Badago kontu bat bertsoa bera baino gehiago komentatzen dena txapelketako bertso saio baten ondotik. Ez dira gaiak, ez da giroa, ez da zenbat gradu zeuden kiroldegian. Puntuazioa da. Batzuk ados daudelako, bertze batzuk ez daudelako ados, eta bertzeren batek azken emaitza ulertzen ez duelako, ziur puntuazioa izanen dela etxerako bidean aterako diren solasgaietako bat. Bertsozale Elkarteak zazpi saiotan banatu zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen fasea, eta iraganak dira zazpiak; irailaren 19an hasi, eta joan den igandean akabatu ziren. Zazpi saio 630 bertso dira, 91 gai, 42 bertsolari, eta zazpi gai emaile. Epaileek, den-denera eta saio guztiak kontuan hartuta, 27.313 puntu banatu dituzte.Â
Baina epaimahaiak ez die puntuazio bera eman saio guztiei: gehien puntuatu duten saioaren eta gutxien puntuatu dutenaren artean 127 punturen aldea dago. Lekeitioko (Bizkaia) saioak lortu zuen daturik handiena, 3.975,5 puntu, sei bertsolarien hamabortz bertsoen puntuak gehituta. Bigarren postuan Hazparneko saioa dago (Lapurdi), 3.929 puntu banatu baitzituzten han, eta lau puntu eskasera, berriz, saio puntuatuenetan hirugarrena, Aguraingoa (Araba): 3.925 puntu. Laugarren postuan, Altsasu (Nafarroa): han 3.903.5 puntu eman zituzten. Eta azken biak Donapaleu (Baxenabarre) eta Gotaine-Irabarne (Zuberoa): 3.853 puntu Donapaleun eta 3.849,5 Gotaine-Irabarnen.Â
Ariketaren araberako batuketa eginda, berriz, bertzelakoak dira datuak. Hauek dira bertsolariek lehen fasean egin behar izan dituzten ariketak: zortziko handia, zortziko txikia, puntu erantzunak, hamarreko txikia eta ganbarako lana. Puntu gehien hamarreko txikian banatu dira; alegia, zazpi saioetako 42 bertsolariek egindako hamarreko txikiko ariketen emaitza batuta, 5.526,5 puntu banatu dituzte epaileek, eta puntu gehien Lekeitiotik iritsi ziren. Ariketarik puntuatuenetan bigarrena ganbarakoa izan da: 5.467,5 puntu —altuena, Lekeition—, eta, puntu erdiren aldearekin baizik ez, zortziko handia: 5.467 puntu —altuena, Altsasun—. Laugarren postuan, zortziko txikia: 5.433 puntu banatu dituzte epaileek, eta horietan gehien, Hazparnen. Puntu gutxien izan duen ariketa, azkenik, puntu erantzuna izan da, 5.417 puntu eman baitzituzten, eta Hazparnen zakuratu zuten ariketa horretan puntu gehien.Â
Izen bat ariketa bakoitzeko
Bertsolari bakar bat soilik izan da ariketa batean baino gehiagotan irabazteko gai: Miren Artetxe. Hark lortu du puntu gehien nola zortziko handian —Eneritz Artetxerekin batera— hala hamarreko txikian. Zortziko txikian nagusi Unai Mendiburu izan da; puntu erantzunetan, Saioa Alkaiza; eta ganbaran, Ane Labaka. Bakarkako ariketan, hamar puntu baino gutxiagora daude hurrengoak, Nerea Elustondo eta Aner Peritz.
Puntuazio orokorrik handiena ez ezik, lehen fase osoko ariketarik puntuatuena ere Lekeitioko bat izan zen: Labakaren ganbarako lana, 152 puntu lortuta. Hazparneko saioan, berriz, Miren Artetxeren hamarreko txikia gailendu zen (148), eta Altsasun ere ariketa bera, Oier Etxeberriaren hamarreko txikia (139). Donapaleun eta Agurainen, Lekeitiokoan nola, ganbarakoa izan zen ariketarik sarituena. Donapaleun, Saioa Alkaizarena (142), eta Agurainen, Nerea Elustondorena (147.5).
Kasu horietan guztietan saioaren irabazlearena izan da saioko ariketarik puntuatuena, baina ez zen hala gertatu Tolosan eta Gotaine-Irabarnen. Lehendabizikoan, 145 puntu bilduta, Unai Mendibururen zortziko txikia izan zen bertsoaldirik puntuatuena —bosgarren egin zuen—, eta bigarrenean, 139,5 puntu lortuta, Andoni Rekondoren zortziko handia —bigarren egin zuen—. Tolosako saioan, kurioski, Mendiburuk lortu zituen bi muturrak: altuen puntuatutako ariketa eta baxuen puntuatutakoa, ganbaran. Gotaine-Irabarnen ere ganbarakoak utzi zuen alerik baxuena.
Engainagarria da puntuazioarena: puntu zaku handiena saio bati eman izanak ez du erran nahi saio horretako irabazleak puntuazio handiagoa lortu duenik bertze saioetakoek baino. Erraterako, emaitza orokor handiena Lekeitiok lortuagatik, Hazparneko garaileak lortu zuen irabazleen artean puntu gehien: Miren Artetxek (709). Gainerako irabazleak hurrenkera honetan sailkatu ziren: Elustondo (696,5), Alkaiza (683), Julio Soto (683), Labaka (681), Xabat Illarregi (676,5), eta Oier Etxeberria (672,5).Â
Elkarren arteko arrakalak
Eta irabazleak bigarren sailkatuari atera dion aldea ere aldatuz joan da asteburutik asteburura. Faseko azken saioak utzi du arrakalarik handiena, Aguraingoak: 32,5 puntu atera zizkion Elustondok Gorka Pagonabarragari. Alderik txikiena, berriz, Lekeitioko saioan izan zen: bi punturena baizik ez. Hazparnen hemezortzi punturena, Altsasun hamahirurena, Donapaleun 10,5ena, Tolosan 31,5ena, eta, azkenik, Gotaine-Irabarnen, 16,5 punturena. Â
Orain bigarren fasera begira daude bertsolari eta bertsozale guztiak; bertzeak bertze, Hazparnetik sailkatutako hirurak, Altsasutik eta Tolosatik sailkatutako irabazleak, Donapaleuko eta Gotaine-Irabarneko aurreneko bi bertsolariak, eta Lekeitioko eta Aguraingo lehen laurak. Ea, ba, zenbat datu eta solasgai uzten dituzten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerdiek.
2022ko txapelketaren eta 2026koaren arteko zenbait alde
Orain lau urtekoa Bertsolari Txapelketa Nagusia zen, baina izenarena ez da aurtengo txapelketaren aldean duen desberdintasun bakarra. 2022ko txapelketaren lehen fasean, saiorik puntuatuena Durangokoa  izan zen (Bizkaia), eta epaimahaiak 4.105 puntu banatu zituen, aurtengo saiorik puntuatuenean baino 129,5 puntu gehiago. Donibane Garaziko saioa izan zen baxuen puntuatu zutena: 3.848 puntu; alegia, aurtengo saiorik baxuenari baino puntu eta erdi gutxiago eman zioten. Harrigarria bada ere, aurten puntu gutxien bildu duen ariketa izan zen duela lau urte puntu gehien batu zuena: puntu erantzuna. 2022an 3.235 puntu batu zituen orokorrean ariketa horrek, eta aurtengo hamarreko txikiak, altuenak, 5.526,5. Edonola ere, kontuan hartu behar da aurtengo finalaurrekoetan joan den txapelketan baino saio bat gehiago zegoela, eta horregatik dagoela halako tartea bi puntuazioen artean. Bide batez, 2022an ez zen bertsolari bakar bat ere errepikatu ariketa bakoitzeko garaipenean, eta aurten bitan izan da nagusi Miren Artetxe. Joan den txapelketan ere nagusitu zen Artetxe ariketa batean, zortziko txikian, baina aurten ez da ariketa berean izan: zortziko handian eta hamarreko txikian lortu du lehen itzuliko puntuaziorik onena. Aurtengo finalaurrekoetan, Ane Labakaren ganbarako lana izan da hobekien puntuatutako ariketa (152 puntu), eta hagitz hurbil geratu da aitzineko txapelketako ganbarako lan hoberenetik: 153,5 puntu lortu zituen Aitor Bizkarrak.Â
Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasean Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin izan ziren sailkapenaren buruan, 738na puntu lortuta. Aurten, Miren Artetxe dago aurren, 709 punturekin.
 Datu horiek hartuta, 2022ko txapelketako lehen fasean 573,5 izan zen puntuaziorik baxuena, eta aurten, berriz, 589,5.