Autotik jaitsi, eta ezagun batekin topo egin, bestea agurtu, han non diren epaileak, gai jartzaileak, zaleak... Aretora sartu, eta milaka aulki daude, jende andana, kazetariak, fokuak, eta oholtza bat: oholtza handi bat. «Txapelketako saio batean kantatu behar duena bete-betean joaten da horra, eta giro horrek bete-betean irensten du», dio Igor Elortzak. «Eta saioa amaitutakoan?», kazetariak. «Saioa amaitutakoan, panp! Kolpez eteten da dena... Zelanbait esanda, saioan kantatzeko ate handitik sartu dena ate txikitik ateratzen da, eta, ondo edo txarto atera, bere autoan sartuko da, eta hor joango da bere eguneroko zereginetara».
Bertsolariek orduak eta orduak pasatzen dituzte autoan, gotor izaten dute askotan, hala saioetara joaneko bidaian nola itzulerakoan. Elortzak 25 urterekin atera zuen gidabaimena, eta ordurako bi aldiz egona zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Hendaian (Lapurdi) egin zuen lehen saioa, eta Eibarren (Gipuzkoa) hurrena. «Ez dut ondo gogoratzen bidaia horiek norekin egin nituen, baina Unai Iturriagarekin, adibidez, askotan joaten nintzen autoan, kuadrillakoren batekin ere bai, noiz edo noiz aitak ere eramango ninduen...». Jon Maiak, berriz, 30 urterekin gidatu ahal izan zuen lehenengoz, eta ordura arte lagun, bertsokide, senide eta auzo ugarik egin zizkion txofer lanak. «Gidabaimena atera nuenean, egun-pasa handi bat antolatu nuen haiekin, eta hainbat bertsokiderekin. Zumaian elkartu ginen, arraunean egin genuen, olagarroa jan... Hamabi urtez antolatu genuen horrelako egun-pasa bat».
«Unai Iturriagarekin egiten nituen saioetara joateko bidaia asko; ondo zekien kalkulatzen noraino luza zezakeen elkarrizketa, noiz komeni zen isilik egotea...»
Bertsolaria
IGOR ELORTZA
Elortzak urduri egiten zituen txapelketako saioetarako autoko bidaiak, nahiz eta eskarmentuak lagundu izan dion egoera kontrolatzen. «Bertsolari bat saio baterako bidean dagoenean, oso kontzentratuta egoten da. Kantatuko duen agurra pentsatzen joan daiteke, bakarkakorako buruan darabilen doinua entseatzen... Bertsolari batzuk gehiago estutuko dira besteak baino, baina ez dut uste inor txapelketako saioetara lasai joaten denik autoan».
Maiak dio bidaia «bereziak» izaten zirela beretzat: «Bertsolariok buru egoera onenean iritsi nahi izaten dugu saiora, dena kontrolpean eduki, eta batzuetan obsesiboa ere bihurtzen da dena kontrolpean eduki nahi izate hori. Burua oso sorgina da: urtebetez aritu gaitezke txapelketarako prestatzen, baina bezperan gaizki lo egiteak edo saiora bidean kontrolpean ez genuen zerbait gertatzeak eragina izan dezake bertsotan». Behin, adibidez, 2017an, bere azken txapelketako lehen finalaurrekora bidean, istripua izan zuen Maiak. «Denbora beti oso neurtuta eramaten nuen, denboraz iristeko, baina goizegi iristea ere ez zitzaidan gustatzen. Etxetik atera berri nengoela, kotxea irauli nuen aldapan behera, beste baten kontra jota. Eraman ninduten saiora azkenean, shock egoeran iritsi nintzen, eta prestatuta neraman agurrak, adibidez, zentzu guztia galdu zuen nire barnean. Oso puntu gutxigatik gelditu nintzen finaletik kanpo; beti gogoratuko naiz horrekin».Â
Bakarrik edo konpainian
Hala Elortzak nola Maiak nahiago izaten zuten saioetara haien autoan bakarrik joan, eta, bestela, txapelketako saio batean kantatzea ondo dakien norbaitekin. Elortzak gogoan du 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saioren batera Iturriagak eraman zuela bere autoan: «Normalean ez genuen irratia pizten, eta musika ere ez genuen jartzen. Ordurako Unaik utzia zuen txapelketa, baina harekin halako bidaia asko eginak nituen, konfiantza geneukan, eta ondo zekien kalkulatzen noraino luza zezakeen elkarrizketa, noiz komeni zen isilik egotea... ». Txapelketa nola doan, puntuazioa, aurreko asteko saioan izandako bertsoaldiren bat... halakoak izaten dituzte hizpide saioetara bidean. «Bai, noski, txapelketaz hitz egiten genuen, baina ez bidaia osoan. Beste gauza batzuei buruz ere aritzen ginen; txorakeriak esaten genituen, txisteak egin... Hala, pisua kentzen genien urduritasunari eta gehiegizko transzendentziari».Â
Maiak kontatu du bidaiak balio dezakeela berotzeko ere: «Ni joan izan naiz puntuka bertsokideren batekin txapelketako saio batera, eta bertso osoak kantatzen ere bai. Buruari hautsa kentzeko balio izaten zidan horrek. Zer moduz egin dugun lo, bezperan zer egin genuen, zergatik aukeratu dugun jantzita daramagun arropa... Horretaz ere hitz egiten genuen». Dioenez, saioetara bertsotan egin behar ez duen norbaitekin joateak badu abantailarik. «Kopilotuaren tokian joanda, behin saioa jokatuko den herrira iritsitakoan, autotik jaitsi eta aretora sartzea beste kezkarik ez du bertsolariak. Horrekin esan nahi dut ez duzula aparkaleku bila ibili beharrik. Txorakeria bat ematen du, baina, buruhauste bat gutxiago da momentu horretan, eta eskertzen da».
«Ni joan izan naiz puntuka bertsokideren batekin txapelketako saio batera, eta bertso osoak kantatzen ere bai. Buruari hautsa kentzeko balio izaten zidan horrek»
JON MAIA Bertsolaria
Bidaiak bakarrik egin izan dituztenean, bi bertsolariek eskertu izan dute kantatu behar duten herria haienetik ordu erdira-edo egotea. Elortza: «Denboratxo batez gidatu behar izateak ematen du bidaia psikologikoa egiteko denbora, egitera zoazena gorpuztekoa. Zure etxetik Euskal Herriari kantatzera zoaz, esposizio bat edukiko duen leku batera, eta horretarako mesedegarria izaten da denboratxo bat edukitzea etxetik saiora». Halako bidaietan musika jarri izan dute biek, baina Elortzak dio berak ez zuela kantu jakin bat jartzeko erriturik. Maiak La Polla Records aditu ohi zuen gehienetan, eta, bestela, Xabier Lete. «Egun horretan saiora neraman aldartearen arabera entzuten nuen bat edo beste».Â
Joaneko bidaietan, espektatiba asko izaten dira, anbizioak, ilusioa... baina baita ikara eta kezkak ere. Aretoko argiak itzaltzen direnean, baina, bertsolariek jokoan zuten guztia eginda izaten dute, eta puntuazioa da eguneroko zereginetara itzultzeko aldartea baldintzatzen duen gauza bakarra. «Saioa ondo ateratzen zitzaidanean, edozeinekin itzul nintekeen etxera, eta ni bakarrik ere primeran, baina, txarto ateratakoan, gertuko norbaitekin joaten nintzen ondoen, edo sentsazio hori zer den badakien norbaitekin», esan du Elortzak. «Unairekin askotan egin izan ditut itzulerako bidaiak, eta balio izaten zidan ondo egindakoari eta txarto egindakoari neurria hartzeko, gehiegi ez handitzeko eta txikitu ere ez txikitzeko».Â