1934ko urriaren 14an jaio zen Gabriel Aresti, eta Bilboko Udalak euskal idazlearen jaiotegunaren bueltan iragarri ohi ditu, horregatik, haren omenez sortutako Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako sarituak urtero. Hala egin dute aurten ere, eta, oraingoan, Esti Vivancoren narrazioa nabarmendu nahi izan du epaimahaiak. Hain justu ere, Arestiren aipamena dakarren ipuin batengatik irabazi du saria: Arestiren etxea izeneko lanagatik, zehazki. Epaimahaiaren hitzetan, lanak «literatura-jolas dibertigarri batean murgilarazten du» irakurlea, eta, gainera, ezusteko amaiera bat eskaintzen du, «non ezer ez den zirudiena». 3.500 euroko saria jaso du irabazleak.
Sari nagusiaz gainera, bi accesit ere banatu dituzte, halere, eta 1.750 euro jaso ditu hori jaso duenbakoitzak. Irati Jimenez Uriarterentzat izan da biotako bat, Besarkatzailea tituluko ipuinagatik, eta Nagore Agirre Alvaradorentzat izan da bestea, Erdi lanagatik. Agirreren lanak zaintza irudikatzeko duen modua goretsi du epaimahaiak, are «klixe oro saihestuz» aritu delakoan, eta Jimenezen ipuinak itxura batean «sinesgaitza» den egoera bat «sinesgarri egitea» lortzen duela azpimarratu dute.
Arestiren bideoa
Gaztelaniazko lanak ere saritzen ditu lehiaketak, eta alor horretan Francisco Ayudarte Granadosen La última sustitución izan da ipuin irabazlea. Bi accesit ere eman ditu epaimahaiak: Patricia Santos Petersentzat bata, Las hijas del viento narrazioagatik, eta Augusto Cesar Godoy Sinnek jaso du bestea, Ensayo general ipuinagatik.
Ikusi gehiago
Arestiren jaiotzaren urteurrena izanik, sarien berri emateaz gainera, idazleari buruzko jardunaldia ere antolatu du udalak. Bilboko Bidebarrieta liburutegian izango da hori. Aresti bera ikusi ahalko da saio horretan, Harri eta herri liburuko poemak irakurtzen. Jon Kortazar ikertzailearen lanari esker berreskuratu ahal izan dute idazleak 1969an TVE telebista katean eskainitako elkarrizketa bat, eta aurkikuntza horri buruzko azalpenak ere emango ditu ikerlariak. 19:00etan hasiko da hitzaldia.