2017tik 2025era Euskadiko Orkestrako zuzendari artistiko izandako Robert Treviñok (Fort Worth, AEB, 1984) salaketa jarri du talde sinfonikoaren kontra. Treviñok urtarrilaren hondarrean utzi zion karguan izateari, erakundearen administrazio kontseiluak hala erabakita. Kaleratzearen berri eman zutenean, orkestrak argudiatu zuen «aro berri bati» ekin nahi ziotelako egin zituztela aldaketak antolaketan, eta hain zuzen ere horregatik kargugabetu zutela Treviño. Ordea, egun horretara arte zuzendari izandakoa ez zen ados azaldu erabakiarekin, eta, orain, jakinarazi dute orkestraren kontrako auzibide bat abiarazi duela.
Talde sinfonikoaren iturriek baieztatu egin dute albiste hori, baina, gaur-gaurkoz, ez dute aparteko informaziorik eman.
Treviñoren hutsunea betetzeko, orkestrak Roberto Ugarte Alvarado (Gasteiz, 1962) izendatu zuen zuzendari artistiko udaberrian. Kargu horretan hasi aurretik, Ugarte Alvarado musika erakunde ugariren kudeaketan eta zuzendaritza artistikoan aritu zen lanean. Gitarra espezialitateko musikaria da. Piano interprete, gitarra jotzaile, laguntzaile eta abeslari gisa lan egin zuen Errenazimentuko eta Barrokoko hainbat musika taldetan, eta irakasle eta koru zuzendari ere izan zen aurrez.
Ikusi gehiago
Orkestrak urtarrilean hartutako erabakiek, Treviñoren kargugabetzea ez ezik, beste kide batzuen agurra ere ekarri zuten gerora. Besteak beste, Oriol Roch orkestra zuzendari nagusiak taldea utzi zuen, baina hura adostua izan zen. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko iturriek eman zuten informazioaren arabera, Rochek berak proposatu zuen zuzendari nagusia ere aldatzea aro berrirako.