Zientzia fikzioaren bidez hasi zuen ibilbidea Eugenio Mira zuzendari kataluniarrak (Alacant, 1977). 2000. urtean estreinatu zuen 22 minutuko Fade film laburra, eta generoaren erreferente nagusietako baten arreta erakarri zuen hasiera-hasieratik, Guillermo del Toro zinemagilearena, hain zuzen. Handik lau urtera estreinatu zuen Mirak bere lehen lan luzea, The Birthday, eta Agnosia (2010) eta Grand Piano (2013) filmak ere zuzendu ditu geroztik. Ibilbide horregatik omendu nahi izan dute orain Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoak. Fantastikoaren Izarra izeneko saria emango diote, eta haren hainbat lan ere proiektatuko dituzte.
Maiatzaren 8tik 16ra arte egingo dute aurtengo jaialdia, baina hasiak dira hari buruzko lehen nondik norakoen berri ematen. Duela hainbat egun iragarri zuten Aranzazu Calleja musikagileak jasoko duela jaialdiko aurtengo ohorezko saria, eta orain eman dute Miraren sariaren albistea. Horrez gainera, sail ofizialetan parte hartuko duten film laburren zerrenda ere jakinarazi dute.
Ikusi gehiago
Guztira, hemeretzi film labur lehiatuko dira jaialdiko sail ofizialetan. Euskal Herrian sortutakoak izango dira haietako hamar, eta, tartean, badira euskaraz sortutako batzuk ere. Honako lan hauek osatzen dute hamarrekoa: El agujero (2025, Daniel Gomez Mujika); Arditurri (2025, Oihan Gastesi eta Ander Arrieta); Aziza y el último hombre bueno (2025, David Ontoria); Azpian (2025, Danel Garay eta Laura Barquin); El cuerpo de Cristo (2025, Bea Lema); Erreka zoko hortan (2025, Ekaitz Bertiz); Glory Hole (2025, Andoni Fernandez); Hariaren amaiera / Al final del hilo (2025, Aitor Molina); Última salida (2025, Egoitz Diaz Ibargoitia); eta Zezena eta umea (2025, Igor Garcia Piñas).
Mats Udden filma
Atal ofizialean lehiatuko diren bederatzi film laburrak ere iragarri dituzte: Bath Bomb (2024, Kanada, Colin G Cooper); The Call (2025, Espainia, Kiko Prada); Cara de cona (2026, Galizia, Guillermo de Oliveira); La dernière neige (2025, Frantzia, Rodolphe Bouquet-Populus); Hyena (2025, Txina-Estatu Batuak, Altay Ulan Yang); Pobre Marciano (2025, Herrialde Katalanak, Alex Rey); Lo que te falta (2025, Espainia, Sara Bermejo); Tinieblas (2025, Espainia, Raul Cerezo eta Carlos Moriana); eta Unclean (2024, Kanada, Simon Chouinard).
Sail ofizialetatik kanpo proiektatuko dituzten beste hainbat lan ere iragarri dituzte. Ikuspegi Fantastikoa Laburrean sailean, esaterako, hamar film labur izango direla zehaztu dute. Eta horrez gainera, Mats Uddek zuzendutako Don’t Be Afraid film laburra ere proiektatuko dute jaialdian. 2025ean Zilarrezko Melies sari entzutetsua jaso zuen lan horrek.