Artea

Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Artistak arte garaikidearen berrikuntzan eginiko «ekarpen erabakigarria» nabarmendu du epaimahaiak, bai eta haren obrak nazioartean erdietsitako proiekzioan azpimarra egin ere. Uztailean emanen diote garaikurra.

Esther Ferrer artista, 2023an Artium museoan zabaldutako erakusketaren aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU
Esther Ferrer artista, 2023an Artium museoan zabaldutako erakusketaren aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko maiatzaren 14a
10:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela 60 urte artearen bideari lotu, eta oraindik ere arian, martxan eta bizi dabilen obra artistiko bati eginen dio aitortza Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariak aurten. Obrari eta figurari. «Arte garaikidearen berrikuntzan egindako ekarpen erabakigarriagatik», «daukan izaera kritiko sakonekoagatik», «sorkuntzaren eta gizartearen egungo bilakaerarekin konprometitutako artista bat izateagatik»... irabazleak saria zergatik merezi duen argudiatzeko motiboen zerrenda hitz gutxitara mugatzeko zailtasunak izan dituztela uzten du agerian epaimahaiak zabaldutako oharrak. Kasik aitortuz bezala ezin saihestuzkoa zitzaiela saria Esther Ferrer artistaren (Donostia, 1937) parera ekartzea. Harena da Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa humanitateen, kulturaren, arteen eta gizarte zientzien aurtengo saria.

Euskal sortzailerik «esanguratsuenen» artean kokatu du epaimahaiak Ferrer. Gogora ekarri dutenez, 1960ko hamarkadaren hasieratik ari da arte sorkuntzan, performancearen esparruan da ezagun bereziki —«horretan, aitzindaria da gure lurraldean»—, baina askotariko diziplinatan aritua da, eta «izaera kritiko sakonekoa» dela erakutsi du aldiro-aldiro. Besteak beste, bi ezaugarriok nabarmendu dituzte haren jardunbidean: «Hizkuntzaren eta denboraren mugak gainditzen ditu, eta gorputza dago bere sorkuntza lanaren erdigunean». 

Hezkuntzaren alorrean eginiko ekarpenak ere aitortu dizkiote Ferrerri, gainera. Horri dagokionez, ezagun da artistak 1963an Donostian Adierazpen Libreko Lantegia sortzeko eginiko lana —Jose Antonio Sistiaga margolariarekin batera jardun zuen—, eta, besteak beste, Elorrioko (Bizkaia) eskola esperimentalean ere aritu zen Ferrer. Gerora ere, Euskal Herrian zein nazioartean aritu izan da irakasle: hala nola Kanadan, Italian, Mexikon, Suitzan eta Espainian. 

Lehendik ere, beste hainbat aitortza jasotakoa da Ferrer. Besteak beste, 2008an Espainiako Arte Plastikoen saria jaso zuen; 2012an, Gure Artea saria, bere ibilbideagatik; eta 2014an, Velazquez saria.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariketaren antolatzaileek artean ez dute zehaztu zehazki zein egunetan emanen dioten garaikurra Ferrerri, baina uztailean izanen dela aurreikusi dute oraingoz. Egun horretan bertan emanen dute Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gaztea saria ere. Apirilaren hondarrean jakinarazi zutenez, Maddi Alberdi San Martin ikerlariak jasoko du aitortza hori aurten, Gatibutasunetik askapenera: Marcela Lagarderen feminismoa eta euskal emakume abertzaleen bizipenak elkarrizketan lanagatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA