«Ez Dok Amairutik gentozen, baina, ordurako, gu rock munduan ari ginen. Hasieran, jendea harritu zen: gitarra elektrikoa, bateria, baxua… baina esango nuke laster egin zuela bidea, eta hiruzpalau urteren buruan onartua zela rocka». Anje Duhalde musikariak BERRIAri aipatutakoaren arabera, harridura piztuz abiatu zuen Errobi taldeak bere ibilbidea, 1974 jada urrun hartan. Disko denda bateko solasaldiak bultzatu zituen Duhalde eta Mixel Ducau taldea sortzera, eta hark arrasto sakona utzi du euskal musikagintzaren historian. Euskarazko lehen rock diskoa grabatu zuten 1975ean (Errobi, Elkar), bai eta zuzeneko lehena ere euskarazko rockaren arloan, handik hiru urtera (Bizi-bizian, Xoxoa). Estudioko lau disko luze kaleratu eta ehunka kontzertu eman ostean eten zuten taldearen bidea, 1985ean, baina, ia berrogei urte geroago, 2024an, bikoteak erabaki zuen azken kontzertu baterako elkartzea. Berez, kontzertu puntual bat egiteko ziren batzekoak, baina 11 emanaldiko bira osatu dute azkenean, eta etzi egingo dute azken agurra, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, aitzindari izatetik klasiko bihurtzerainoko bide osoa eginda.
Ikusi gehiago
Egun bakar baterako bueltatzekoak zirela iragarri zuten 2024ko martxoan. Handik bi hilabetera jakinarazi zuten Adarra saria emango ziela Donostia Kulturak, egindako ibilbide osoaren aitortza gisa. Sarituak kontzertu bat ere ematen du normalean, eta, hala, bikotearen hasierako asmoa handituz joan zen. EHZ jaialdian ere izan dira, esaterako, bai eta Bilboko BBK Legends festibalean, Baionan, Iruñean, Getxon (Bizkaia), Hernanin (Gipuzkoa), Zornotzan (Bizkaia), Donibane Lohizunen (Lapurdi) eta Bilboko Kafe Antzokian ere.
Atzartze bat
Musikariek aurrez ere izan zituzten oholtzara itzultzeko eskariak, baina ez zuten horretarako gogo berezirik izan sekula. Baina Jojo Bordagarai eta Mikel Artieda musikariek gidatutako Atzar Hadi taldeak eman zien azken bultzada. Errobiren kantak ematen dituzte haiek ere, eta dena itxita zeukatenean deitu zioten Duhalderi, hark ere parte har zezan. Duhaldek Ducau deitu, eta, BERRIAri emandako elkarrizketan onartu zutenez, hala erabaki zuten Errobi berriz ere piztea. «Gu atzarri gintuzten, haiek atzarri orduko».
Ikusi gehiago
Euren ibilbide osoko kantekin osatu dute kontzertu birako emanaldia. Ducauk eta Duhaldek bikotean egin izan dute emanaldiaren zati bat, baina taldean ere aritu dira. Lau musikari izan dituzte horretarako lagun: Remi Gachis gitarrista, Iñigo Telletxea baxu jotzailea eta Txomin Duhalde bateria jotzailea.
Aspaldi saldu ziren etziko kontzerturako sarrera guztiak, eta, beraz, areto bete batek hartuko du Errobiren azken agurra.