Egutegian gorriz markatutako eguna da 1966ko maiatzaren 22a Usurbilgo herritarrentzat (Gipuzkoa); izan ere, Juan Jose Alkain Iruretagoiena Udarregi bertsolariari (Aia, Gipuzkoa, 1829 - Usurbil, Gipuzkoa, 1895) egun hartan egin zioten omenaldia, egindako ibilbidea goraipatzeko. Joxean eta Jexux Artze anaiek eta Felix Aizpuruak antolatu zuten orduko egitarau guzti-guztia, beste zenbait herritarrekin batera. Euskarazko antzerki emanaldiak, kantu eta idazketa txapelketak, bertsoak eta beste izan zituzten herrian, egun guztian zehar. Eta ekitaldi horiekin batera inauguratu zuten Udarregiri omenaldia izeneko eskultura; Remigio Mendiburuk egin zuen, eta geroztik Usurbilgo pilotaleku ondoan dago.
60 urte igaro dira ordutik, eta efemeridea modu berezian ospatu nahi dute herriko zenbait antolakundek. Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna, 60 urte geroago izenpean, bertsolariari egindako omenaldia gogora ekarriko dute maiatzaren 15ean eta 22an, hainbat ekitaldiren bitartez. 650 Usurbil Bizi egitasmoak antolatu du, eta gaur eman dituzte egitasmoaren inguruko xehetasun guztiak, Usurbilen. Bertan izan dira Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea, Ines Azpiazu proiektuko kidea, eta Jakoba Errekondo agronomoa —Rikardo Arregi saria jaso zuen azaroan—.
Udarregi omentzeaz gain, gogora ekarriko dute Rikardo Arregi ere. Maiatzaren 22 hartan Usurbilen izan zen kazetaria, eta hark emandako hitzaldia lau haizeetara zabaldu zen. Alkateak azaldu du lantaldean erabaki zutela «gogora ekartzeko moduko» urteurrena zela, eta Arregiren hitzak oroitaraztearen garrantzia azpimarratu du: «Testuinguru zaila zen: frankismo betean, zentsurari izkin egitea ez zen erraza. Garai horretan borborka zegoen mugimenduaren beste adibide bat izan zen».
Â
Egitarau zabala
Maiatzaren 15ean egingo dute lehen ekitaldi sorta. Oskar Alegria zinemagileak ondutako azken filmak inauguratuko du omenaldia: Oteiza 14 apostolu. Proiekzioaren ondoren solasaldia egingo dute: Alegriak eta Jaione Apalategik hartuko dute parte —Jorge Oteiza Fundazioko patronatuko presidentea—. Zinemagileak Oteizaren ideien inguruko «friso kolektibo bat osatzea» izan du helburu ikus-entzunezkoaren bidez. Horretarako, artearen eta kulturaren arloko hamalau pertsonari eman die hitza; Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga, Richard Deacon, Jaione Apalategi, Kepa Akixo eta Esther Ferrer dira horietako batzuk.
Urteurrenaren egunean, maiatzaren 22an, 2019an Ainara Mendiolak zuzendutako Zutik filma emango dute Sutegiko auditoriumean. Rikardo Arregiri buruzko lan labur bat da, eta haren nondik norakoak kontatu zizkion BERRIAri filma aurkeztu berritan: «Orain arte, Arregi ezagutu zutenekin hitz eginda eta haien ikuspegitik landu da, nolabait, haren jarduna. Nire helburua izan da haren barrurago sartzen ahalegintzea». Horrekin batera, gehitu zuen ikuslearen esku utzi nahi izan zituela ondorioak, baita gaur egungo testuinguruarekin lotu ere: «Ikusle bakoitzak erabaki behar du Arregik bere garaian egin zuen gogoeta eta aldarrikapen hura zein neurritan den gaurkoa».
ikusi gehiago
Naiz Irratia bertan egongo da, eta zuzeneko solasaldi bat emango du. Omenaldiaren ekitaldian Arregik esandako kontuak zein gaur egunera arte horiek izandako ibilbidea izango dituzte mintzagai Mendiolak, Ismael Manterola Arte Ederren Fakultateko dekanoak eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Mendiburuk Udarregiri egindako eskulturan amaituko dute ekitaldien zerrenda: Jakoba Errekondok hartuko du hitza, eta Maialen Lujanbiok bertsoen bitartez omenduko du bertsolaria.