«Ez al da iraultzailea/ batetik bestera/ Euskal Herria izena/ ibiltzea bera». Batetik bertzera dabil Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta harekin batera, bertsolariak eta bertsozaleak. Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991) nagusitu zen herenegun Donapaleun (Nafarroa Beherea), eta begi onez begiratzen du orain gibelera, egindako lanaz harro, eta gehiagorako gosez.
Epe laburrez bada ere, bolada batean ez da larunbateko kontzentrazio aurpegirik itzuliko, ezta?
Pozik iritsi nintzen, gorputzaldi onarekin, lanerako gogoz eta anbizioz, baina oso kontzentratuta. Neure buruari horixe nion esana: lanerako gogoz joan behar nuela, sortzera, irudikatzera eta fikzioa sortzera. Txapelketaren zati handi bat psikologikoki eustea izaten da. Ongi ateratzen denean errazagoa da, ikusten duzulako txisparen bat edo txinpartaren bat, baina ez zaizunean hain ongi ateratzen zaila da jarrera horri eustea. Erraza da esatea, baina nik argi neukan bertsoz bertso joan nahi nuela, bertso gosez nentorrela eta disfrutatu egin nahi nuela bertsoaldi bakoitzarekin.
Zortziko handian artzainen gorputzean aritu zineten Viñaspre eta biak. Gaiari buruzko kontzeptuak erabiltzea izan zen zure apustua?
Ilusio berezia egin zidan gaiak, gustatzen zaidalako laborari mundua eta gustatu zitzaidalako zer rol egokitu zitzaidan. Egia da neure burua ikusi egin nuela han, artzain, eta batzuetan bertsoa irudikatu egiten denean errazago ateratzen dela. Baina hori baino gehiago, nire apustua elkarrizketa osatzea izan zen. Nire pertsonaia defendatu baino gehiago, nabarmendu nahi nuen pertsona batekin ari nintzela lanean, ofizio bat zela, eta ahalegindu behar nuela Viñasprek zioena entzuten eta erantzuten.
Zortziko txikian ez zitzaizuen umorerik atera. Guztiz ez asmatzea da hori zuretzat?
Neure burua harritu nuen, normalean asko gozatzen baitut ariketa horrekin, eta eroso ateratzen baitzait umorea. Uste dut ez nuela ariketa ona egin, eta eseri nintzenean kontziente nintzen horretaz. Baina kontent nengoen hala ere, erabaki irmoa hartu nuelako jarrera kontrolatzen: «Bost ariketa dira, eta bat ez bada ongi joaten, beste laurak ongi joanen dira». Horixe pentsatu nuen.
Eta eman zenion buelta, bai, puntu erantzunetan bikain aritu baitzinen. Gustatzen zaizu ariketa hori?
Asko gustatzen zaizkit puntu erantzunak; iruditzen zait erabat beste genero bat direla. Hau da, ez dakit nola saldu, baina ez dauka zerikusirik ofizioekin, eta gustatzen zait eskatzen dituen kolpea eta gaurkotasuna.
Baina ariketa arriskutsua da hala ere, ezta?
Bada, bai, ofiziotan albokoa kantari ari den bitartean baduzulako pentsatzeko tarte bat, eta puntu erantzunetan denbora hori ikaragarri murrizten delako. Asko egin ditut bertso eskolan, eta izan daiteke hartua diodala neurria puntu erantzunei, edo ikasi dudala beldurrik ez izaten ariketari.
«Oso pozik geratu nintzen egindakoarekin, ez hainbeste jositako bertsoengatik, baizik eta erreflexuak izan nituelako momentuan bidea aldatzeko»
Hamarreko txikian gai delikatuagoa tokatu zitzaizun artzainena baino: bi abokatu izan zineten Iguaran eta zu, haurren kontrako sexu-indarkeria salaketez arduratzen zinetenak. Nola ibili zinen diskurtsoz?
Gustura gelditu nintzen ariketarekin, baina zail samarra zen. Hari mutur asko zeuzkan: batetik, pederastiaren gaia, eta, bestetik, abokatuak ginela, eta guk kobratu egiten genuela kasu horiek eramateagatik, nahiz eta kasu horiek ebatzi ez. Gaiak pisu handia du, biktimekin ari gara, eta uste dut bide egokia hartu genuela. Egia da gero, etxean, pentsatu izan dudala bazeudela beste bide batzuk ere, baina bertsolariok fikzioa egiten dugu, eta uste dut ulertu behar dela momentuak ahal diren bezala kudeatzen ditugula.
Hau zen ganbarako argazkia: zu kantuan, eta bertsokideak eta ikusleak zurekin irrika. Gutxitan aditzen da bakarkako lan bat ironiaz josia.
Maitasun istorio bat etorri zitzaidan burura, eta argi ikusi nuen oinarrizko bidea: nik ez nuela nahi bera joaterik, baina bazihoala, eta ni hantxe gelditu nintzela, nire penei begira. Banuen istorioa, baina asmatu behar nuen hori nola jantzi. Eta hasi nintzen lanean, eta ez dakit zer esan nuen bigarren bertsoan, baina ikusi nuen publikoa irrika ari zela.
«Baina bera da neska punki bat/ autonomi nabarmena/ dena harreman ireki dauka/ ta askatzeko ahalmena/ ni, romantika, eskatu diot/ arren, ez joan, morena».
Ez nuen umorerako biderik ireki nahita, baina jakin nuen plaza irakurtzen, eta hori esan orduko pentsatu nuen: «Umoreak funtzionatuko du». Errimak aukeratuta neuzkan, baina erabaki nuen bertsoa betetzerakoan umorera jotzea, eta hirugarren bertsoa kontzienteki hasi nuen ironiatik. Oso pozik geratu nintzen egindakoarekin, ez hainbeste jositako bertsoengatik, baizik eta erreflexuak izan nituelako momentuan bidea aldatzeko.
«Donapaleun lanketa egin nuen horren inguruan, informatu nintzen hango egoera soziopolitikoaz eta kulturalaz, eta gauza bera eginen dut Lekunberrirekin»
Eguzkiak urtzen du han goian doinuan kantatu zenuen. Nola izan da doinuaren hautaketa prozesua?
Buelta asko eman dizkiot doinuari, eta asko probatu ditut, bai berriak eta bai zaharrak. Lehendabiziko fasean gaiak irekiak izaten dira normalean, eta eskatzen dute istorioak hutsetik eraikitzea, eta horretarako espazioa behar da. Luzea izan zedin nahi nuen, eta pausatua. Polita izan da prozesua, eta pozik nago hautatutako doinuarekin; uste dut funtzionatzen duela eta lagungarri zaidala.
Zer egin zenuen ganbaran, hainbertze denboraz?
Lasai nentorren saiotik, eta erabaki nuen horri eutsi egingo niola. Ez nuen bertsorik pentsatu, besterik gabe egon egin nintzen. Bertsolariekin egon nintzen, jaten aritu nintzen, eta deskonektatu ere egin nuen. Hori posizioaren araberakoa da, eta nire posizioak modua ematen zuen horretarako.
Eta nola bizi izan zenuen oholtza seigarren eserlekutik?
Saio bat seikoteak osatzen du, eta guk bereziki seikote polita osatu genuen, asko zaindu zuena elkar eta asko entzun ziona elkarri. Oholtzara igo aurretik erabaki genuen elkarrizketak izango genituela ofizioetan, eta guztiok eginen genuela aurrera horrela. Erosoa izan zen niretzat, eta asko pozten naiz horregatik.
Zer landuko duzu, nagusiki, Lekunberrirako (Nafarroa)?
Txapelketak dirauen bitartean, irratia, egunkariak eta gutxi gorabehera ateratzen den guztia jarraitzen ahalegintzen naiz, inprobisatzea tokatzen zaigulako eta pentsamendu kritikoa garatzea gustatzen zaidalako. Eta, gainera, gustatzen zait tokian tokiko errealitatea ezagutzea. Donapaleun lanketa egin nuen horren inguruan, informatu nintzen hango egoera soziopolitikoaz eta kulturalaz, eta gauza bera eginen dut Lekunberrirekin.