«Inertzi zaharren beldurrez baina/ oihartzun berriei hoska». Oier Etxeberria Zubimendi bertsolariak (Azpeitia, 1997) larunbatean kantatu zuen lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, Altsasuko kanporaketan (Nafarroa). Bai eta irabazi ere. Pozarren dago, azaroaren 14an Miarritzen kantatzeko ilusio handiz.
Altsasuko saioan kantatu zenuen larunbatean. Zer moduz zaude?
Astea lanean hasita; ziur asko, zapatuan saioa aditzen egon ziren laurehun lagunak bezalaxe. Badirudi asteburuko saioaren egunak munduko egunik inportanteena izan behar duela, baina astelehenean denak bere lekuan jarraitzen du.
Zer gorputzaldi izan zenuen oholtzan?
Eroso egon nintzen, baina alde handia dago eroso egotetik saio on bat egitera. Egia da, jendaurrera atera behar izaten dugunero bezala, beldurrez joan nintzela, pixka bat kezkatuta. Baina, egia esan, gero lortu nuen eroso egotea eta eroso kantatzea.
«Txapelketa lau urtetik behin izaten da, eta ezin ditugu lau urte hari begira pasatu»
Eta, aurkezleak saioko irabazlea zu zinela esan zuenean, zer pentsatu zenuen?
Poztu nintzen, noski. Baina, ni izan nintzen bezala, izan zitekeen Korta bera ere —Eneko Araiztegi—, edo beste edozein. Aurkezleak beste norbaiten izena esaten duenean, erlatibizatu ohi dugu; beraz, uste dut norberaren izena esaten duenean ere gauza bera egin behar dugula.
Aurrenekoz ari zara Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Nola ari zara bizitzen entrenamenduak, jendaurreko presioa...?
Iruditzen zait Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari ematen zaiola halako oihartzun bat... Noski, horrek gauza oso onak ekar ditzake, baina egoera testuingurutik ateratzeko arriskua ere ikusten diot. Entrenamenduei dagokienez, nik ez daukat inguruko jende asko asteroko bertso eskoletako dinamikan jardun ahal izateko. Herrialdeetako txapelketetan bestela izaten da hori, errazagoa delako norberaren inguru geografikoko bertsolariekin entrenatzea. Euskal Herrikoan sakabanatuago gaudenez, zaildu egiten da hori. Nolabait esateko, fabore eske aritu beharra dago, gehiago mugitu beharra izaten dugu bertso eskolak egiteko garaian.
2024ko Gipuzkoako txapelketan Oiartzungo finalaurrekorako sailkatu zinen. Entrenatzen aritu al zara bi urte hauetan?
Txapelketa lau urtetik behin izaten da, eta ezin ditugu lau urte hari begira pasatu. Azken batean, bertsotan gutxi gorabehera egiten dakienarentzat, txapelketa lau urtetik behin izaten da, baina bizpahiru ordu besterik ez du irauten: saio batera edo bitara joan, eta kalera. Normalean hala izan da. Orduan, tarte horretan entrenatu eta entrenatu aritzea? Nik ez dut mentalitate horrekin hartzen. Plazan presentzia esanguratsua daukan jendea dabil txapelketan, baina nire kasua ez da hori, eta uste dut agerikoa dela.
«Inertzi zaharren beldurrez, oihartzun berriei hoska» ari zinela kantatu zenuen lehen agurrean. Zer esan nahi izan zenuen horrekin?
Gipuzkoako txapelketan Oiartzunen kantatu nuen azken saioa, eta oso oroitzapen goxoa gelditu zitzaidan, oso plaza ederra iruditu zitzaidalako. Oiartzungoaren moduko plaza ederrak etor daitezela, horixe esan nahi izan nuen, nolabait. Gainera, oihartzuna oso elementu metaforikoa da, bueltan datorren zerbait irudikatzen baitu, eta hitz joko hori egin nahi nuen, Oiartzunen eta oihartzunaren artekoa.
«Miarritzen jende gehiago izango da agian, eta beldur pixka bat ematen du, bertigoa, bertsotan oso ondo egiten duen jendea egongo delako eta dimentsio handia hartzen duelako»
Puntuei erreparatuta, hamarreko txikian aritu zinen ongien, Kortarekin. Zu ere ariketa horretan sentitu zinen gusturen?
Agian bai. Pare bat gauza ondo egin nituen irudipena gelditu zitzaidan. Oso gai lokala zen, bi altsasuarren larrutik kantatu behar izan baikenuen, eta iruditzen zait halakoek izaera handia ematen diotela saioari.
Miarritzen kantatuko duzu, azaroaren 14an. Nola begiratzen diozu egun horri?
Ilusio handiz eta pozez. Altsasun laurehun-bostehun lagun zeuden publikoan; hainbeste jenderen aurrean kantatu izan dugun saioak esku bakarreko hatzekin kontatu daitezke. Miarritzen jende gehiago izango da agian, eta beldur pixka bat ematen du, bertigoa, bertsotan oso ondo egiten duen jendea egongo delako eta dimentsio handia hartzen duelako. Nire esku dagoena egingo dut Miarritzen, eta, bitartean, ahalik eta kontzentratuen egoten saiatuko naiz.