Imajina beza irakurleak urriaren 31 dela, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak gaur duela lehen itzuliko bigarren finalaurrekoa, Eibarren (Gipuzkoa). Sarrerak aurrez erosi ez dituenak jai dauka, Bertsozale Elkarteak orain egun batzuk jakinarazi baitzuen denak salduta zeudela. Eguerdiko ordu bata da oraindik, baina leporaino dago Eibar. Han bazkaltzeko plana egin du bertsozale askok; izan ere, Eibar-Almeria futbol partida da jokatzekoa saioaren ordu bertsuan, eta elkarteak bezperatik emana zuen abisua: «Bertso saiora etortzeko, garaiz ibiltzea edo garraio publikoan joatea gomendatzen dugu». Batzuek lortu dute goiz aparkatzea, antza, saioa hasi baino ordu eta erdi lehenago jende andana baitago Ipurua kiroldegiaren atarian, noiz sartuko zain.
15:45. Peto gorriko bik ireki dituzte ateak, eta hasi da jendea sartzen. Dagoeneko bada pankarta bat harmailetako baranda gorritik zintzilik, Nerea Ibarzabalen gertukoek jarria. Zera dio: «Nerea, erakutsi zure arpei onena eta bete plazie aldarri antifaz». Han dator talde handi bat, oihal zuri handi bat eskuetan hartuta. Nerea Elustondoren zaleetako batzuk dira, Legazpiko (Gipuzkoa) bertso eskolan aritzen direnak. Hasi dira oihala zabaltzen: «Emakume helduen ahotsa entzuten ez den honetan, ilea urdindu arte segiko det txapelketan» —Elustondok berak kantatua da, 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean—. Aldamenean beste bat, Asier Azpirozen alde: «Basurdearen gorputza ta arkumearen bihotza». Pistako aulki sailean eta harmailetan gero eta zulo gutxiago dago. «Jarriko gara goraxeago?», dio lehenago hiru aulki erreserbatzeko txamarra beltz bat zabaldu duenak. «Hobeto ikusiko dugu handik».Â
Eta konturatzerako, 17:00ak. Olaia Inziarteren Denak begira daudelaik bozgorailuetan hoska, eta pum-pumpum-pum-pumpum-ka segidan sintonia. Hor datoz bertsolariak, jendetzaren txalo, txistu eta oihu artean, Igotz Alkorta gai emailea gidari dutela.Â
Alaia Martin izan da agurra kantatzen lehena, eta dakarren doinu berriak oinarrian zer kantu duen asmatu nahian ari da atzekoa. Ezaguna zaio, baina ez da identifikatzeko gai. Valeria Castroren Tiene que ser mĂ¡s fĂ¡cil kantua da. «Elkar besarka dezaten/ elkar besarka dezaten/ elkar besarka dezaten...», —bi aldiz errepikatzen du azken-aurreko puntua—. «...Bihotzak eta buruak». Publikoak irribarre egin du segidan. Martinek ere bai.Â
Zortziko handiaren beroketa saioaren ostean, zortziko txikian umorerako bidea ireki die Alkorta gai emaileak, eta baliatu dute aukera. Curriculuma gehiegi puztu duena, tronpeta jotzen ikasten ari den gurasoa, medikuarenera bere buruari gaitza diagnostikatuta joan den eria... —«Nerea, emakume/ umegabe gisan/ ezin duzu seigarren/ mastitisa izan», Miren Artetxe medikuak—. Barre eta barre publikoa, errepika guztiak kantatuz.Â
Puntuka jarraitu dute gero, binaka. Gau beltzaren tradizioa berreskuratu nahi duten kultur elkarte bateko bi kideren larruan jardun dute Oihana Iguaranek eta Artetxek. Beldurrezko pasabide bat sortu eta bertan zer sartu pentsatzen aritu dira. Armiarmak, munstro beltzak eta alienak sartu ditu Artetxek; Iguaranek, berriz, hipotekaren hiru kuota.
Bertsoak eta kirola
Kazetaria bakarkako lanak hasi aurretik joan da komunera, eta han non ikusi duen pasilloaren erdi-erdian gizon bat korrika egiteko zintan jo eta su, kopetan zerion izerdia toalla txiki batez lehortzen. Ilara luzea egin da komunetan, eta korrikalariari begira daude gehienak.Â
«Saio polita izaten ari da, e?», lagun batek besteari, komuneko ispiluan kopeta ileak orrazten ari dela. «Oso saio parekatua» iruditzen ari zaie, ez dute inor beste inor baino gorago ikusten; diote orain erabakiko dela irabazlea, bakarkakoan.
Fase honetan ez dago atsedenik, eta, beraz, puntukako ariketa amaitu eta segidan hasi dira bakarkakoarekin. Ordenak hala aginduta, Martin izan da aurrena kantatzen, eta ondotik inguratu dira mikrofonora Iguaran, Ibarzabal, Artetxe, Azpiroz eta Elustondo, hurrenez hurren. Txalometroaren goia jo du Ibarzabalek. «Egunero ordu erditik gora gidatu behar izaten duzu lanera joateko. Gaur ere, bidean zoazela, istripu larri bat ikusi duzu», gaia. Ordezkapenak han eta hemen egiten ari den irakasle baten rolean abiatu da, eta lehen bertsotik konektatu du parean izan dituen bertsozaleekin —«istripuai ihes egin/ rotonda borobiletik/ heriotzak gidatzen du/ nire ondoko karriletik»—. Izan ere, 1.500dik gora lagunetatik, zenbat izango ote dira irakasle? Ibarzabal onik iritsi da eskolara, eta handik kantatu du azken bertsoa: «Amari idatzi diot/ goiz guztietan bezela/ euria ari duen arren/ ondo iritsi naizela». Jendea ufa!-ka, azala oilo-larrututa.Â
Gominola paketeei azken hondarra gelditzen zaienean hasi da hamarreko txikia. Egiten duten programa telebistara pasatzeko proposamena jaso duten bi irrati esatari izan dira Martin eta Artetxe; Iguaran eta Elustondo, berriz, taberna bereko bi langile; eta Ibarzabal eta Azpiroz, adineko bikote bat. Ibarzabalek leku beroago batean pasatu nahi du negua, baina Azpirozek bilobekin egon nahi du —«Nerea, egin nahi diet/ bilobei jaramon/ bokadilloa hartuta/ aitona guai ta on/ nire seme-alabekin/ ez bainintzen egon»—. Zakukada bat txalo jaso dute bueltan.
19:19. Konturatzerako, Alkortak esku artean du epaimahaiaren akta. «Eibarko saioaren irabazlea, 740 punturekin, Nerea Ibarzabal Salegi». Emaitzak ez zuen jende asko harrituko, baina Ibarzabalek aurpegira eraman ditu bi eskuak, lasaitu ederra hartu izan balu bezala. Igurtzi goxoak jaso ditu ezker-eskuin, eta hark bueltan banatu ditu.
Han doaz kiniela asmatutakoak eta asmatu gabekoak, autora bueltan, aditutakoen gaineko iritziak trukatuz.