Loraldia

Etorkizunerantz proiektatutako auto-omenaldi ironiko bat

Miren Agur Meabe idazleak etorkizunari buruz idatzitako testu bat izango du oinarri bihar Loraldian taularatuko duten ‘Ahaztu nirekin’ ikuskizunak. Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariek eta Antton Valverde musikariak ere hartuko dute parte.

Miren Agur Meabe, Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Antton Valverde eta Amaia Agirre. MONIKA DEL VALLE / ARITZ LOIOLA / JON URBE / FOKU
Miren Agur Meabe, Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Antton Valverde eta Amaia Agirre. MONIKA DEL VALLE / ARITZ LOIOLA / JON URBE / FOKU
Inigo Astiz
2026ko martxoaren 21a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Miren Agur Meabek iraganean hartu du etorkizunari buruzko testu bat idazteko behar zuen bultzada. Loraldia jaialdiak urtero egin ohi dio horretarako enkargua euskal idazle bati, eta literatura ez ezik bertsolaritza eta musika ere uztartzen dituen saio bat antolatzen du hura oinarri hartuta. Festibalaren klasiko bat bihurtu da urteekin.

Behin baino gehiagotan izan da saio horiek ikusten Meabe, eta ezagun zuen formatua lehenago ere. Baina, orain artean, beti erantzun die ezetz jaialdiko antolatzaileek etorkizunari buruzko testu hori idazteko egindako proposamenei. «Ez nuen neure burua prestatuta ikusten», onartu du idazleak. Iritzia aldatu du aurtengoan, ordea. «Efemeride pertsonal eta pixka bat barregarri bategatik da», desenkusatu da. Gogoratu duenez, aurten betetzen baitira justu 40 urte bere lehen liburua — Uneka... Gaba (1986, Labayru)— argitaratu zuenetik, eta, haren hitzetan, «galderen aroan» murgildu du horrek bete-betean. Galdera horiek baliatu ditu gehiegizko izenburudun emanaldia osatzeko: Ahaztu nirekin. Memoria alfabetiko-kronologiko-bibliografiko bat. Eta badaezpada, titulu nahita hanpatua aski ez balitz ere, ohar bat gehiago ere egin nahi izan du: «Auto-omenaldi ironiko bat izango da».

Bihar taularatuko du pieza estreinakoz, Bilboko Guggenheim museoko entzungelan, eta Antton Valverde kantariak lagunduko du oholtzan, bai eta Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariek ere, Amaia Agirre gai jartzailearekin batera. 12:30ean hasiko da saioa.

Miren Agur Meaberen hitzak dituen Antton Valverderen abesti bat.

«Idazketari buruzko gogoeta eta hausnarketak egitea izan da nire ibilbideko konstanteetako bat, eta saio hau horri egindako eranskin edo apendize baten moduko bat izango da». Meabek iragarri duenez, alde batetik, orain artean idatzitako liburuetako hainbat pasarte irakurriko ditu emanaldian, baina, horrez gainera, haiei buruzko oharrak eta idazketari buruzko definizioak ere tartekatuko ditu. «Autogogoeta metaliterario bat» izango dela esan du, horregatik, baina «umorez eta ironiaz josita» egongo dela ere aurreratu du. «Jendeak barre egingo duela espero dut, ze nik, behintzat, asmo horrekin idatzi dut testua».

«Idazketari buruzko gogoeta eta hausnarketak egitea izan da nire ibilbideko konstanteetako bat, eta saio hau horri egindako eranskin moduko bat izango da»

MIREN AGUR MEABE Idazlea

Meabek dioenez, bere liburu guztiekin igoko da oholtzara, eta, gero zehaztu duenez, idatzi dituen liburuak ez ezik, idatzi gabe geratu zaizkion liburuak ere eramango dituela esan nahi du horrek. «Asmoa da une jakin batetik aurrera irrealtasun moduko batean sartu eta idatzi gabeko liburu horien memoria alfabetikoa egitea». 2030ean idatzitako liburu baten berri emango du, esaterako, bai eta 2037an argitaratutako liburu baten pasarte baten eta etorkizunean opera batetarako idatzitako libreto baten zati baten berri ere.

Lagun artean

Meabek berak aukeratu ditu oholtzan lagun izango dituen kideak. Azaldu duenez, bertsolaritzaren esparruan dituen lagunik aspaldikoenak dira Miren Amuriza eta Uxue Alberdi, eta, bertsolari lagun gehiago ere badituen arren, horregatik gonbidatu nahi izan ditu haiek emanaldira. Amaia Agirre, aurrez, behin baino gehiagotan aritu da gai jartzaile lanetan Loraldiko formatu horretako saioetan.

Antton Valverde ere aspaldiko ezaguna du Meabek, eta hasieratik izan zuen hura gonbidatzeko asmoa. «Asko miresten dut», aitortu du. «Haren doinuek eta harmoniek erabat hunkitzen naute». Meaberen poema batzuk ere musikatu ditu, gainera, eta, hain zuzen ere, horiek eskainiko ditu biharko saioan. Pianoarekin lagunduta arituko da oholtzan, eta bost kanta eta testurik gabeko bi melodia eskainiko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!