Geroz eta hurbilago dauka Juio Sotok (Gorriti, Nafarroa, 1987) Iruñea: Tolosatik (Gipuzkoa) abiatu zen atzo, eta Lekunberrirako (Nafarroa) bidea hartu du orain. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bosgarren saioa irabazi zuen atzo, eta oraindik ere saio gehiago beharko ditu barnean gordea duen guztia erakusteko. Digestioa eginda, «pozik» dago atzo ondutako lanarekin.
Seigarren zenbakia atera zitzaizun zozketan. Saioa hasteko, berri ona edo txarra izan zen?
Normalean lehendabiziko tokia da gustatzen ez zaiguna, baina ni saiatzen naiz pozik egoten eta zenbaki guztiei beren alde onak ikusten. Nire bizitzan zehar eta txapelketan bereziki, askotan tokatu zait azkena izatea, besterik gabe, eta uste dut ikasi dudala hor ondo egoten.
Zortziko handian gainerako bikoteei baino gai mamitsuagoa tokatu zitzaizuen Servierri eta zuri: bi anaia izan zineten, eta zuen ama, berriz, gaztetan torturatua. Halako gai batek laguntzen du bertsoa ailegatzen?
Zoritxarrez, mami handia dauka gaiak, eta zerbait ukitzen du bai bertsolariengan eta bai bertsozaleengan. Sentiberatasun hori dagoenean, bertsoak ere pisu gehigarri bat hartzen du, baina ni oso gustura aritu nintzen, gaia asko gustatu zitzaidalako eta oso erreala egin zitzaidalako.
Hurrengo ariketa, zortziko txikikoa, saioko ariketa txalotuenetako bat izan zen. Aise aritu zinen umorea egiten?
Nahiko eroso sentitu nintzen. Egia da gai oso ona tokatu zitzaigula, eta pixka bat asmatuz gero lehertzeko moduko tematika eta publikoa zegoela. Haizea alde izan genuen horrekin, eta uste dut Mendiburuk eta biek jakin genuela asmatzen. Baina ez horrekin bakarrik; esango nuke nahiko zorte oneko sentitu nintzela oro har tokatu zitzaizkidan gai guztiekin.
Puntu erantzunak ez dira hain maitatuak bertsolarien artean; halere, fin eta agudo aritu zinen zu. Nola moldatzen zara ariketa horretan?
Asko gustatzen zait ariketa hori, nahiz eta onartuta daukadan beti ez dela ariketa borobila ateratzen. Bertsolari askori halako errezeloa pizten die, baina niri iruditzen zait oso niretzako moduko ariketa dela; beti sentitu naiz eroso.
Mezu sakonak ez ziren zortziko handian gertatu, hamarreko txikian ere halatsu ibili behar izan baitzenuen, Bartrarekin batera, Tolosako plazan erretzen ari ziren liburuei begira. Halako gaiek zer lanketa eskatzen dute aurretiaz?
Gai horrek bi hari mutur zeuzkan: Tolosako gertakizun bat zela, eta gure herrian gertatutakoei buruzko hausnarketa orokorrago bat zela. Alegia, bertsolariak txapelketan ere jaialdietan egiten duen ariketa bera egin behar du: kantatuko duen herriko errealitateak ezagutu, eta haietara egokitu. Ez da gauza bera Tolosan kantatu edo Altsasun [Nafarroa], eta txapelketan badirudi pixka bat homogeneoagoa dela dena, eta gaiak berdin behar duela izan Tolosan edo Altsasun, baina nire ustez ezin da gauza bera izan, eta bertsolariok egokitu egin behar dugu gauden tokira. Eta bestea, hausnarketa orokorragoarena, urteek ematen duten zerbait da. Frankismoa, zentsura eta euskal liburuen erretzea-eta nahiko eginda dauzkagun gaiak dira, eta horrek, betiere, laguntzen du segurtasunez eta mamitsu kantatzen. Oihanak kolore batetik hartu zuen gaia, eta ni kontrapuntu pixka bat egiten ahalegindu nintzen, gehiago zentratuta gaur egungo idazleetan.
«Bakarkako gaia entzun nuenean berehala etorri zitzaidan ideia hori, eta pozik nago, batez ere, gogoa nuelako baserritarrei kantatzeko eta erreleboa hartzearen kontu hori oholtzaratzeko»
Argi zenuen, aukera izanez gero behintzat, ahaleginduko zinela bakarkako lana Tolosan kokatzen?
Tolosa, zorionez, oso gertukoa zaidan herria da, eta askotan jaisten gara Gorrititik Berdura plazara erosketak egitera. Esan nahi dut, burutan baneraman halako zerbait kantatzea, baina ez zehazki bakarkakoan. Ez dakizu sekula zer eta noiz egin, baina espresuki nahi nuen Tolosan kokatuta egon. Bakarkako gaia entzun nuenean berehala etorri zitzaidan ideia hori, eta pozik nago, batez ere, gogoa nuelako baserritarrei kantatzeko eta erreleboa hartzearen kontu hori oholtzaratzeko.
Kosta egin zitzaizun historia xehetasunez jostea?
Argi ikusi nuen alaba izango zela nire erreleboa hartuko zuena, eta ni baserritarra nintzela, halabeharrez tokatua zitzaiona baserrian geratzea. Ni, bertsolaria izateaz gain, baserritarra naiz, eta tematika oso ezaguna egiten zitzaidan. Alegia, ez nuen tiraka eta bilaka aritu beharrik izan, datu horiek guztiak buruan neuzkalako. Beste batzuetan lana handiagoa izaten da, gugandik urrutiago dauden gaiak hautatzen ditugunean. Eta hain zuzen ere horregatik iruditzen zait gaur, astelehenetik begiratuta, gehiago eska niezaiokeela neure buruari, baina ariketa guztia kontuan hartuta pozik eta lasai nago egindakoarekin.
Zer egin zenuen ganbaran, kantatzera atera zinen arte?
Aldarte oneko eguna egokitu zitzaidan, nahiz eta bezperak oso urduri pasatu nituen. Sentsazio onekin joan nintzen ganbarara, eta saiatu nintzen burua pixka bat isiltzen. Bertsorik ez pentsatu eta deskantsatu, horixe zen egin nahi nuena. Azken hogei minutuetara arte halaxe egon nintzen, eta gero berriz ere burua aktibatzeari ekin nion. Bertsoak burutan ibili, beroketa lana egin, eta oholtzara. Gainera, urruti zegoen ganbara, tartean bi pisu zeuden, eta eskailera pila bat. Bidea nahiko luzea egiten da horrelakoetan, eta hura ere mantso egin behar izaten da, gauza guztiak ongi neurtu eta kudeatu behar direlako.
Argazki orokorreko puntuazioa ez zen hagitz altua izan. Nola ikusi zenituen bertsokideak, eta nola sentitu zineten oholtzan?
Oso presente izan genuen Jone Uriaren falta. Oso bertsolari maitatua da Jone, eta halabeharrez aurten ezin izan dugu berarekin kantatu. Saioak berezitasun hori zuen hasi aurretik ere, eta haren falta handia sumatu zen saioan, nahiz eta Unai egoteak sekulako poza eman zigun. Alegia, talde giro oso goxoa izan genuen, lagunkoia eta energia goxokoa. Bertsotara hainbestetan ekartzen dugun zaintza hori denoi dagokigu, eta uste dut atzo bezalako egun batean ongi asmatu genuela ondokoa zaintzen.
Azaroaren 14ra arte ez zara txapelketan ariko; zer eginen duzu hura iritsi bitartean?
Tartea oso luzea da, sei aste, eta txapelketako aste bakoitzak iraupen bikoitza izaten du. Orain atseden egun batzuk hartuko ditut, eta gero kudeatzen ahaleginduko naiz bertsoak eta txapelketak eskatzen duten lana. Mimoz eta tentuz segitu nahi dut txapelketa prestatzen.