Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Kultura
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa
Lehen aldiak utzitako arrastoaz
Andoni Rekondo eta Aner Peritz aurrenekoz ari dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Final-laurdenetan lortutako puntuek modua eman diete hurrengo fasera pasatzeko, eta aukera aprobetxatzeko gogoz dira.
Andoni Rekondo Izagirre eta Aner Peritz Manterola. BERRIA
«Gaur talde lana gako dugunez/ ta eskatzea zilegi/ bertsotan gustoz jardun nahi nuke/ ta luze amesten segi». Pixka baterako, behintzat, luzatu zaio ametsa Andoni Rekondo Izagirreri, Gotaine-Irabarneko saioan (Zuberoa) lortutako 660 puntuek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehen itzulira eraman baitute. Aurreneko aldia du txapelketa horretan, eta debutean lortu du hurrengo fasera pasatzea. «Oso pozik» dago horregatik. «Denek esaten zidaten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa oso desberdina dela, berezia... Aurrera egiteko aukera izan dut, gutxienez beste saio batean kantatzekoa, beste pixka bat gozatzekoa... Oso pozik nago, lasaitua hartuta».
Gotaine-Irabarneko saioa amaitutakoan, zera zioen Rekondok, oholtzan burua ez zuela «nahi bezain argi» izan. Orain, baina, adiskidetzen hasia da egun hartan egindako lanarekin: «Txapelketetan, Gipuzkoakoa zen nire esperientzia bakarra, eta Gotaineko saioan nabaritu nuen esperientzia horrek balio izan zidala gauza asko ikasteko. Saio gorabeheratsua egin nuen Gotainen, ez nuen ariketa guztietan asmatu, baina uste dut eutsi egin niola ariketa gehientsuenetan, eta batzuetan eutsi baino gehixeago ere bai».
Aner Peritz Manterola ere lehen aldiz ari da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Lekeition (Bizkaia) jokatu zuen final-laurdena, eta esan du tentsioz bizi izan zuela saioa, giroa ere halakoxea zelako, baina, azkenerako lortu zuela askatzea eta gustura kantatzea. «Puntu erantzunetatik aurrera neure buruari eskatu nion gelditzeko, beste jarrera batekin egon nahi nuen eta, beste gorputzaldi batekin. Hortik aurrera nahiko gustura gelditu nintzen, bai ariketa horretan, bai hamarreko txikian eta bai bakarka».
«Oraingoan jendeak pentsatuko du ez garela hutsetik hasten, eta egia da, ez gara hutsetik hasten»
ANER PERITZ MANTEROLA Bertsolaria
Rekondo, berriz, Gotaine-Irabarnen zortziko handian egindako lanarekin dago pozik. «Esango nuke ariketa horretan atera zitzaizkidala erantzun borobilenak. Nire posizioa defendatzeko nahiko bide argia ikusi nuen». Zortziko txikian, aldiz, kideak eta berak ez zuten elkarrizketa erabat borobiltzerik lortu, esan duenez.
Estua zen hurrengo fasera pasatzeko inbutua. Puntuazioari esker sailkatu dira biak: Peritz bigarren postuan eta Rekondo hamargarrenean. Agurainen (Araba) jokatu zen azken kanporaketa, eta hura amaitutakoan jakin zuten finalaurrekoetan kantatuko zutela. «Aguraingo saioaren aurretik eginak nituen matematikak», dio Peritzek. «Sailkapenean, bigarrena nintzen puntuazioaren arabera, eta banekien bigarrenak eta hirugarrenak Gernikan [Bizkaia] kantatu beharko zutela. Pentsatu nuen han kantatzea izan zitekeela aukera bat».
Rekondok ere eginak zituen matematikak: 660 puntu eskuratu zituen azken-aurreko final-laurdenean, eta kalkulatua zuen, finalaurrekoetatik kanpo gelditzeko, Aguraingo saioan irabazleak eta beste lau bertsolarik lortu behar zutela berak baino puntuazio handiagoa. «Nire saioa amaitutakoan, jendeak zoriondu egin ninduen, gainerako saioetako puntuazioa ikusita ziurtzat jotzen baitzuten ni finalaurrekoetan sartzea». Bertatik bertara ikusi eta entzun zuen Aguraingoa. «Nire bizitzako arratsalde estuenetako bat izango zen. Ikusten nuen Nerea [Elustondo], Agin [Laburu], Azpi [Asier Azpiroz]... oso ondo ari zirela, ez zutela huts nabarmenik egiten, eta, noski, onena desio nien. Baina, bakoitzaren puntuak esaten hasi zirenean, estutu egin nintzen: Nereak puntu dezente lortu zituen, Azpik 663, Agin ere nire gainetik... Gotainen baino okerrago pasatu nuen Agurainen».
Gipuzkoakoan ikasiak
Orain bi urte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ere lehenengoz aritu ziren biak, bai eta finalera iritsi ere. Esan dute eskarmentu hark lagundu diela, batetik, oholtzan egoteko jarrera lantzen, eta, bestetik, ordura arte kontrolpean ez zituzten gauza asko kontrolpean edukitzen. Peritz: «Gipuzkoako finalean sentitzen nuen ez nuela galtzeko ezer, gazteena nintzela eta leku onean nengoela han kantatzeko... Baina pentsatzen dut finalean kantatu izanak eragina izango duela Euskal Herrikoan. Oraingoan jendeak pentsatuko du ez garela hutsetik hasten, eta egia da, ez gara hutsetik hasten».
Rekondok dio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak asko lagundu diola oholtzan egoteko tenplea lantzen, baina iruditzen zaio desberdinak direla txapelketa bat eta bestea. «Gipuzkoakoa esperientzia berria zen niretzat, iruditzen zitzaidan olatuak eramaten ninduela. Baina geroztik egin ditudan plazei esker, egoera kontrolatzen ikasi dut pixkanaka, oinak lurrean edukita kantatzen».
Gipuzkoako finala izan zuten txapelketa batean aritu ziren azken aldia. Geroztik, oholtzan egoteko jarrera lantzen aritu da Peritz. «Entrenatzen-eta ez naiz hainbeste ibili, ez behintzat eguneroko errutinan. Ez dut arreta gauza bakar batean jarri, gehiago aritu naiz neure burua oholtzarako prestatzen eta esaten gai naizela, prest nagoela».
«Gozatu ere egin nahi dut, uste baitut bertsolariak gozatzen duenean ematen duela onena»
ANDONI REKONDO IZAGIRREBertsolaria
Rekondo ere aritu da lan horretan, baina, zerbait landu badu, bakarkako lana landu du. «Gipuzkoakorako, bertso eskolan ofiziotan entrenatzen aritu ginen batez ere, elkarri erantzuten, erreflexuak lantzen, eta sumatu nuen bakarkakoa gehiago landu beharra nuela. Oraingoan gogoa nuen bakarkakorako motibatzen ninduten doinu bat eta neurri bat aukeratzeko, ariketa horretan trebatu, errimategia findu eta egindako lanaren emaitza jendeari erakusteko».
Hala Peritzek nola Rekondok «gozatzera» joan nahi dute finalaurrekoen lehen itzulira, puntuei askorik begiratu gabe, «bertsotan egitera». Peritzek Lekeitioko saiokoaz bestelako irudipenarekin bukatu nahiko luke Gernikakoa. «Gustura gelditu nahi dut neure buruarekin, eta horretarako aprobetxatu nahi dut aukera». Rekondok, berriz, finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioan kantatuko du. «Argi daukat zer saio mota den, zer tentsio egongo den... Baina, saio ahalik eta onena egin nahiko nuke zentzu guztietan, nire estiloa zein den erakutsi. Gozatu ere egin nahi dut, uste baitut bertsolariak gozatzen duenean ematen duela onena».
Gaur, Lekunberrin
Harrera ona izan dute kanporaketek. Are, sarrera guztiak saldu dira zenbaitetan. Gaurtik abenduaren 5era bitartean, larunbatero jokatuko dira finalaurrekoak: Lekunberrin (Nafarroa), Eibarren (Gipuzkoa), Gernikan eta Miarritzen izango dira lehen itzuliko saioak. Bigarren itzulikoak, berriz, azaroaren 21etik abenduaren 5era egingo dituzte, Donostian, Gasteizen eta Bilbon.
Gaur Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Gorka Pagonabarraga, Saioa Alkaiza, Xabat Galletebeitia eta Xabat Illarregi arituko dira kantuan Lekunberrin, eta gai emaile Aizpea Garmendia izango da.
42 lagunek hasi zuten txapelketa final-laurdenetan, eta horietatik hamazazpi sailkatu dira finalaurrekoen lehen itzulirako. Horiei zazpi bertsolari batuko zaizkie orain; hain justu, 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zutenak: Arzallus, Gaztelumendi, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi eta Sustrai Colina.
Hemezortzi bertsolarik izango dute bigarren itzulira sailkatzeko aukera: lehen itzuliko lau irabazleak zuzenean, eta beste hamalau puntuazioaren arabera. Behin horiek ere bukatuta, zazpi finalista sailkatuko dira abenduaren 20ko final handirako, eta Maialen Lujanbio, hau da, 2022ko Euskal Herriko bertsolari txapelduna izango dute zain Iruñeko Nafarroa Arenan.
Final-laurdenekin alderatuta, bi lan ezberdin izango dira finalaurrekoen lehen itzulian: puntukako ariketa eta banakakoa. Puntutan, launa bertso osatuko dituzte, zortziko txikian. Banakako ariketan, berriz, hiru, bertsolariek nahi duten doinuan eta neurrian.
AMETS ARZALLUS ANTIA
2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean izan zen, eta, horri esker, zuzenean gorde zioten eserlekua aurtengo txapelketako finalaurrekoetarako. Aurtengoa zazpigarren aldia du txapelketan.
beñat gaztelumendi arandia
Finalista izan zen orain lau urteko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan; horregatik batuko da aurtengo txapelketara finalaurrekoetan. Bosgarrenez kantatuko du txapelketan.
gorka pagonabarraga agorria
Bigarren aldia du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Lehen fasean bildutako 663 puntuei esker sailkatu da finalaurrekoen lehen itzulirako. Hamarreko txikian lortu zuen puntu gehien.
saioa alkaiza guallar
Donapaleuko (Nafarroa Beherea) saioa irabazita, zuzenean sailkatu zen finalaurrekoen lehen itzulirako. Bigarrenez ari da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan.
xabat galletebeitia abaroa
Hirugarren egin zuen Hazparneko kanporaketan. Han lortutako 672 puntuek eman diote finalaurrekoen lehen itzulian kantatzeko aukera. Hamarreko txikian bildu zuen puntu gehien.
XABAT ILLARREGI MARZOL
Orain dela bi aste jokatu zuen final-laurdena, Gotaine-Irabarnen. Han irabazi izanak eman dio finalaurrekoen lehen itzulira zuzenean sailkatzeko modua. Aurtengoa bigarren aldia du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan.