Artista beteranoen iraganeko pasadizoak eta hasiberrien lehen azalpen zalantzatiak nahastu dira gaur Gasteizko Artium museoan. Izan ere, orotariko 21 artistaren 33 lan erosi dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arte garaikideko museoek, Eusko Jaurlaritzaren Bilduma Partekatua programaren bidez. Eta Artiumen egindako ekitaldian aurkeztu dituzte guztiak, bildumara gehitutako obrak jarri dituzten aretoan bertan, egileetako hamabost bertan zirela. Haien ahotik lanen inguruko azalpenak entzuteko aukera izan da ekitaldiaren ondoren egin duten bisita gidatu polifonikoan.
Bildumara gehitu dituzten obra gehienak euskal artistenak dira —besteak beste, Jose Ramon Amondarain, Angel Bados, Miren Doiz, Mikel Eskauriaza, Usoa Fullaondo, Gema Intxausti, Imanol Marrodan, Diego Matxinbarrena, Xabier Morras, Manu Muniategiandikoetxea eta Susana Talayerorenak daude horien artean—, baina badira atzerrian jaio arren Euskal Herrian lan egiten duten sortzaileen lanak ere. Artistetako batzuek beren obren nondik norakoak azaldu dituzte bisita gidatuan. Xabier Morras artistak, esaterako, bere koadroaren aurrean jarrita, gaztetan Londresen ikasle zela sentitu zituen lilura eta beldurra deskribatu ditu bere artearen motibazioak aztertzerakoan. Bildumara gehitutako guztiak, dena dela, ez dira margolanak. Mar de Diosek eta Idoia Leatxek, esaterako, beren instalazioak aurkeztu dituzte. 33 obrak laster izango dira museoetan ikusgai.
Eusko Jaurlaritzak 2020an jarri zuen martxan Bilduma Partekatua proiektua, koronabirusaren pandemia betean. Arte garaikideko museoekin elkarlanean abiatutako programa bat da, «euskal artistei sostengua emateko» eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioen jabetzako ondare publikoa handitzeko helburua duena. Gasteizko Artium museoak, Bilboko Guggenheim museoak eta Arte Ederren Museoak, eta Donostiako Tabakalera zentroak parte hartzen dute proiektuan, eta haien aholkuari jarraituz aukeratzen dituzte erosi beharreko lanak. Martxan jarri zutenetik, erakundeek urtero aurkeztu dituzte bildumara gehitutako obrak.Â

«Anbizioa» eta «nazioartekotzea»
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak «elkarlana» eta «anbizioa» aipatu ditu egitasmoaren atzean dauden gakoei erreparatuta, eta Eusko Jaurlaritzak «Artearen Euskal Sistemarekin duen konpromisoa» azpimarratu du. Haren hitzetan, Euskal Herriko artista garaikideek «lan komunean» eta «esperientzia partekatuetan» oinarrituriko «ekosistema» bat osatzen dute, eta erakundeen erantzukizuna da «sare hori sostengatu eta elikatzea». Bide horretan azken urteetan egin den lana goraipatu du, baina euskal arte garaikidearen etorkizuneko erronkak «anbizio handiagoa izatea eta nazioartekotzea» direla ere adierazi du. Eta azken horri lotuta, Arco arte garaikidearen azokan jarri du begirada, zeina aurki egingo duten, Madrilen.
Alta, Artearen Euskal Sistema «goiburu bat baino zerbait gehiago» dela nabarmendu du Bengoetxeak, eta erakundeek «sistema hori sostengatzeko eta laguntzeko konpromiso berritua» dutela gaineratu du. Sailbururekin bat etorri da Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, eta berretsi du instituzio publikoen betebeharra dela «ondare komuna indartzea» eta herritarrei «arte garaikiderako sarbide zabala» eskaintzea. Bi agintarien iritzian, ahalegin horren «funtsezko osagaia» da Bilduma Partekatua.Â
Antzera mintzatu dira museoetako arduradunak ere. «Uzta oparoaren» metafora erabili du Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugazak programaren aurtengo aldia definitzeko. Programaren oinarria adostasuna izatea goretsi du Zugazak, eta, bestelako metafora bat erabilita, horrekin bat etorri da Artiumeko zuzendari Beatriz Herraez ere: «Trukeen barne kateaz» mintzatu da Herraez, eta euskal museoek elkarren artean eratu duten sistemaz, «elkar elikatzen duten ontzi komunikatuen sistema horretaz». Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek, berriz, programak «artista gazteei emandako bultzada erabakigarria» nabarmendu du. Hiru ordezkariak bat etorri dira «elkarlana» eta «ikuspegi partekatua» goraipatzean.
ARTISTAK
Lara AlmarceguiÂGustavo AlmarchaÂ
Jose Ramon AmondarainiÂ
Angel BadosÂ
Estanis CornellaÂ
Mar de DiosÂ
Miren DoizÂ
Mikel EskauriazaÂ
Maria Luis FernandezÂ
Usoa FullaondoÂ
Izaro IeregiÂ
Gema Intxausti
Gabriela KraviezIdoia LeatxeÂ
Imanol MarrodanÂ
Diego MatxinbarrenaÂ
Xabier MorrasÂ
Manu MuniategiandikoetxeaÂ
Francisco Ruiz de InfanteÂ
Amaya SuberbiolaÂ
Susana Talayero