Artea

Etorkizuneko euskara eraikitzen hasteko fabrika bat proposatu du Badalabek

Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategiak Hiperstizio Fabrika abiatu du, artearen bidez hizkuntzaren gaineko kontakizun berriak sortzeko. Ostiralean egingo dute lehen saioa, Donostiako San Telmo museoan; Oier Etxeberria eta Itxaro Borda solastuko dira.

Badalaben Hiperstizio Fabrikaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Badalaben Hiperstizio Fabrikaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko azaroaren 23a
15:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fabrika batera joateko esan, eta mailu kolpeen danbaden eta zerratutako egurren artean irudikatuko du akaso batek haren burua, baina bestelakoak dira Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategiak sortu duen fabrikaren lan tresna nagusiak: hizkuntzarekin eta artearekin egingo dute lan. Hiperstizio Fabrika izeneko jardunaldiak antolatu dituzte, eta zera da bertan ekoitzi asmo dutena: euskararen etorkizuna eraikiko duten diskurtso, narratiba eta iruditeria berriak. Hiru saio egingo dituzte: ostiralean, Donostiako San Telmo museoan; urtarrilaren 22an, Bilboko Arte Ederren Museoan; eta otsailaren 25ean, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Saio guztiak Oier Etxeberriaren A, B, C Babel17 film laburrarekin hasiko dira, eta egingo dutenaren gaineko pista moduan, antolatzaileek hiperstizio hitzaren definizioa gogorarazi dute: «Bere burua errealitate egiteko gaitasuna duen ideia edo fikzioa».

Samuel R. Delanyk 1966an argitaratutako Babel-17 eleberria da jardunaldiaren abiapuntua. Nobela horretan, izarrarteko gerra betean, arma gisa baliatuko duten hizkuntza bat sortzen dute etsaiek: Babel-17 izenekoa. Hizkuntza ikasteak pertzepzioa eta pentsamendua eraldatuko ditu, baita hiztun berria traidore bilakatuko ere. Rydra Wong hizkuntzalari, poeta, telepata eta ontzi kapitaina hizkuntza hori ikasi ahala ohartuko da, hain zuzen, mintzaira horrek izan dezakeen eraginaz. Gainera, jatorrizko nobelak badu ezaugarri narratibo kurioso bat: Rydra Wong pertsonaia telepatikoki euskaraz mintzo da bere espiekin. Bada, Oier Etxeberria artista eta komisarioak Donostiako kaleetara eraman du Delanyren izarrarteko gerra hori A, B, C Babel17 film laburrean —Alejandro Cesarcorekin eta Irina Rafforekin batera ekoitzi du—, eta horixe proiektatuko dute saio bakoitzaren hasieran. Consonni argitaletxeak ekarriko du euskarara nobela, 2027ko udaberrian.

«Ekimen hau interesgarria da, hain zuzen, eztabaida politiko edo sozial bat abiatuko duelako artefaktu artistiko bat erdigunean jarrita»

OIER ETXEBERRIAArtista

«Ekimen hau interesgarria da, hain zuzen, eztabaida politiko edo sozial bat abiatuko duelako artefaktu artistiko bat erdigunean jarrita». Etxeberriak desertifikazio moduko bat sumatzen du egungo artearen gaineko eztabaidetan, batik bat, «iruditeriari edo irudiaren ahalmenari» dagokionez. Horregatik jotzen du bereziki garrantzizkotzat hizkuntzaren eta artearen harremana uztartuko duen Hiperstizio Fabrika sortu izana.

Eraikuntzarako tresna

«Zergatik bizi nahi dugu euskaraz hizkuntza hegemoniko batean errazago uler badezakegu elkar?». Euskararen gaineko diskurtso diferenteak egon daitezke egungo gizartean, eta egon badauden horiexek berrikusteko eta deseraikitzeko asmoa adierazi du Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendariak, baina baita diskurtso berriak sortzeko asmoa adierazi ere. Hori da Hiperstizio Fabrikaren xedea, aztertzea zer kontatzen den euskararen inguruan, zer kontakizun berri behar dituen hizkuntzaren biziberritzeak eta zehaztea zer erantzun falta zaizkion euskaldunari. «Ez soilik Badalabek bilatzen dituen erantzunak direlako, egunero ogia erostera joan eta euskaraz bizi nahi dugunok erantzun batzuen falta sumatzen dugulako baizik», esan du zuzendariak.

Horretarako, artea izango da Hiperstizio Fabrikaren oinarria, «bai fikzioa, baita esperimentazio kolektiboa ere», eta Delanyren nobelaz gain, Etxeberriaren film laburra izango dituzte helduleku. Hala azaldu du Oiartzabalek: «Etengabe ari gara etorkizuneko erronkei buruz hitz egiten, baina guri gehiago interesatzen zaigu zehaztea etorkizun hori irudikatzeak nola balio diezagukeen gaur egungo praktikak eraldatzeko, gaur egungo egiteko moduak, estrategiak edo kontakizunak berritzeko». Eta egiteko horretan kolpatu beharko du artearen mailuak; hain zuzen, izarrarteko gerra bat irudikatuko duen zientzia fikziozko nobela edo film bat, kontakizun soil izan ordez, «eraldaketa soziala aktibatzeko baliabide» izan dadin.

«Etengabe ari gara etorkizuneko erronkei buruz hitz egiten, baina guri gehiago interesatzen zaigu zehaztea etorkizun hori irudikatzeak nola balio diezagukeen gaur egungo praktikak eraldatzeko»

GOIATZ OIARTZABALBadalabeko zuzendaria

Ildo horretatik, datozen hilabeteetako solasaldietan hizkuntzaren esanahian arakatuko dute, baina hizkuntza eraldaketarako tresna dela baieztatzen duen definizioan sakonduko dute batik bat. «Etorkizuna ez da etorriko, etorkizuna ekarri egingo dugu», baieztatu du Badalabeko zuzendariak.

Eztabaida eta poesia

Erakusketa paleontologiko bat ikus daiteke oraintxe Donostiako San Telmo museoan, eta eman dezake, berez, museoek atzera begira egoteko izaera dutela, baina ideia hori ezeztatu du Arkaitz Olea San Telmoko bitartekaritza arduradunak: «San Telmo museoa ez da soilik iragana zaintzeko eta ezagutzera emateko espazioa, etorkizunaren inguruan hausnartzeko espazioa ere bada». Hortaz, zuzen-zuzenean egiten dute lana Badalabeko kideekin batera, eta bertan izango da Hiperstizio Fabrikaren lehen saioa. «Martxan ditugun erronka horien artean kulturartekotasuna eta euskara parte garrantzitsu bat dira». adierazi du Oleak.

«San Telmo museoa ez da soilik iragana zaintzeko eta ezagutzera emateko espazioa, etorkizunaren inguruan hausnartzeko espazioa ere bada»

ARKAITZ OLEASan Telmoko bitartekaritza arduraduna

Ostiralekoa 18:00etan izango da, eta Etxeberria Itxaro Bordarekin batera ariko da solasean. «Eztabaidatik haratago ere, poesia eta soinua egongo dira», baieztatu du Etxeberriak. «Zerbait berezia izango da: ekitaldiak izaera hibrido, misteriotsu bat izango du». Aldiz, urtarrilaren 22an, Ibai Atutxa idazlea gonbidatu dute Etxeberriarekin batera solastera Bilboko Arte Ederren Museoan, eta otsailaren 25eko saioan Arantza Santesteban historialari eta zinemagilea ariko da hizketan, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA