Musika

Erresuma Batuko The Epiphoni Consort abesbatzak irabazi du Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Talde horrek eskuratu du 57. edizioko sari nagusia, eta 2027an Italian egingo den Europako Abesbatza Sari Nagusian parte hartzeko txartela lortu du. Haur abesbatzen kategorian, Txekiako Kajetán Children's Opera Choir izan da garaile.

The Epiphoni Consort abesbatzak eskuratu du sari nagusia. JON URBE / FOKU
The Epiphoni Consort abesbatzak eskuratu du sari nagusia. JON URBE / FOKU
edurne begiristain
2026ko azaroaren 2a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erresuma Batuko The Epiphoni Consort abesbatzak irabazi du Tolosako 57. Abesbatza Lehiaketako sari nagusia. Talde britainiarrak Kutxa Sari Nagusia eskuratu du, eta, horri esker, 2027an Arezzon (Italia) egingo den Europako Abesbatza Sari Nagusian parte hartzeko izendapena ere jaso du. 

Londresko abesbatza helduen bi modalitateetan gailendu da: polifonian lehen saria eskuratu du, eta folklorean ere garaile izan da, Esloveniako Academic Choir Tone Tomsic abesbatzarekin berdinduta.

Polifonia modalitatean, Esloveniako taldeak eskuratu du bigarren saria, eta Letoniako Mixed Choir Juventus abesbatzak hirugarrena. Folklorearen kategorian, berriz, Letoniako taldeak jaso du bigarren saria, eta Indonesiako Vox Angelica Choir abesbatzak hirugarrena.

Esteban Urzelai buru izan duen epaimahaia nazioarteko hainbat kidek osatu dute: Jurgis Cabullis letoniarrak, Petra Grassi italiarrak, Haruko Kubawara japoniarrak, Jordan Sramek estatubatuarrak, Helene Stureborgek suediarrak eta Ivan Yohan indonesiarrak.

Haur abesbatzak eta sari bereziak

Haur abesbatzen kategorian, Txekiako Kajetan Children's Opera Choir izan da onena. Indonesiako Saint Angela Choir taldeak lortu du bigarren saria, eta Espainiako Pequeñas Voces de la Alhambra abesbatzak hirugarrena.

Sari bereziei dagokienez, Esloveniako Academic Choir Tone Tomsic abesbatzak eskuratu du ikusleen saria. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak euskal abesti baten interpretazio onenari ematen dion saria Pequeñas Voces de la Alhambrarentzat izan da. Granadako (Espainia) taldeak Josu Elberdinek konposatutako Besarkatu ninduzun obra interpretatu du.

Hiru egunez egin dute lehiaketa Tolosan, ostegunetik larunbatera, eta hamar herrialdetako hamalau abesbatzak hartu dute parte. Aurten ez da Euskal Herriko abesbatzarik izan lehian.

saridunak

  • Haur abesbatzak:
  • Lehen saria: Kajetan Children's Opera Choir (Txekia).

  • Bigarren saria: Saint Angela Choir (Indonesia).

  • Hirugarren saria: Pequeñas Voces de la Alhambra (Granada, Espainia).
     

  • Ganbera abesbatzak – Polifonia:

  • Lehen saria: The Epiphoni Consort (Erresuma Batua).

  • Bigarren saria: Academic Choir Tone Tomsic (Eslovenia).

  • Hirugarren saria: Mixed Choir Juventus (Letonia).
     

  • Ganbera abesbatzak – Folklorea: 

  • Lehen saria: The Epiphoni Consort (Erresuma Batua) eta Academic Choir Tone Tomsic (Eslovenia).

  • Bigarren saria: Mixed Choir Juventus (Letonia).

  • Hirugarren saria: Vox Angelica Choir (Indonesia).
     

  • Sari bereziak:

  • Kutxa Sari Nagusia: The Epiphoni Consort.

  • Publikoaren saria: Academic Choir Tone Tomsic.

  • Eusko Jaurlaritzaren saria, euskal abesti baten interpretazio onenari: Pequeñas Voces de la Alhambra, Besarkatu ninduzun obra interpretatzeagatik.

  • 2027ko Europako Abesbatza Sari Nagusirako izendapena: The Epiphoni Consort.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA