Etxanobek dioenez, aurrera doa Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua, nahiz eta onartu haren bideragarritasuna oraindik ez dagoela bermatuta

Bizkaiko ahaldun nagusiak egitasmoaren azalpenak eman ditu Batzar Nagusietan, eta «urratsak egiten» ari direla dio. 'El Correo'-k jakinarazi du bisita ez-ofizial bat egin dutela Urdaibaira, eta agerian geratu da euskal erakundeek desadostasunak dituztela.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaladun nagusia, Batzar Nagusietan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Batzar Nagusietan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Inigo Astiz
2024ko otsailaren 20a
16:00
Entzun

Airean beste kiribil bat gehiago eman du Urdaibaiko Guggenheim museoaren egoerari buruzko albisteak. Proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko etenaldi bat egingo zutela iragarri zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak duela aste batzuk, Gasteizen, baina ez dira gutxi izan geroztik ordezkari politikoek kontrako norabidean egindako adierazpenak. Geldialdirik bazela ere ukatu egin zuen Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak, esaterako, eta, oraingoan, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak baieztatu du proiektuak «urratsak egiten» jarraitzen duela, «proiektua garatzeko estrategia ez delako aldatu». Udan aurrerapauso horiek «ikusgai» izango diren esperantza azaldu du.

Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta eman ditu Etxanobek gaiari buruzko azalpenak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Baina, proiektuari babesa azaldu arren, onartu du «lan asko» dagoela oraindik egiteko, museoa «bideragarria» izango dela ziurtatu ahal izan arte.

Edonola ere, tramite «luze» eta «konplexuak» geratzen dira oraindik, Etxanobek azaldu duenez. «Hurrengo urteetan aldundiak lanean jarraituko du proiektu hau gauza dadin». Iragarri duenez, hirigintza planak moldatuko dituzte, lurren kutsadura garbituko dute, eta Murueta ontziola biosfera erreserbatik kanpora eraman. Esan du finantzaketa ere bilatuko dutela. «Lortzen ez badugu, proiektua ezingo da egin».

Oposizioaren kritikak

Horrez gainera, azken erabakia Bilboko Guggenheim Museoko Patronatuari dagokiola ere gaineratu du —Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Solomon R. Guggenheim museoak osatzen dute—. Oposizioak galdetuta, Etxanobek ukatu egin du desadostasunik dagoenik Guggenheim museoko patronatuko kide diren euskal erakundeen artean. Eta Busturialdea biziberritzeko erakunde arteko plan zabalagoaren barruan kokatu du Etxanobek Guggenheim museoaren proiektua.

Oposizioa ados azaldu da eskualdea biziberritu beharrarekin, baina eskualdeko herritarren iritzia kontuan hartuko duen «prozesu demokratiko bat» egin dadila eskatu du Iker Casanova EH Bildu koalizioko kideak.

Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz Madariagak, berriz, proiektua bertan behera uzteko eskatu du. Haren hitzetan, «bateraezina» delako ingurumena hobetzeko asmoekin. «Guggenheimek behar du handitze hori, ez Urdaibaik». Eta PP alderdiko ordezkariak argitasuna eskatu die arduradunei.

Eusko Jaurlaritzarik gabeko bisita

El Correo egunkariak zabaldu duenez, bestetik, Urdaibaiko museoa eraiki nahi duten inguruan izan dira Solomon R. Guggenheim fundazioko eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariak asteburuan. Bisita ez zen ofiziala, eta ez zegoen iragarrita. Baina, egunkariaren arabera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ez zuten haren berririk.

Aldiz, bertan izan ziren Bilboko Guggenheim museoaren patronatuko kide diren Etxanobe eta museoko zuzendari Juan Ignacio Bidarte. Eta haiekin izan zen Marlet Westermann ere; ekainean, Solomon R. Guggenheim museoan egingo duten zuzendaritza aldaketaren ostean, fundazioko hurrengo lehendakari izango da Westermann. Museoa eraikitzekoa den ingurua ezagut zezan egin zuten bisita, egunkariak azaldu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.