Asteburu bakar bat aski izan da atseden hartzeko. Azken saiotik hamahiru egun bertzerik igaro ez badira ere, bertso gogoa, gosea eta egarria sumatu da gaur Lekunberrin (Nafarroa), Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako estreinako finalaurrekoan. Oholtza azpia bero, eta oholtza gaina prest. Indartsu hasi du saioa Amets Arzallus Antiak, eta indartsu bukatu: 746,5 punturekin nagusitu da, eta zuzenean egin salto Bilbora, finalaren aitzinetik eginen den azkeneko saiora. «Bertso berriak jartzera nator/ attona egin orduko». Saio borobil-borobila egin ondotik, hamahiru puntu eta erdira geratu da bigarrena, Beñat Gaztelumendi Arandia, eta gibeletik Saioa Alkaiza Guallar (689,5 puntu), Xabat Illarregi Marzol (674,5 puntu), Xabat Galletebeitia Abaroa (664 puntu) eta Gorka Pagonabarraga Agorria (624 puntu). Saio txukuna izan da, maila onekoa, eta, puntuazioak baieztatu duenez, koska bat goitiago aritu dira kantuan Arzallus eta Gaztelumendi.
Aizpea Garmendia Iartza gai emaileak egin ditu zubi lanak, eta, hasi orduko, egin beharreko lanen berri eman du. Txapelketako lehen fasearekin alderatuta, egon dira aldaketa batzuk: bakarka puntu erantzunak egin ordez binaka puntutan egin behar izan dute, ganbarako lanaren ordez bakarkako lana —bertsolari bakoitzak gai bat du, eta hiru bertso bota behar dizkio hari—, eta saioa ixteko hamarreko txikia.
Hasierako agurrak eta zortziko handia. Hor ez da egon aldaketarik. Bertsoaldi fina osatu dute Gaztelumendik eta Illarregik, erreskate taldeko bi kideren ahotik. Iragarria zuten mendira joateko baldintzak ez zirela onak, eta hala ere gailurreraino abiatu da mendizale talde bat. «Petretxemara igo nahi zuten/ baina ez dira izan gai/ ez kranpoi eta ez kasko ere/ nunbait ez zutelako nahi/ haien bizitza jokatu dute/ eta gurea ere bai», hasi da Gaztelumendi, esplikatuz mendizaleen bila joan behar izan dutela azkenean. Eta agudo erantzun Illarregik: «Kasurik inoiz ez zaigu egin/ aholkutan eta gaian/ baina ondoren deitzen gaituzte/ behar gaituzten garaian». Elkarrizketa oro borobilduta ixteko lana egin du Gaztelumendik, eta zortziko handiarekin ere horixe bera egin du: ideia berri batekin itxi. «Bi mendizalek hots egin dute/ trasteak utzi heinean/ harrapatuta omen daudela/ Acheritoko gainean».
Molde txikian umorez eta fin aritu dira nola Arzallus eta Gaztelumendi hala Alkaiza eta Pagonabarraga. Lehenek herriko gaztetxean militatzen duten bi lagun gorpuztu dituzte. Arzallusek orain dela bi aste mezu bat bidali zion Gaztelumendiri, pankarta bat egiteko eskatuz, baina ez zion erantzun ere egin. Eta hara non, kalean topo egin dute: «Kalean txistuz zatoz/ kantatuz kantua/ zure militantzia/ pribilegiatua», bota dio Arzallusek. Umorez hasi denez bat, neurri berera egokitu da bertzea: «Gora autogestioa/ lelotzat ona zen/ ta ari naiz denbora/ autogestionatzen». Mugitzeko eta lan egiteko eskatu dio Arzallusek, baina berean segitu du Gaztelumendik: «Hain militantea ta/ guaia bazara zu/ neri agindu ordez/ zuk egin ezazu».
Eta kotxeko bidaia partekatzen duten bi lankide izan dira Alkaiza eta Pagonabarraga, Lekunberriko radarrari kantuan. Isunak iritsi eta iritsi ari ziren Alkaizaren etxera, eta hemendik aitzinera autoa Pagonabarragak gidatzeko eskatu dio. «Gidaria nahi duzu/ orain aldatzea/ ez zaizu okurritu/ pixkat frenatzea», ezeztatu du lankideak. Irtenbide bat bilatzen hasi da Alkaiza, eta honako hau proposatu: «Kotxea zure kontu/ multa erdibana».
Puntutan aritzea izan da hurrengo lana. Bizi-bizi aritzea eskatzen du ariketak, kidea entzutea eta aldiro zerbait berria botatzea, eta, hortaz, zaila izaten da bertsoaldi onak ateratzea. Baina gaur gertatu da halakorik, Arzallusen eta Alkaizaren ofizioan. Ur gimnastika saio batean izena eman, eta gaur izan dute lehen aldia. Hauxe izan da, erraterako, bertsoetako bat, Alkaiza hasita: «Sartu ta ito egin naiz/ begira, begira/ holakoak lehenago/ gertatu izan dira/ igerian baneki/ ai Amets, sikira/ lasai ura iristen/ baitzaizu gerrira».
Bakarka, goiti
Bakarkakora egin dute gero salto, eta Arzallus izan da kantatzen lehena. Denda bateko langilea izan da, zeinari nagusiak, duela astebete, agindu bat eman zion: apain zezala erakusleihoa arrosez. Bularreko minbiziaren aurkako egunaren harira zetozen apaingarriak, eta hausnarrean hasi da Arzallus: «Oihal larrosak goian/ ertzetan, lurrean/ kausaren alde gure/ luze-laburrean/ jendeak minbizia/ dakar bularrean/ ta gu oroitzen gara/ aste bakarrean». Men egin dio aginduei, baina ondorio zenbait aterata: «Bitrina jantziko dut/ hark nahi duen gisan/ baina amu komertzial bat/ ez dadila izan». Ongi aritu da bertsotan, baina ez dio gehiegi heldu kolore arrosaren hariari.
Pagonabarraga izan da hurrena kantuan, kartzelan zegoen garaiko gutunak ireki eta ireki: «Ta oroitzapenak bueltan datozkit/ orain segunduz segundu/ testuak leitzen hasiko naiz ta/ hiru lau berba inguru/ ‘Animo, Gorka, zurekin gaude’/ eutsi ezazu seguru/ neure lagunok, eskerrik asko/ eusten jarraituko dugu».
Gaztelumendirena izan da bertsoaldirik txalotuena, sakon eta elegante aritu delako hiru bertsoak osatzen, seguruenik. Guraso izan berri den musikari baten larruan jarri da, eta esplikatu ezezkoa eman behar izan diela kontzertu anitzi. «Bera zaintzera zuzendu/ dut nire edukazioa/ nahiz guraso izateak/ daukan bedeinkazioa/ gezur haundi bat besterik/ ez da kontziliazioa». Saioz saio doinuak errepikatzekoa da Gaztelumendi, baina doinu berri bat atera du gaur, eta, melodiak lagunduta, egokiro eman dio akabera istorioari: «Kantuan goxatu diot/ bere masail ertz umela/ badaki eta bizitza/ maiz horrelakoa dela/ Haur, haunditzen zarenean/ ulertuko duzu bela/ aitaren isiltasunak/ asko balio duela».
Hiru bertso eder ondu ditu ordenaren araberako laugarrenak, Illarregik, eta orduantxe goratu du bere saioa. Halaxe zioen gaiak: «Gaur ordaindu duzu duela 30 urte erosi zenuen etxearen azkeneko kuota». Lehen bertsotik eman du kolpea: «Ze paradoxa etxearena/ hau al da giza legea/ nere etxea deitzen niona/ gaur arte ez zen nerea». Kontent agertu da noizbait kuota dena ordaindu ahal izateagatik, baina badaki horrek ez duela salbatuko. Bukaera ederra eman dio lanari, ohiko kantaera elegantean: «Orain nere da 80 metro/ neurtzen ditun partzela/ lehenago ez zen bezela/ zoriontasun bat sentitzen dut/ agian erdi ustela/ badakit eta famili asko/ kanporatzen dituztela».
Bikain aritu da Alkaiza ere bakarka. Kirol klubean eman du bizitza osoa, hainbat zereginetan laguntzen, eta lehendakari izateko proposatu diote. Ezetza ematea erdietsi du: «Lehendakaritzan ez naiz ikusten/ ez bazaizue inporta/ zurikerian ez dut bete nahi/ emakumearen kuota». Esplikatu du akaso ez lukeela iritzi hori izanen oinarritik bultzatu izan balute emakumeen kirola, eta akabera dotore batekin osatu lana: «Nere buruai esaten diot/ ‘Jo, Saio, ze ona haizen’/ ez dakizue inurri lanez/ ze zoriontsua naizen».
Galletebeitia 40 urtetan lehendabiziko aldiz joan da manifestazio batera; Baionan egindako bizitzaren garestitzearen kontrakora, zehazki. Hausnartu du ez zela bidezkoa geldirik egotea, eta berari ere bazegokiola kalera ateratzea: «Behingoagatik sofatik kanpo/ odola daukat borborka/ jarrita egon naiz luzaro baina/ parean daukat erronka/ berreskuratu nahi ditut biak/ kaleak eta borroka».
Ezohikoa izan da, baina ongi funtzionatu du hamarreko txikiak. Alkaiza eta Gaztelumendi bi igeltsero izan dira, eta Illarregi eta Amets bi guraso; ederki aritu dira bi bikoteak, finalaurrekoko ariketa berrian.