ere. Bertan, diziplinan eta biolentzian oinarrituta dagoen erregimen basati batekin egingo du topo. Ingurune zapaltzaile horretan, beste gazte batzuen artean babesa aurkituko du, bereziki Soleren eskutik (Manuela Calle): izaera alai eta bitalistako neska bat. Neska gazteen arteko elkartasuna izango da egoerari aurre egiteko tresna bakarra.

Istorioa benetako gertakarietatik abiatzen da. Emakumea Babesteko Patronatuaren historia argitara emateko asmoz abiarazi zuten proiektua. Erakunde horrek, Espainiako diktaduran, milaka emakumeri zigorrak eta errepresio praktikak ezarri zizkion. Kontakizuna eratzeko, Monzonek eta haren ohiko gidoigileak, Jorge Gerrikaetxebarriak, dokumentazio lan sakona egin zuten, artxibo historikoak, ikerketa liburuak, dokumentalak kontsultatuz, eta zentro horietatik igaro ziren emakumeen testigantza ugari jasoz.

Daniel Monzonek ibilbide luzea du: El corazĂ³n del guerrero film luzea izan zuen aurreneko lana (1999). Ondoren, El robo mĂ¡s grande jamĂ¡s contado (2002) eta La caja Kovak (2006) thrillerra etorri ziren. Hala ere, ospe handia Celda 211 lanarekin lortu zuen (2009), Luis Tosar protagonista zuen pelikularekin. Ondoren, El Niño (2014), YucatĂ¡n (2018) eta Las leyes de la frontera (2021) zuzendu zituen. Orain, Monzon 1970eko hamarkadan murgildu da berriz, bere aurreko pelikulan bezala. 

Film honekin, Monzonek, intentsitate dramatiko handiko istorio baten bidez, gatazka sozialei heltzeko interesa erakutsi du berriz ere. Ruega por nosotras filmak, lan zinematografikoaz gain, memoria historikorako ariketa bat izateko helburua du, errepresioa jasan zuten emakumeei ahotsa emango diena, eta denbora luzez isilik egon den iraganaren zati bat berreskuratzen lagunduko duena.

'ruega por nosotras'

Zuzendaria: Daniel Monzon, Gidoilariak: Daniel Monzon eta Jorge Gerrikaetxebarria. Aktoreak: Zoe Bonafonte, Manuela Calle, Adelfa Calvo, MarĂ­a Cerezuela, Shiara FernĂ¡ndez. Argazkia: Carles Gusi. Musika: Roque Baños. Generoa: drama. Urtea: 2026. Iraupena: 136 minutu. Herrialdea: Espainia. Estreinaldia: azaroaren 6an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17936074939665) Sacamantecas
Sacamantecas filmaren irudi bat. CINECIUTAT

'SACAMANTECAS'

Zuzendaria: David P. Sañudo. Gidoilariak: David P. Sañudo eta Sergio Granda. Aktoreak: Antonio de la Torre, Patricia Lopez Arnaiz, Josean Bengoetxea, Eneko Sagardoi, Haizea Carneros. Argazkia: Kenneth Oribe. Generoa: thrillerra. Urtea: 2026. Iraupena: 109 minutu. Herrialdea: Espainia, Euskal Herria eta Belgika.

Araba, XIX. mendearen amaiera. III. Karlistaldia amaitzear dagoela, emakume batzuk itota agertzen dira Gasteiz kanpoaldean. Angela Berrostegieta, biktimetako baten arreba, justizia bila dator; haren ustez, Juan Diaz de Garaio nekazari analfabetoa da hiltzailea. Bien bitartean, Pio Pinedok, aguazilen buruak, aurre egin behar dio gerra garaiko baliabide faltari eta agintarien presioari.

'les misérables'

Zuzendaria eta gidoilaria: Fred Cavaye. Aktoreak: Vincent Lindon, Tahar Rahim, Noemie Merlant, Camille Cottin, Benjamin Lavernhe. Argazkia: Denis Rouden. Musika: Christophe Julien. Generoa: drama eta musikala. Urtea: 2026. Iraupena: 178 minutu. Herrialdea: Frantzia.

Victor Hugoren eleberri ospetsuaren azken egokitzapena. Ogi bat lapurtzeagatik espetxean hemeretzi urtez egon ondoren, Jean Valjean espetxetik ateratzen da gizon bihurtuta. Bere irudia aldatu nahi du, eta errespetu galdua berreskuratu. Horregatik, hilzorian dagoen Fantineri aginduko dio Cosette haren alaba zainduko duela.

'the cat in the hat'

Zuzendaria eta gidoilaria: Alessandro Carloni eta Erica Rivinoja. Aktoreak: Bill Hader, Xochitl Gomez, Tiago Martinez, Matt Berry, Quinta Brunson, America Ferrera, Giancarlo Esposito, Bowen Yang. Konpainia: Warner Animation Group. Musika: Lorne Balfe. Generoa: animazioa. Urtea: 2026. Iraupena: 106 minutu. Herrialdea: AEB.

Katu bitxi baten abenturak azaltzen dira filmean, Gabby eta Sebastian anai-arreben bizitzak hankaz gora jartzen dituen bitartean. Ingurune berri batera egokitzen laguntzeaz arduratzen da katua, eta eguneroko egoera kaosez, umorez eta fantasiaz betetako abentura bihurtzen du. Bere nortasun bereziarekin eta ideia zentzugabeekin, haurren bizitza aldatuko du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA