Literatura

Etxerako itzulera bat izan du ardatz Juan Garziak bere lan berrian

'Erbeste' kaleratu du, Erein argitaletxearekin. Urte luzez atzerrian egon ostean, etxera itzuli da liburuko protagonista, baina ezer ez da lehen bezalakoa. Garziak Tolosaldean girotu du kontakizuna.

Juan Garzia idazle eta itzultzailea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Juan Garzia idazle eta itzultzailea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko apirilaren 14a
16:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bestelako lan batzuk plazaratu dituen arren, 30 urte ziren Juan Garzia idazle eta itzultzaileak fikziozko lanik kaleratzen ez zuela. Azken urteetan itzulpengintzari lotu zaio batez ere, eta literatura unibertsaleko hainbat lan euskaratu ditu; azkena, Herman Melvilleren Moby Dick (Balea Zuria, 2023). Baina amaitu da fikzioaren arloko etenaldia, Erbeste liburua plazaratu baitu Erein argitaletxearekin. Gogoa sumatu ahala idazten duela adierazi du Garziak, hainbeste urteren buruan fikziozko lan bat kaleratzeko erabakia azaldu nahian: «Oraingoan atera zait, eta organikoki idatzi dut». Ereinen Narratiba sailean sartu dute lana, baina egileak ez du uste Erbeste eleberria denik. «Deituiozue elleberri edo ñobela, nahi baduzue», gaineratu du.

Hainbat urtez atzerrian bizi izan eta gero jaioterrira itzuli den emakume bat da liburuko protagonista —kontalaria ere bada; lehen pertsonan dago idatzia kontakizuna—. Etxera itzulitakoan, ordea, ohartuko da dena aldatu dela: ingurua, etxea, ingurukoekin zituen harremanak... Ez du topatu duela urte batzuk utzitako hura. XX. mendearen amaieran kokatu du istorioa Garziak, eta, kontatu duenez, horrek distantzia hartzera behartu du idazteko orduan. «Horretan eta beste gauza askotan badakit ez nabilela mainstream-ean», aipatu du.

«Protagonistarentzat ez da soilik leku batera itzultzea izango. Garai batera itzultzea, oroimenetara itzultzea, eta harremanetara itzultzea ere izango da», azaldu du Inazio Mujika Iraola Ereineko editoreak. Izan ere, jaio zen baserrira itzuli bezain pronto ikusiko du protagonistak lehen aldaketa. Baserriak lehengoa dirudi kanpotik, baina barrutik erabat berrituta dago. Baserriek azken urteetan izandako aldaketak azaldu nahi izan du egileak hala, eta modernitatearen eraginak ikusarazi.

Familia harremanak

Protagonistaren aita eta anaia dira Erbeste-n agertzen diren pertsonaia nagusietako batzuk. Lehenak ez du harreman sendorik kontalariarekin, eta, Mujika Iraolaren ustez, «isiltasunaren bidez» gertatzen da haien arteko hartu-emana. Anaiarekin, ordea, harreman bereziagoa du protagonistak. Beste anaia bat eta ama ere agertzen dira pertsonaien artean, biak jada hilak. Batez ere amarengan jarri nahi izan du arreta egileak.

«Pertsonaiek ez badidate euren sekretuen berri ematen, hor doaz; inkontzientziatik. Inkontzientzia oso baliabide ona da literaturarako»

JUAN GARZIA Idazlea eta itzultzailea

«Pertsonaiek ez didate dena esaten», kontatu du Garziak. Izan ere, gertaerak irekita utzi nahi izan ditu liburuan, irakurleak berak osa ditzan. «Pertsonaiek ez badidate euren sekretuen berri ematen, hor doaz; inkontzientziatik. Inkontzientzia oso baliabide ona da literaturarako», gaineratu du. Hain zuzen, Mujika Iraolarentzat, irakurleak berak rol hori izatea da lanaren bereizgarrietako bat: «Irakurketa biziagoa egiten du».

Orainaldiko pasarteak biltzeaz gain, istorioak iraganera jotzen du sarritan. Protagonistaren haurtzaroak du presentziarik handiena; pixkanaka hura berreraikitzen saiatuko da. Garzia: «Batzuetan, oraingoari begira egongo da, baina baita bizi ez zuen iraganera ere». Hori dela eta, editorearen iritziz, «nobela fragmentario bat» da Erbeste: «Liburuan iragana ez da zerbait itxia: etengabe sartzen da orainean». 

Tolosa, «lizentzia batzuekin»

Idazleak Tolosan eta inguruko herrietan girotu du kontakizuna. «Tolosa da, baina lizentzia batzuekin», aitortu du. Izan ere, idazleak ezagun ditu herria eta inguruko parajeak, baina ez hangoek bezain ondo. Horrek hainbat elementu asmatzen lagundu dio, tartean zubi bat. 

Orain arteko lanetan ez bezala, lehen pertsona erabili du Garziak oraingoan. Haren esanetan, horrek dena aldatu du idazketa prozesuan: «Tarte handia uzten dio irakurleari». Alde batera utzi du narratzaile «astun orojakilea», eta adinari egotzi dio erabaki hori: «Ikasi dut pertsonaia bakoitzak bere portaera erakutsi behar duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA