Marta Garcia

Esanekoak eta sortzaileak

2026ko azaroaren 6a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Santu guztiak ez dira berdinak, baina Frantzisko Asiskoaren biografiak badauka beste hainbat santuren istorioen antza: munduko plazer eta handinahiei emana bizi den gazte bihurri baten istorioa da, errebelazio baten ondoren bere bizitza otoitzari eta Jainkoaren zerbitzuari eskaintzea erabakitzen duena. Jose Gonzalo Zulaika Arregik, kaputxino ordenatu ondoren Aita Donostia izena hartu zuenak, ez zuen gisako argialdirik bizi; aitzitik, 10 urterekin Lekarozko kaputxinoen ikastetxean sartu zenetik, gerora berea ere izango zen ordenari dagozkion arduraz eta esanekotasunez egin zuen lan. Tasun horiei zor diegu, ziurrenik, euskal folkloreari egin zaion ekarpenik handiena, bere bizitza osoan bildu zituen ia 2.000 doinu eta melodien bilduma, alegia. Herriz herri jaso zituen denak, herritarrei zuzenean entzunda, eta herriari bueltatu zizkion, sailkapen eta iruzkinekin batera, liburuki marduletan argitaratuta. 

Bere ekarpen etnomusikologikoaz gain, noski, obra propio zabala garatu zuen, formakuntza sendoan oinarritutakoa: Donostian ikasi zuen lehenik eta Bartzelonan gero, non Felip Pedrell eta Enric Granados ezagutu zituen, eta Silosko, Besaluko eta Solesmesko abadietan murgildu zen musika gregorianoan. 1920an Parisera joan zen, Maurice Ravelengana, eta hark gomendio gutuna idatzi zion Eugène Cools irakasleari, Aita Donostia ikasle hartu zezan; harekin ikasi zituen harmonia, kontrapuntua, fuga eta konposizioa. Han, garaiko musika-abangoardien epizentroan, ezagutu zuen Henri Gheon mediku eta idazlea, Lehen Mundu Gerran boluntario aritu ostean fede katolikoa berreskuratu zuena. Zenbait santuren bizitza eta obrak taularatzeko obrak sortu zituzten elkarrekin; horietan handiena da Illustrations musicales pour la Vie Profonde de Saint François d'Assise, santuaren heriotzaren zazpigarren mendeurrenerako osatuta.

Ez da partitura erraza, baliabide ugari eskatu, musika-idazketa aberats zein abangoardista erabili eta Frantzisko Asiskoaren espiritualtasunari berezkoak zaizkion ziurgabetasuna eta argitasuna biltzen baititu. Narratzaileak, santuaren papera hartuta, bere bizitzaren hainbat pasarte kontatzen ditu, eta horiekin batera zabalduz doaz orkestraren ehunduretan politonalitateak, tentsio harmonikoak eta erritmoarekin egindako jolasak, baita melodia herrikoien printzak ere, Aita Donostiak bere formakuntza urteetan jasotakoa ordenaren sortzaileari eskaini nahiko balio bezala. Libretoaren eta dramaturgiaren esanetara dago une oro, ilustratu egiten baitu hemen musikak, begien parean sotiltasunez, xehetasunez eta konplexutasunez betetako koadroak jartzen dizkigu, argitsuak eta argitzaileak aldi berean. Eta, hala, Frantziskok berreraikitako San Damiango elizaren hondakinak eta Pobrezia Damaren profila marrazten ditu orkestrak, abesbatzak santuaren predikua entzutera hurbildu zen txori multzoaren edo Alverniako mendiko erretiroko barne-ahotsen forma hartzen du. Abangoardia, kantua, paisaia eta barnekotasuna bat eginik, Aita Donostiak boto monastikoei sorkuntzarena gehitu zien.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA