Zinema

Etorkizuneko euskal zinemagintzaz aritzeko, azken 20 urteotakoa aztertuko dute EHUren Udako Ikastaro batean

Ekainaren 18an eta 19an egingo dute Donostiako Miramar jauregian, eta asmoa da orain arteko euskal zinemagintzaren ibilbidea aztertuz hurrengo urteetako erronkei buruz gogoetatzea. Hizlarien artean daude, besteak beste, Graxi Irigarai eta Ramon Agirre.

'Aupa Etxebeste!' filmaren fotograma bat.
'Aupa Etxebeste!' filmaren fotograma bat.
Odile Bourguignon Goñi
2026ko ekainaren 4a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aupa Etxebeste! filmetik Maspalomas filmera. 2005etik 2025era. Euskal zinemagintzaren ibilbidea aztertu dute Josu Martinezek eta Samara Veltek, eta, aztertutakoan oinarrituta, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaro bat zuzenduko dute, ekainaren 18tik 19ra bitarte. «Batzuentzat ikastaro bat izango da; beste batzuentzat, topaketa», azaldu du Veltek. Izan ere, euskal kulturan interesa duen edonorentzat da, EHUko ikasle izan ala ez, zinemagintzaren sektorekoa izan ala ez. Matrikulak 25 euroko prezioa du, eta dagoeneko egin daiteke, uik.eus webgunean. Argibide bat ere eman dute: «Euskal zinemagintza ikertu dugu: euskara hutsean edo nagusiki euskaraz egindako zinemagintza». 

«Gaur egun euskal zinemaren loraldiaz hitz egiten da», aipatu du Veltek. Baina loraldi bat al du egiatan? Esaten denari datuak gainjarri nahi izan zizkioten Veltek eta Martinezek, eta, horretarako, ikerketa lerro bat abiatu zuten EHUren Ikus-entzunezko eta Komunikazioko Sailaren barruan: «Zer ekoitzi da hogei urteotan? Zer esaten digute datuek euskal zinemaren osasunari buruz? Zer esaten digu horrek euskal gizarteari buruz?». Ikerketaren emaitza datu base bat izan da, eta bertan bildu dituzte 2005etik geroztik euskaraz ekoitzi diren film guztiak: guztira, 1.200 baino gehiago. Udako ikastaroan tresna gisa aurkeztuko dute datu base hori, eta, horren bidez, «etorkizunean egin daitekeen lanaren inguruan» hausnartu. Irailean, liburu batean argitaratuko dute ikertutakoa.   

Etxebestetarren oporraldi hura kokatu dute ikastaroaren zuzendariek ikerketaren abiapuntutzat: «Aupa Etxebeste! baino lehen hamasei urte pasatu ziren euskarazko fikziozko lan luzerik sortu gabe —animazioa alde batera utzita—». Baina aldatu egin zen egoera: «2005ean Aupa Etxebeste! sortu, eta hautsi egin zen ordura arteko lehorte hori, eta, gainera, kristoren harrera izan zuen. Hortik aurrera, hainbat elementuk egiten zuten bat: alde batetik, zinema laguntzeko politika instituzional bat garatzen hasi zen, eta, beste alde batetik, zinemagile trebatuen belaunaldi berri bat sortu zen». Geroztik, urtero sortu da, gutxienez, euskarazko lan luze bat. 

Zinemagintzaren erronkak

«Industria badaukagu, bai, baina industria hori hauskorra da oraindik», ohartarazi du Veltek. Euskal zinemagintzak dituen zenbait erronka identifikatu ditu, eta uste du ikastaroan horretaz hitz egiteko tartea izango dutela: «Zer leku du euskal zinemak Euskal Herrian egiten den zinema horren guztiaren barruan? Izan ere, euskarazko zinemak bere behar eta erronka propioak dauzka, Euskal Herrian ekoizten den erdarazko beste zinemagintzak ez dauzkanak. Adibidez, hedapenari dagokionez». Eta gainera: «Nola sortu nahiko publiko badagoela bermatuko duten kontsumo zirkuitu batzuk?». Edo bestela: «Nola lortu euskarak plataforma digitaletan bere lekua izan dezan? Zeren, benetan sinesten badugu euskarazko zinema gure kultur unibertso nazionalaren parte dela, eta, gainera, parte inportante bat dela, geure buruari ere galdetu behar diogu zer egiten dugun eremu berri horiekin guztiekin».

Horretaz eta gai gehiagoz hitz egiteko, bi zatitan bereizi dute ikastaroaren edukia: goiz eta arratsalde. Goizetan, unibertsitateko ikerlariak arituko dira hizketan. Arratsaldeetan, berriz, zinemagintzaren sektoreko profesionalak: lehen egunean, aktoreekin egingo dute mahai ingurua —Ramon Agirre, Eneko Sagardoi eta Edurne Azkarate Sobrino izango dira bertan— eta bigarren egunean, ekoizleekin —Katti Pochelu Hiriart (Gastibeltza Filmak), Ander Barinaga-Rementeria Arano (Irusoin / Galapan) eta Miren Berasategi Mora (Lotura Films) arituko dira—.

PROGRAMA

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE